GARIZUMAKO III. ASTELEHENA I. IRAKURGAIA 2 Erg 5, 1-15a Bazan legenardunik asko Israelen, baina ez zan hareetariko inor osatu, Siriako Naaman besterik. Erregeak bigarren liburutik Siriako erregearen gudalburu nagusia zan Naaman. Gizon handitzat eukan bere nagusiak eta oso begiko, haren bitartez emon eutson-eta Jaunak garaipena Siriari. Baina gizon ahalmentsu hau legenarduna zan. Siriarrek erasoaldia egin eben batean, neskatila bat eroan eben katigu Israeldik eta Naamanen emaztearen neskame gelditu zan. Neskatileak etxekoandreari esan eutson: «Nire nagusia Samarian dagoan profeteagana joango balitz, osatuko leuskio harek legenarra». Bere nagusiagana joan zan Naaman barri emotera: «Hau eta hau dino Israelgo neskatileak». Siriako erregeak esan eutson: «Zoaz, bada; gutuna emongo deutsut Israelgo erregearentzat». Joan zan, beraz, Naaman, zidarrezko hamar talentu, urrezko sei mila txanpon eta hamar jantzi-sorta beragaz harturik. Naamanek gutuna emon eutson Israelgo erregeari; honan inoan: «Gutun honegaz batera, Naaman nire zerbitzaria bialtzen deutsut, legenarra osatu deiozun». Israelgo erregeak, gutuna irakurtean, jantziak urratu eta esan eban: «Jainkoa ete naz, bada, ni, heriotzea nahiz bizia emoteko? Legenarra osatu deiodan bialdu ei deust gizon hau. Argi ikusi daikezue aitzakia bila dabilela nire aurka». Jakin eban Eliseo Jainkoaren gizonak, Israelgo erregeak jantziak urratu zituala, eta albiste hau bialdu eutson: «Zer dala-eta urratu dozuz jantziak? Datorrela nigana gizon hori, eta jakingo dau badala profetea Israelen». Joan zan, beraz, Naaman, bere zaldi, gurdi eta guzti, eta Eliseoren etxe aurrean gelditu zan. Eliseok mezularia bialdu eutson esatera: «Zoaz eta hartu egizuz zazpi bustialdi Jordan ibaian, eta garbi geldituko zara». Naaman, biziro hasarre, bajoian esanez: «Nik uste neban berak urtengo eustala, zutik Jaunari bere Jainkoari dei egingo eutsola eta, alderdi gaixoa bere eskuz ikutuz, osatuko ninduala. Damaskoko Abana eta Farfar ibaiak ez ete dira, bada, Israelgo ur guztiak baino hobeak? Ez al nintekean hareetan busti eta garbi gelditu?» Eta bihurtu eta bajoian hasarre bizian. Baina bere morroiek hurreratu eta esan eutsoen: «Aita, profeteak gauza zail bat agindu izan baleutsu bere, ez al zenduan egingo? Zenbatez gehiago, "busti zaitez eta garbi geldituko zara" baino esan ez deutsunean? Orduan, jaitsi zan Naaman siriarra Jordan ibaira eta zazpi bider murgildu zan, Jainkoaren gizonak agindu lez, eta umetxoarena baizen garbi gelditu jakon haragia. Orduan, Jainkoaren gizonagana bihurtu zan bere lagun-talde osoagaz eta, haren aurrean zutik, esan eutson: «Orain badakit ez dala munduan Jainkorik Israelena izan ezik». ERANTZUN SALMOA Sal 41, 2-3; Sal 42, 3-4 EBANJELIOA Lk 4, 24-30 Ebanjelio aurreko txatala Sal 129, 5. 7 V/. Jaunagan itxaroten nago, nire barrena Haren berbearen zain dago; Jaunagan dago-eta errukia, Haregan askatasun ugaria. Elias eta Eliseo lez, Jesus ez da juduei bakarrik bialdua izan. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik Aldi haretan, Jesus Nazaretera joan zan. Eta sinagogan jenteari esan eutson: «Egia dinotsuet: Ez da profetarik bere herrian onartua danik. Egiaz esaten deutsuet: Bazan emakume alargunik asko Israelen Eliasen sasoian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin barik egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zanean; halan bere, Jainkoak ez eutson hareetako inori bialdu Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baino. Eta bazan legenardunik asko Israelen Eliseo profetearen sasoian; halan bere, ez zan hareetako inor osatu, Siriako Naaman baino». Honeek entzutean, sinagogan egozan guztiak amorruz bete ziran. Eta jagirik, Jesus herritik kanpora atara eta herria eraikita egoan mendiko amildegira eroan eben, handik behera botateko asmotan. Baina Jesus hareen erditik igaro eta bere bidetik joan zan.