GARIZUMAKO V. ASTELEHENA I. IRAKURGAIA Dn 13, 1-9. 15-17. 19-30. 33-62 Irakurgai laburragoa egin gura bada, kako [ ] artean emoten dan zatia itzi daiteke. Errubako izanik ere, hil egin behar dot. Danielen liburutik Egun hareetan, [Joakim izeneko gizon bat bizi zan Babilonian. Elkiasen alaba Susanagaz ezkonduta egoan. Oso emakume ederra zan Susana eta Jainkoari begirunea eutsona; haren gurasoak israeldar zintzoak ziran eta Moisesen Legean hazi eben alabea. Joakim oso aberatsa zan eta baratze bat eban etxe ondoan. Eta, danetan agurgarriena zanez, haren etxean batzen ziran juduak. Urte haretan, herriko zahar bi jarri ebezan epaile; ondo baino hobeto etorkien hareei Jaunak dinoena: «Herri-gidari behar izan leukeen epaile zaharrakandik sortu da gaiztakeria Babilonian». Epaile hareek sarri izaten ziran Joakimen etxean, eta auziren bat ebenek hareekana joten eben. Eguerdi aldean, jenteak alde egiten ebanean, Susana bere senarraren baratzera joaten zan ibiltera. Epaile zahar biek egunero ikusten eben baratzean ibiltera joaten zanean, eta Hareganako gogo bizi gaiztoa sortu jaken. Burua galdu eben eta Jainkoaz eta beronen lege zuzenaz ahaztu egin ziran. Hareek une aproposaren zain egozala, han etorri zan Susana, ohi lez, neskame bi bakarrik lagun zituala, eta baratzean bainatzeko gogoa etorri jakon, bero egiten eban-eta. Ez egoan han inor, gordeta zelatan egozan zahar biak besterik. Susanak neskameei esan eutsen: «Ekarri gantzuki eta usaingarriak eta itxi baratzeko ateak, bainua hartu dagidan». Neskameak urten ebenean, agertu ziran zahar biak gordelekutik, Susanagana lasterka joan eta esan eutsoen: «Entzun, baratzeko ateak itxiak dagoz eta ez gaitu inork ikusten. Zuganako gogo biziz gagoz; emoizu amore eta etzun zaitez gugaz. Bestela, salatu egingo zaitugu; mutil gazte bat egoala zugaz esango dogu eta horregaitik bialdu dozuzala neskameak». Susana aieneka hasi zan: "Ez dot urtenbiderik! Zuek esana egiten badot, heriotza-zigorra dot; egiten ez badot, barriz, ezin ihes egin zuen eskuetatik. Gurago dot, halan ere, ezetz esan eta zuen eskuetan jausi, Jaunaren aurrean pekatu egin baino». Eta oihuka hasi zan Susana. Oihu egin eben zahar biek ere, eta bietako bat baratzeko atea edegitera joan zan lasterka. Etxeko morroiak, baratzeko oihuak entzutean, aldameneko atetik arrapaladan sartu ziran, zer jazoten ete zan ikustera. Zaharrek euren istorioa kontatu ebenean, morroiak guztiz lotsaturik gelditu ziran, ez zan-eta egundo Susanari buruz holakorik entzun. Biharamunean, herria Joakimen, Susanaren senarraren, etxera etorri zanean, han ziran zahar biak ere: Susanaren aurka asmo txarrez beterik etozan, ha hilarazoteko prest. Herriaren aurrean esan eben: «Ekarri Susana, Elkiasen alabea, Joakimen emaztea». Joan ziran haren bila, eta Susana, bere guraso, seme-alaba eta senide guztiekin etorri zan. Etxekoak eta ikusten eben guztiak negarrez egozan. Zahar biek, herriaren erdian zutunik, eskuak Susanaren buru gainean ezarri ebezan. Harek, negarrez, zerura jaso zituan begiak, haren bihotzak Jaunagan eban-eta konfiantzea. Zaharrek esan eben: «Baratzean biok bakarrik genbilzala, sartu zan hau neskame bigaz, itxi zituan ateak eta neskameak bialdu egin zituan. Orduan, gorderik egoan mutil gazte bat etorri eta honegaz etzun zan. Gu baratzeko txoko batean gengozan eta, txarkeria ha ikustean, lasterka joan ginan hareekana. Besarkaturik ikusi genduzan, baina mutila ezin izan genduan harrapatu, gu baino azkarragoa zalako, eta atea edegi eta joan egin zan. Hau, bai, arrapatu genduan eta mutila nor zan itaundu geuntson; baina ez euskun esan gura izan. Geu gara horren testigu». Zahar hareei, herriko arduradun eta epaile ziranez, sinistu egin eutsen batzarrak, eta] Susana heriotzara kondenatu eben. Orduan, Susanak oihu handiz esan eban: «Betiko Jainko, ezkutukoak ikusten eta gauza guztiak jazo baino lehen ezagutzen dozuzana! Zuk ondo dakizu guzurrezko autormena egin dabela nire aurka; baina horreek euren gaiztakeriaz nire aurka asmau daben horretan errubakoa izanik ere, hil egin behar dot». Entzun eban Jaunak Susanaren otoitza eta, hiltera eroiela, Jainkoak Daniel izeneko gaztetxo baten gogo santua argitu eban. Eta