GARIZUMAKO V. BARIKUA I. IRAKURGAIA Jr 20, 10-13 Neugaz dot Jauna, gudari indartsu. Jeremias Profetearen liburutik Honan berba egin eban Jeremiasek: «Jentearen mehatxuak entzuten ditut, bildur-ikara edonon: "Salatu, salatu dagigun". Adiskideak eurak ere begira ditut, nik noiz huts egingo: "Ea engainatzen dogun —dinoe—; orduan menperatuko dogu eta mendekatuko gara haretaz". Baina neugaz dot Jauna, gudari indartsu; jausiko dira nire arerioak, ezin izango nabe garaitu; hareen asmoek porrot egingo dabe, hareen lotsea sekulakoa izango da, ahaztu ezina betiko. Jaun ahalguztiduna, zuzen aztertzen dozuna, gizakiaren buru-bihotzak ikusten dozuzana, zure esku itzi dot neure auzia: ikusiko ahal dot zure mendekua arerioen lepotik! Kanta Jaunari, goratu egizue Jauna, Harek askatu dau-eta gaiztoen eskutik behartsuaren bizia». ERANTZUN SALMOA Sal 17, 2-4. 5-6. 7 R/. Nire larrialdian Jaunari egin neutson dei, eta entzun ninduan. Maite zaitut, Jauna, nire indar, Jauna, nire arkaitz, gaztelu eta salbatzaile. Zugana batzen naz, arkaitz zaitudan Jainko, nire babes, salbamen-indar, nire gordeleku. Egiten deutsot dei Jaun goresgarriari, eta salbau naiteke arerioakandik. R/. Heriotz-olatuak inguratu ninduen, erreka ondatzaileak ikaratu ninduen, Leizako sokak korapilatu ninduen, heriotz-hedeak lotu ninduen. R/. Nire larrialdian Jaunari egin neutson dei, neure Jainkoari deadar egin; eta bere etxetik entzun eban nire berbea, eta belarrietara sartu jakon nire orroa. R/. EBANJELIOA Jn 10, 31-42 Ebanjelio aurreko txatala Ikusi Jn 6, 64b. 69b V/. Zure berbak, Jauna, espiritua eta bizia dira; Zuk dozuz betiko biziaren berbak. Atxilotu egin gura izan eben, baina ihes egin eutsen eskuetatik. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, juduek barriro harriak hartu ebezan Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan eutsen: «Egintza onik asko egin dot zuen aurrean Aitaren izenean; horreetako zeinegaitik egin gura deustazue harrika?» Erantzun eutsoen: «Ez zaitugu egintza onak egiteagaitik harrikatu gura, birao egiteagaitik baino; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten dozulako». Jesusek erantzun eutsen: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: "Nik esan dot: jainko zaree?" Beraz, Jainkoak "jainko" esaten deutse bere berbea zuzendu eutsenei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Zelan dinozue, bada, Nik, Aitak sagaratu eta mundura bialdu nauan honek, birao egiten dodala, Jainkoaren seme nazala esateagaitik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinistu Niri; baina egiten baldin baditut, Niri sinisten ez badeustazue ere, sinistu egintzei. Holan, behin betiko jakingo dozue Aita Nigan dagoala eta Ni Aitagan». Barriro ere atxilotu egin gura izan eben, baina ihes egin eutsen eskuetatik. Barriro Jordanez beste aldera joan zan Jesus, sasoi batean Joanek bateatzen jardun eban lekura. Han gelditu zan aldi batez, eta jente asko joaten jakon. Honan inoen: «Joanek ez eban ezaugarririk bat ere egin, baina Honetaz esan eban guztia egia zan». Eta han askok sinistu eban Jesusegan.