GARIZUMAKO V. EGUAZTENA I. IRAKURGAIA Dn 3, 14-20. 91-92. 95 Jainkoak aingerua bialdu eta onik atara ditu bere zerbitzariak. Danielen liburutik Egun hareetan, Nabukodonosor erregeak esan eban: «Sidrak, Misak eta Abdanago, egia al da ez dozuezala nire jainkoak zerbitzen eta nik eregi dodan urrezko irudia gurtzen? Prest al zagoze orain, turuta, txirula, zitara, harpa, salterio eta beste musika-tresnen doinua entzun orduko, ahuspeztu eta nik eregitako irudia gurtzeko? Gurtu gura ez badozue, su biziko labara botako zaituet bat-batean. Eta orduan, zein jainkok libratuko zaitue nire eskuetatik?» Sidrak, Misak eta Abdanagok Nabukodonosor erregeari esan eutsoen: «Ez dogu gai honetan zertan erantzunik. Zerbitzen dogun gure Jainkoak su biziko labatik eta zure eskuetatik libratu ahal gaitu-eta, errege jauna, libratuko gaitu. Eta holan ez balitz ere, jakizu, errege jauna, ez doguzala zerbiduko zure jainkoak, ezta gurtuko ere zuk eregi dozun urrezko irudia». Orduan, Nabukodonosor hasarre gorritan jarri zan, aurpegia ere aldatuta, Sidrak, Misak eta Abdanagoren aurka, eta labea bestetan baino zazpi aldiz gehiago berotzeko agindu eban. Eta bere gudaririk indartsuenei agindu eutsen Sidrak, Misak eta Abdanago lotzeko eta su biziko labara botateko. Nabukodonosor erregea jauzi batez zutitu eta, harriturik, bere aholkulariei esan eutsen: «Ez al ziran hiru, lotu eta sutara botatako gizonak?» Hareek erantzun: «Holan da, errege jauna». Eta erregeak: «Bada, nik lau ikusten ditut, suaren erdian aske dabilzala; ez deutse suak kalterik egin, eta laugarrenak aingerua dirudi». Nabukodonosorrek oihu egin eban: «Bedeinkatua Sidrak, Misak eta Abdanagoren Jainkoa! Bere aingerua bialdu dau Beragan uste osoa eben zerbitzariak libratzera; gurago izan dabe-eta erregearen agindua hausi eta euren bizia arriskuan jarri, eurena ez daben jainko bat zerbidu eta gurtu baino». ERANTZUN SALMOA Dn 3, 52. 53-54. 55-56 Bedeinkatua Zu, Jauna, gure gurasoen Jainkoa: R/. Aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua zure izen santu eta aintzagarria: R/. Bedeinkatua Zu, jauretxe santu eta aintzagarrian: R/. Bedeinkatua Zu, zure erreinuko aulkian: R/. Bedeinkatua Zu, kerubin-gainean jesarriz, leizak ikusten dozuzana: R/. Bedeinkatua Zu, zeru-sabaian: R/. EBANJELIOA Jn 8, 31-42 Ebanjelio aurreko txatala Ikusi Lk 8, 15 V/. Zorionekoak bihotz on eta jorian Jainkoaren berbea gordeten dabenak, eta ekinaren ekinez alea emoten dabenak. Semeak askatzen bazaitue, benetan aske izango zaree. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen Beragan sinistu eben juduei: «Nire berbean irauten badozue, egiaz nire ikasle izango zaree; ezagutuko dozue egia, eta egiak aske egingo zaitue». Erantzun eutsoen: «Gu Abrahamen ondorengoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Zelan dinozu aske izango gareala?» Jesusek erantzun eutsen: «Egi-egiaz dinotsuet: Pekatu egiten dauana pekatuaren esklabo da. Esklaboa ez da etxean betiko geratzen; semea, bai, betiko geratzen da. Beraz, Semeak askatzen bazaitue, benetan aske izango zaree. Badakit, bai, Abrahamen ondorengoak zareena; baina Ni hil guran zabilze nire berbea ez da-eta zuekan zuztertzen. Neure Aitaren ondoan ikusi dodanaz egiten dot berba Nik; zuek, barriz, zeuen aitagandik ikasi dozuena egiten dozue». Hareek erantzun eutsoen: «Abraham dogu aita». Jesusek orduan: «Abrahamen seme bazinee, Abrahamek egin ebana egingo zeunkee. Zuek, ostera, Ni hil guran zabilze, eta Jainkoari entzundako egia besterik ez deutsuet esan. Abrahamek ez eban holakorik egin. Zuek zeuen aitak egiten dauana egiten dozue». Erantzun eutsoen: «Gu ez gara sasikume; aita bakarra dogu, Jainkoa». Jesusek orduan: «Zuen aita Jainkoa balitz, maite izango nindukezue, Ni, Jainkoagandik urtenda, etorri naz; ez naz neure kabuz etorria, Harek bialdua baino».