GARIZUMAKO III. IGANDEA C I. IRAKURGAIA Ur 3, 1-8a. 13-15 “Nazana naz” deritzonak bialdu nau zuekana. Urteera liburutik. Moisesek bere aitaginarreba Jetroren, Madiango abadearen, ardiak zaintzen zituan. Behin, basamortuan zehar eroan zituan eta Horebera, Jainkoaren mendira, heldu zan. Han Jaunaren aingerua agertu jakon, sasi artean isiotutako sugarretan. Moisesek ikusi eban sasia, sutan egonik bere, ez zala erreten. Moisesek esan eban: «Hurreratu naiten gauza harrigarri hori ikustera: zelan izan leiteke sasia ez erretea?» Begiratzera etorrela ikustean, Jaunak dei egin eutson sasi artetik: «Moises, Moises!» Honek erantzun: «Hemen nozu!» Eta Jaunak: «Ez hurreratu; kendu oinetakoak, zagozan tokia lur santua da-eta». Eta gaineratu eban: « Zure arbasoen Jainkoa naz Ni, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa». Moisesek aurpegia estaldu eban, Jainkoari begiratzeko bildurrez. Jaunak esan eutson: «Ikusi dot neure herriaren atsekabea Egipton eta entzun dot hareen oihua euren zapaltzaileen zigorpean; bai, konturatu naz hareen oinazeez. Eta egiptoarren eskuetatik libratzera etorri naz, eta lurralde haretatik lurralde on eta zabal batera, esnea eta eztia dariozan lurraldera, igonarazotera». Moisesek esan eutson Jainkoari: «Hara, joango naz israeldarrakana eta "Zuen arbasoen Jainkoak bialdu nau zuekana" esango deutset; baina hareek "zelan dau izena?" itauntzen badeuste, zer erantzun behar deutset?» Jainkoak esan eutson: «Nazana naz Ni. Honan esango deutsezu israeldarrei: "Nazana naz" deritzonak bialdu nau zuekana». Jainkoak esan eutson Moisesi gainera: «Esan israeldarrei: "Jaunak, zuen arbasoen Jainkoak, Abrahamen Jainkoak, Isaaken Jainkoak eta Jakoben Jainkoak, bialdu nau . Horixe izango da nire izena betiko; honan deituko deustazue belaunez belaun"». ERANTZUN SALMOA Sal 102, 1-2. 3-4. 6-7. 8 eta 11 II. IRAKURGAIA 1 Ko 10, 1-6. 10-12 Herriaren bizitza Moisesegaz basamortuan, eta gure eskarmenturako idatzi zan. San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik Senideok: Jakin behar dozue, gure arbasoak danak egon zirala hodeipean eta danek igaro ebela itsasoa; danek hartu eben bateoa hodeian eta itsasoan, Moisesegaz bat egiteko; danek jan eben espirituzko janari bera, eta danek edan espirituzko edari bera. Izan bere, eurakaz joian espirituzko harkaitzetik edaten eben; eta harkaitz ha Kristoren irudia zan. Halan bere, hareetako asko eta asko ez jakozan atsegin izan Jainkoari, eta hilda gelditu ziran basamortuan. Gauza honeek guretzat ikasbide izateko jazo ziran, gaiztakeriarik gura ez dagigun, hareek gura izan eben lez. Ez dagizuela marmarrean jardun, hareetako batzuk jardun eben lez, eta aingeru hondatzailearen esku hil ziran. Hau guztia gure ikasbiderako jazo jaken eta gure eskarmenturako idatzi zan, azken sasoi honeetan bizi gareanok zentzarazteko. Beraz, zutik dagoala uste dauana ibili bedi kontuz jausi ez daiten. EBANJELIOA Lk 13, 1-9 Ebanjelio aurreko txatala Mt 4, 17 V/. Bihozbarritu zaiteze -dino Jaunak-, hurrean da-eta zeruetako erreinua. Bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik Aldi haretan, etorri jakozan batzuk Jesusi, galilear batzuei jazotakoaren barri emotera: zelan Pilatok hil zituan, hareen odola eskeintzen ziharduela oparienagaz nahastuz. Jesusek erantzun eutsen: «Uste al dozue galilear hareek beste galilearrak baino pekatariago zirala, holako heriotzea izan ebelako? Ezetz dinotsuet, eta, bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree. Eta Siloeko torrea gainera jausita hil ziran hamazortzi hareek, uste al dozue beste jerusalemdarrak baino pekatariago zirala? Ezetz dinotsuet, eta, bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree». Eta parabola hau esan eutsen: «Gizon batek pikuondo bat eukan, bere mahastian landatua. Joan zan piku bila eta ez eban aurkitu. Orduan, esan eutson mahastilariari: "Bada hiru urte pikuondo honetara piku bila natorrela, eta ez dot aurkitzen. Moztu egizu. Zertarako euki hor, lurra alperrik jaten?" Mahastilariak, ostera, erantzun eutson: "Jauna, itzi egizu aurtengoz; bitartean, ingurua atxurtu eta ongarria botako deutsot, ea aurrerantzean fruturik emoten dauan; eta bestela, moztu"».