I. IRAKURGAIA Eg 4, 13-21 Guk ezin dogu ezelan ere entzun eta ikusi doguna isilean gorde. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, herriko agintari, zahar eta lege-maisuak Pedro eta Joanen ausardia ikusi eta gizon eskola bako eta ezjakinak zireala jabeturik, harrituta egozan. Baekien, alde batetik, Jesusegaz ibiliak zireala eta han ikusten eben, bestetik, euren aurrean zutunik, osatutako gizona. Ez eben, beraz, aurka egiterik. Halan, batzarretik kanpora urteteko agindu eutseen eta honan hasi ziran euren artean esaten: «Zer egin gizon honeekin? Izan ere, ageri-ageriko miraria egin dabe: ondo dakie hori Jerusalemgo guztiek, eta ezin dogu ukatu. Halan ere, herrian hori gehiago zabaldu ez daiten, mehatxatu egingo doguz, gaurdanik Jesusen izena inori aitatu ez deioen». Deitu eutseen, bada, eta zorrotz debekatu eutseen Jesusen izenean berba egitea edo irakastea. Orduan, Pedrok eta Joanek erantzun eben: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ete dan zuen esana egitea, harena egin ordez. Guk ezin dogu ezelan ere entzun eta ikusi doguna isilean gorde». Barriro mehatxatu ondoren, askatu egin ebezan. Ez eben aurkitzen hareek zigortzeko erarik, herriaren bildurrez, guztiek Jainkoa goresten eben-eta jazo zanagaitik. ERANTZUN SALMOA Sal 117, 1 eta 14-15. 16bc-18. 19-21 R/. Eskerrak Zuri, Jauna, entzun deustazulako. edo Aleluia. Eskerrak Jaunari, ona da-eta, Haren maitasuna betikoa da-eta. Nire indar eta nire kemen Jauna, Bera da nire salbamena. Poz eta garaipen-oihuak zintzoen etxolan. R/. «Jaunaren eskumeak nau jaso, Jaunaren eskumeak bizkor dau jokatu». Hil ez, bizi naz egingo, Jaunaren eginak nik iragarriko. Zigortu nau Jaunak, zigortu, baina ez nau heriotzaratu. R/. Edegi niri zintzotasunaren ateak, hortik sarturik emon deiodazan Jaunari eskerrak. Hau da Jaunaren atea, zintzoak sartuko dira aurrera. Eskerrak Zuri entzun deustazulako, Salbamen izan zajatazalako. R/. Pazko-eguneko neurtitza ere esan daiteke, nahi izanez gero ( ??? or.). EBANJELIOA Mk 16, 9-15 Aleluia Sal 117, 24 R/. Aleluia. V/. Hau da Jaunak egin dauan eguna, gu pozteko eta alaitzeko eguna. R/. Zoaze mundu guztira, eta iragarri Barri Ona izaki guztiei. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik Astearen lehenengo egunean, goizean goiz, bizturik, Maria Magdalenari —zazpi deabru atara eutsozanari— agertu jakon Jesus lehenengo. Ha Jesusegaz bizi izan ziranei barri emotera joan zan, triste eta negarrez egozan-eta. Baina hareek, bizi zala eta berak ikusi ebala entzutean, ez eutsoen sinistu. Ondoren, ikasleetako biri agertu jaken, beste itxura batean, auzo batera bidean joiazala. Honeek ere besteei barri emotera joan ziran; baina honeei ere ez eutseen sinistu. Azkenean, Hamaikei agertu jaken, mahaian egozala, eta aurpegira bota eutsezan euren sinisbakokeria eta burugogorkeria, bizturik ikusi ebenei sinistu ez eutseelako. Eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei».