GARIZUMAKO V. ZAPATUA I. IRAKURGAIA Ez 37, 21-28 Herri bakar bihurtuko ditut euren lurraldean Ezekiel Profetearen liburutik Honan berba egiten dau Jaunak: «Erbesteraturik joan ziraneko nazinoen artetik hartuko ditut israeldarrak; alde guztietatik batu eta euren lurraldera ekarriko ditut; herri bakar bihurtuko ditut euren lurraldean, Israelgo mendietan, eta errege bakarra izango dabe guztiek. Ez dira gehiago herri bi izango, ezta erreinu bitan bananduko ere. Ez dira gehiago euren idolatria higuingarriaz eta euren gaiztakeriez kutsatuko. Errudun bihurtu dituan desleialkeria guztietatik askatuko ditut. Garbitu egingo ditut, eta nire herri izango dira eta Ni hareen Jainko. David nire zerbitzaria izango dabe errege, guztien artzain bakar; nire legeen arabera jokatuko dabe eta nire aginduak arretaz beteko. Jakob nire zerbitzariari emon neutson lurraldean biziko dira, hareen gurasoak bizi izandako lurraldean; han biziko dira hareek eta hareen ondorengoak betiko, eta David nire zerbitzaria izango dabe buruzagi beti-betiko. Bakezko ituna egingo dot hareekin; betiko ituna izango da. Lurraldean jarriko ditut eta ugarituko, eta hareen artean ipiniko dot neure santutegia betiko. Hareekin biziko naz: hareen Jainko izango naz ni eta hareek nire herri. Neure santutegia hareen artean betiko ipiniko dodanean, orduan jakingo dabe atzerritarrek Neu nazala Jauna, Israel beretzat sagaratu dauana». ERANTZUN SALMOA Jr 31, 10. 11-12ab. 13 R/. Artzainak artaldea lez zainduko gaitu Jaunak. Entzun Jaunaren hitza, atzerriak, iragarri urrungo uharteetan: “Israel banandu ebanak batuko dau, artzainak artaldea lez zainduko dau. R/. Jakob Jainkoak birrerosi dau, indartsuago baten eskutik atara dau”: Irrintzika etorriko dira Sion-mendira, Jaunaren ondasunetara batuko dira. R/. Neskak orduan dantzan pozik ibiliko dira, mutil eta agureekin batera. Negarretik atarako ditut pozaldira, eta, atsekabe ondoren, atseden eta alaitasunera. R/. EBANJELIOA Jn 11, 45-57 Ebanjelio aurreko txatala Ez 18, 31ab V/. Kendu zuekandik -dino Jaunak- nire aurka egiten dozuezan pekatu guztiak, eta sortu zuekan bihotz barria eta espiritu barria. Sakabanaturik egozan Jainkoaren seme-alabak alkartzeko. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek Lazarogaz egina ikusi ebenean, Maria ikustera joandako judu askok sinistu eban Haregan. Hareetako batzuk, ostera, fariseuekana joan ziran eta Jesusek egin ebana kontatu eutseen. Orduan, abadeburu eta fariseuek Batzarra batu eben, eta esan: «Zer egin? Gizon honek ezaugarri asko egiten dihardu. Holan jarraitzen izten badeutsogu, danek sinistuko dabe berorrengan, etorriko dira erromatarrak eta hondatu egingo deuskuez bai tenplua eta bai herria». Batzarkideetako batek, urte haretan abade nagusi zan Kaifasek, esan eutsen: «Zuek ez dakizue ezer. Ez al zaree konturatzen hobe dozuela gizon bat herriagaitik hiltea, herri osoa galtzea baino?» Kaifasek ez eban hori bere kabuz esan; urte haretan abade nagusi zanez, profeta lez berba egin ebalako baino, Jesus herriaren alde hilgo zala adierazotean; eta ez herriaren alde bakarrik, baita sakabanaturik egozan Jainkoaren seme-alabak alkartzeko ere. Eta egun haretan, Jesus hiltea erabagi eben. Horregaitik, Jesus ez zan agirian ibilten juduen artean. Basamortu ondoko bazter batera alde egin eban, Efraim izeneko herrira, eta han egon zan ikasleekin. Juduen Pazkoa gainean zan, eta herrialdeko jente askok Jerusalemera igon eban Pazkoa baino lehen, garbikuntzak egiteko. Jerusalemera etorriak Jesusen bila ebilzan eta, tenpluan topo egitean, itauntzen eutsoen alkarri: «Zer deritzazue? Ez ete da jaietara etorriko?» Abadeburu eta fariseuek agindua eben, baldin inork Jesus non zan jakiten baeban, salatu egiela, atxilotu ahal izateko.