PAZKOALDIKO IV. ASTELEHENA I. IRAKURGAIA Eg 11, 1-18 Atzerritarrei ere emon deutse, beraz, Jainkoak bizira daroan bihozbarritzea. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, jakin eben apostoluek eta Judeako senideek jentilek ere Jainkoaren berbea onartu ebala. Pedro Jerusalemera bihurtu zanean, erdainkuntzaren aldeko senideek aurpegi emon eutsoen, esanez: «Erdaindubakoen etxean sartu eta hareekin jan dozu!» Orduan, Pedrok dana zehatz-mehatz kontatu eutsen: «Jafa urian otoitzean nengoala, estasian ikuskari bat izan neban: oihal handi baten antzeko zerbait ikusi neban, lau muturretatik zintzilik zerutik jasten eta nire ondoraino etorten. Begira jarri nintxakon, eta lauoinekoak, piztiak, narrastiak eta hegaztiak ikusi nebazan barruan. Orduan, ahotsa entzun neban, niri esaten: "Ea, Pedro, hil eta jan!" Eta nik erantzun: "Ezelan ere ez, Jauna! Ez dot egundaino ezer loiturik edo kutsaturik ahoan sartu". Zerutiko ahotsak barriro esan eustan : "Jainkoak garbi egin dauana, zuk ez esan kutsatua danik". Hiru aldiz jazo zan hori, eta ondoren dana zerura jaso eben. Une haretan, hain zuzen, hiru gizon agertu ziran gu gengozan etxean, Zesareatik nigana bialduak. Hareekin kezka barik joateko esan eustan Espirituak. Sei senide honeek joan ziran nigaz, eta Kornelioren etxean sartu ginan. Harek kontatu euskun zelan aingeru bat agertu jakon etxean eta esan eutson: "Bialdu egizu norbait Jafara, Simonen, Pedro ere deituaren, bila. Harek esango deutsunaren bidez salbatuko zaree, zeu eta zeure etxeko guztiak". Berbetan hasi nintzen baizen laster, Espiritu Santua jatsi zan hareengana, hasierakoan gugana jatsi zan lez. Orduan, Jaunak esandako ha etorri jatan gogora: "Joanek urez bateatu eban, baina zuek Espiritu Santuaz izango zaree bateatuak". Beraz, Jainkoak guri Jesu Kristo Jaunagan sinisteagaitik emon euskun dohain bera emo badeutse hareei ere, nor nintzan ni Jainkoari aurka egiteko?» Hau entzutean, baretu egin ziran eta Jainkoa goratu eben, esanez: «Jentilei ere emon deutse, beraz, Jainkoak bizira daroan bihozbarritzea». ERANTZUN SALMOA Sal 41, 2-3; Sal 42, 3-4 R/. Nire gogoa Jainko biziaz egarri da. edo Aleluia. Basahuntza iturrien irrika lez, Halan dot, Jainko, gogoa irrika Zugana. Nire gogoa Jainkoaz, Jainko biziaz, egarri da, noiz noake Jainkoaren aurpegia ikustera? R/. Bialdu zure argia eta zure egia; honeek eroan nagie, zure mendi santura; zure jauretxolara sartu nagie. Eta sartuko naz Jainkoaren altarara, poz eta atsegin dodan Jainkoagana; kitaraz goratuko zaitut, Jauna, ene Jainkoa. R/. EBANJELIOA Jn 10, 1-10 Aleluia Jn 10, 14 R/. Aleluia. V/. Neu naz artzain ona -dino Jaunak-, ezagutzen ditut neure ardiak, eta neureek ezagutzen nabe Ni. R/. Neu naz ardien atea. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Bene-benetan dinotsuet: Artegian, atetik barik, baino beste nonbaitetik sartzen dana lapurra da eta harrapatzailea. Atetik sartzen dana, barriz, artzaina da. Honi edegi egiten deutso atezainak, eta ardiek entzuten dabe haren ahotsa; ardi bakoitzari izenez deitzen deutso, eta kanpora ataraten ditu. Bere ardi guztiak atara ondoren, aurretik joaten jake eta ardiek jarraitu egiten deutsoe, ezagutzen dabe-eta haren ahotsa. Arrotzari, ostera, ez deutsoe jarraituko; ostera, ihes egingo deutsoe, arrotzaren ahotsa ez dabe-eta ezagutzen». Jesusek adibide hau emon eutsen, baina hareek ez eben ulertu zer esan nahi eutsen. Orduan, honan azaldu eutsen Jesusek: «Bene-benetan dinotsuet: Neu naz ardien atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziran eta harrapatzaileak; horregaitik, ardiek ez eutseen jaramonik egin. Neu naz atea. Ate honetatik sartzen dana onik izango da, nasai sartuko da eta urtengo dau, eta aurkituko dau jatekoa. Lapurra ez doa artaldera ostu, hil eta hondatzera baino; Ni, barriz, bizia izan dagien etorri naz, eta bizia ugari izan dagien».