I. IRAKURGAIA Eg 5, 12-16 Gero eta ugariago ziran Jaunari alkartzen jakozan fededunak, gizon eta emakume Apostoluen Eginak liburutik Mirari eta egintza harrigarri asko jazoten ziran herrian apostoluen eskuz. Fededun guztiak Salomonen aterpean batzen ziran gogo batez; baina beste inor ez zan hareekin alkartzera ausartzen, herriak goratzen bazituan ere. Gero eta ugariago ziran Jaunari alkartzen jakozan fededunak, gizon eta emakume. Gaixoak kaleetara ataratzen ebazan jendeak eta ohe nahiz ohatiletan ezarten ebezan, Pedro igarotean, honen kerizeak behinik behin hareetakoren bat edo beste ikutu egian. Jerusalem inguruko herrietatik ere jende-talde handiak etorri ohi ziran, gaixoak eta espiritu gaiztoen menpe egozanak ekarriz, eta osatu egiten ziran guztiak. ERANTZUN SALMOA Sal 117, 2-4. 22-24. 25-27ab R/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta, haren maitasuna betikoa da-eta. edo Aleluia Israel etxeak hau esan dagiala: «Haren maitasuna betikoa». Aaron etxeak hau esan dagiala: «Haren maitasuna betikoa». Esan begie Jaunaren bildur direnek: «Haren maitasuna betikoa». R/. Etxegileek baztertutako harria, berori bihurtu giltzarri. Jaunak egin dau hori, gure begien harrigarri. Hau da Jaunak egin dauan eguna, gu pozteko eta alaitzeko eguna.. R/. Emon, Jauna, salbamena, emon, Jauna, zoriona. Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena, bedeinkatzen zaituegu Jaunaren etxean. Jainkoa da Jauna, guri argi egin deuskuna. R/. II. IRAKURGAIA Ap 1, 9-11a. 12-13. 17-19 Hilik egon nintzan, baina orain bizirik nago gizaldien gizaldietan. Apokalipsia liburutik Ni, Joan, zuen anaia eta Jesusen maitasunagaitik atsekabean, erreinuan eta itxaropen iraunkorrean kideko nazan hau, Patmos deritzon uhartean nengoan erbesteratuta Jainkoaren berbeagaitik eta Jesusen testigantza emoteagaitik. Jaunaren egunean Espirituak hartu ninduan eta neure ostean ahots handia entzun neban, turuta-hotsa lakoa. Hau inoan: “Idatzi egizu liburu batean ikusiko dozuna, eta bialdu Asiako eliz alkarteetara”. Bihurtu nintzan berba egiten eustan ahots ha norena ete zan ikusteko eta, bihurtzean, urrezko zazpi argimutil ikusi nebazan, eta hareen erdian gizaseme antzeko bat, soineko luzez jantzita eta bularraldea urrezko uhalez lotuta. Ha ikustean, hilda lez jausi nintzan haren oinetara. Harek eskumako eskua gainean jarri eustan, esanez: “Ez izan bildurrik! Neu naz lehena eta azkena, bizi dana; hilik egon nintzan, baina orain bizirik nago gizaldien gizaldietan, eta neure esku ditut heriotzearen eta Hilen Egoitzaren giltzak. Idatzi egizu, bada, ikusi dozuna: orain dana eta gero izango dana”. EBANJELIOA Jn 20, 19-31 Aleluia Jn 20,29 R/. Aleluia. V/. Ikusi nozulako sinistu dozu? –dino Jaunak--; zorionekoak, ikusi barik sinisten dabenak. R/. Handik zortzi egunera barriro agertu jaken Jesus. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Astearen lehenengo egunean, ilunabarrean, etxe batean baturik egozan ikasleak, ateak itxita, juduen bildurrez. Sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, esan eutsen: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Ikasleak pozez bete ziran, Jauna ikustean. Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuei. Aitak Ni bialdu nauan lez, Nik zuek bialtzen zaituet». Eta hareen gainera arnasea botaz, esan eutsen: «Hartu egizue Espiritu Santua. Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatu egingo deutsez Jainkoak ere; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse». Tomas, Hamabietako bat, Bikia eritzona, ez egoan hareekin Jesus etorri zanean. Beste ikasleek esan eutsoen: «Jauna ikusi dogu». Tomasek erantzun eutsen: «Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren untze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dot sinistuko». Handik zortzi egunera, etxean egozan barriro ikasleak, eta Tomas ere hareekin zan. Sartu zan Jesus, ateak itxirik egozala, eta erdian jarririk esan eutsen: «Bakea zuei». Gero esan eutson Tomasi: «Ekarri atzamarra, begiratu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinisgogor, sinistedun baino». Tomasek erantzun eutson: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!» Jesusek esan eutson: «Ikusi nozulako sinistu al dozu? Zorionekoak ikusi barik sinisten dabenak». Beste ezaugarri asko ere egin ebazan Jesusek ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez dagozanak; hemen idatziak Jesus Mesias, Jainkoaren Semea, dala sinistu dagizuen idatzi dira eta, sinistuz, haren izenean bizia izan dagizuen.