oihu handiz esan eutsen: «Ez dot nik erantzukizunik honen heriotzan». Herri guztiak, Haregana bihurturik, esan eutson: «Zer diharduzu esaten?» Danielek, jentearen erdian zutunik, esan eban: «Israeldarrok, hain zentzunbakoak al zaree? Auzia aztertu barik eta froga barik kondenatu dozue israeldar emakume hau. Bihurtu auzitegira, horreek guzurrezko autormena egin dabe-eta emakume honen aurka». Bat-batean bihurtu zan jente guztia eta herri-arduradunek esan eutsoen Danieli: «Jesarri zaitez gure erdian eta egin berba, Jainkoak zaharrei jagoken zentzuna emon deutsu-eta». Orduan, Danielek esan eutsen: «Bereiztu egizuez bata besteagandik, eta neuk itaunduko deutset». Bereiztuta jarri ebezanean, bati deitu eta esan eutson: «Gaiztakerian zahartu zaran hori! Orain jatortzuz gainera gaur arte egin dozuzan pekatuak: epai zuzenbakoak emon dozuz, errubakoak kondenatuz eta errudunak askatuz, Jaunak esanaren kontra; honan dino-eta: "Ez emon heriotzara errubakoa eta zintzoa". Ea bada, emakume hau mutilagaz ikusi dozun ezkero, esan zein zuhaitzen azpian ikusi dozuzan alkarregaz». «Akazia baten azpian», erantzun eban harek. Danielek, orduan: «Ederto! Guzur horregaz zeure burua galdu dozu. Jainkoaren aingeruak hartu dau zigor-agindua eta erdi bitu egingo zaitu». Ha bialdu ondoren, bestea ekarrarazo eta esan eutson: «Kanaango arrazakoa zara zu, ez Judakoa. Edertasunak liluratu zaitu eta grineak bihotza okertu deutsu. Holan jokatzen zenduen Israelgo emakumeekin, eta hareek, bildurrez, zuekaz etzuten ziran; baina oraingoan Judako emakume batek ez dau jasan zuen txarkeria. Ea bada, esaidazu zein zuhaitzen azpian aurkitu dozuzan alkarturik». «Haritz baten azpian», erantzun eutson. Danielek orduan: «Ederto! Guzur horregaz, zeure burua galdu dozu zuk ere. Jainkoaren aingerua zain dago ezpateagaz, zu erdi bi egiteko. Biok garbituko zaitue». Orduan batzar osoa oihuka hasi zan eta Jainkoa bedeinkatu eban, Beragan itxaroten dabenak salbatzen ditualako. Ondoren, zahar bien kontra jaso ziran, euren autormenaz frogatu eben-eta Danielek guzurrezko testigantza egin ebala, eta lagun hurkoari egitea pentsaturik eben gaizkia egin eutseen eurei: Moisesen Legearen arabera, hil egin ebezan. Egun haretan pertsona errubako bat salbau zan. ERANTZUN SALMOA Sal 22, 1-3. 4. 5. 6 R/. Ibar ilunetan banabil ere, ez nago gaitz-beldur, Zu neugaz zagoz-eta. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean: larra gurietan etzunarazoten nau. Atsedenezko iturrira naroa, eta bizkortu egiten deust barrua. Banaroa bidezidor zuzenetatik, bere izenagaitik. R/. Ibar ilunetan banabil ere, ez nago gaitz-bildur, Zu neugaz zagoz-eta: Zure zigorra eta makilea, honeek dira nire poza. R/. Atontzen deustazu mahaia, arerioak daukadazala begira; orioz igurtziten deustazu burua, gainezka dago nire edontzia. R/. Zoriona eta grazia ditut aldean, nire bizi guztiko egunetan; eta Jaunaren etxean naz biziko luzaroen luzaro. R/. EBANJELIOA Jn 8, 1-11 Ebanjelio aurreko txatala Ez 33, 11a V/. . Nik ez dot gura gaiztoa hiltea -dino Jaunak-, bihozbarritu eta bizi daitela baino. Zuetan pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesus Oliamendira joan zan. Baina biharamun-egunsentian tenplura agertu zan barriro, eta herri guztia etorri jakon; Jesus jesarri eta irakasten hasi jaken. Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri eutsoen eta, erdian ipiniz, esan eutsoen Jesusi: «Maisu, emakume hau, adulterioan ziharduala, harrapatu dabe. Moisesek holakoak harrika hilteko agindu euskun Legean. Zuk zer deritsozu?» Azpikeriaz esaten eutsoen hori, zertan salatu izateko. Jesus, ostera, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zan. Baina hareek itaunka eta itaunka hasi jakozanez, zutitu eta esan eutsen: «Zuetan pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria». Eta, barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. Hareek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala. Jesusek, zutiturik, esan eutson: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?» Harek erantzun: «Inork ere ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Neuk ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin barriro pekaturik».