GARIZUMAKO III. MARTITZENA I. IRAKURGAIA Dn 3, 25. 34-43 Hartu gagizuz onez, bihotz-damuz eta gogo apalez gatorkizuz eta. Danielen liburutik Egun hareetan, Azariasek, suaren erdian zutik, honan egin eban otoitz: «Zure izenaren ohoreagaitik, ez gagizuz betiko zapuztu, Jauna, ez apurtu gugaz dozun ituna. Abraham zeure maiteagaitik, Isaak zeure zerbitzariagaitik, Israel zeure santuagaitik, ez ukatu guri zeure errukia. Hareei berbea emon zeuntsen zeruko izarrak eta itsasbazterreko hondarra adina ugarituko zeuntsezala euren ondorengoak. Orain, ostera, Jauna, herri guztietan txikiena gara; mespretxaturik gagoz mundu osoan geure pekatuakaitik. Aldi honetan ez dogu erregerik, ez profeta, ez buruzagirik, ez erre-opari, ez sakrifiziorik, ez eskeintza eta ez intsentsurik; ez dogu lehen-frutuak Zuri eskeintzeko tokirik, ez zure errukia non aurkiturik. Baina bihotz-damuz eta gogo apalez gatorkizuz: Hartu gagizuz onez, ahariak eta zezenak edota milaka bildots gizen erre-opari eskeiniko bageuntsuz lez. Izan gaitezala gaur zuretzat opari atsegin eta izan gaitezala zure jarraitzaile leial, ez dabe inoiz huts egiten eta Zugan uste on dabenek. Orain bihotz-bihotzez jarraitu gura deutsugu, zureganako begirunez bizi eta zure aurpegiaren bila ahalegindu. Ez gagizuz lotsagarri itzi; Jokatu egizu gugaz zeure bihotz onaz, zeure neurribako errukiaz. Libra gagizuz zeure egintza harrigarriez, eta emon gorapena zeure izenari, Jauna». ERANTZUN SALMOA Sal 24, 4-5. 6 eta 7cd. 8-9 EBANJELIOA Mt 18, 21-35 Ebanjelio aurreko txatala Jl 2, 12 ab. 13c V/. Begiratu zer dinoan Jaun guztiz ahaltsuak: Bihurtu zaiteze Nigana bihotz-bihotzez; bihozbera eta errukitsua naz-eta. Alkarri parkatzen ez badeutsozue, Aitak bere ez deutsue parkatuko. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik Aldi haretan, hurreratu jakon Pedro Jesusi eta itaundu eutson: «Jauna, nire senideak bidebakokeriaren bat egiten badeust, zenbat aldiz parkatu behar deutsot? Zazpi aldiz?» Jesusek erantzun eutson: «Zazpi aldiz ez, zazpitan zazpi mila aldiz baino. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu gura izan zituan erregeagaz lez jazoten da zeruetako erreinuagaz. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor eutson bat ekarri eutsoen. Eta nondik ordaindurik ez eukan-eta, bera eta bere emaztea, seme-alabak eta zituan guztiak saltzeko agindu eban nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutson: "Emoidazu astia eta dana ordainduko deutsut". Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban morroia. Baina morroiak, urten orduko, diru apur bat zor eutson bere morroi-lagun bat topatu eban, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan eutson: "Ordaindu egidak zor deustana". Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutson: "Emoidak astia eta dana ordainduko deuat". Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu arte. Beste morroiak, jazotakoa ikusirik, biziro atsekabetu ziran, eta nagusiagana joan eta jazotakoaren barri emon eutsoen. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan eutson: "Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, eskatu deustalako; ez al zoan bidezkoa hi bere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzoan lez?" Eta nagusiak, hasarre bizitan, borreroen esku itzi eban, zor guztia ordaindu arte. Zuei bere gauza bera egingo deutsue zeruko nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsozue».