PAZKOALDIKO VII. BARIKUA I. IRAKURGAIA II. Eztabaidak, hila dan eta Paulok bizi dala dinoan Jesusi buruzkoak ebezan. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Agripa erregea eta Berenize etorri ziran Zesareara, Festo agurtzera. Eta egun asko egin ebezanez han, Festok Pauloren auziaren barri emon eutson erregeari, esanez: «Bada hemen Felixek preso itzi eban gizon bat. Jerusalemen nengoala, juduen abadeburu eta zaharrak etorri jatazan, haren aurka zigor-epai eske. Nik erantzun neutsen erromatarren artean ez dala ohitura inor errudun jotea, lehenengo haren salatzaileekin aurrez aurre berba egin barik, eta leporatzen jakonari buruz defendatzeko aukerea emon barik. Beraz, nigaz etorri ziran Zesareara, eta, biharamunean, ezelango luzapen barik, auzi-mahaian jesarri nintzan eta gizon ha ekarteko agindu neban. Baina salatzaileak aurkeztu ziranean, ez eutsoen nik uste neban salaketarik batere egin. Euren erlejinoari buruzko gorabeherak baino ez ebezan, eta hila dan eta Paulok bizi dala inoan Jesus dalako bati buruzkoak. Nik ez nekianez auzi hori nondik nora eroan, Jerusalemera joan nahi al eban itaundu neutson, han epaitu egien. Baina Paulok gora jo eban, auzia enperadore jaunak erabagi egiala eskatuz; beraz, kartzelan eukitzeko agindu neban, enperadoreagana bialdu arte». ERANTZUN SALMOA Sal 102, 1-2. 11-12. 19-20 R/. Jaunak zeruan ezarri dAu bere aurkia. edo Aleluia. Ene arima, goratu egizu Jauna, neure barru osoak Haren izen deuna. Ene arima, goratu egizu Jauna, eta ez ahaztu Harek zuri egina. R/. Zerua lurretik goi dagoan adinean, goi da Haren maitasuna bildur deutsoenen gainean; sortalde-sartaldeak urrun dagoz-eta alkarregandik, hain urrun bialtzen ditu gure gaiztakeriak gugandik. R/ Jaunak zeruan ezarri dau bere aurkia, Haren erregetzak menperatzen dau izadi guztia. Goratu egizue Jauna, Haren aingeruok, indarrez azkar, Haren esanen egile zareenok. R/. EBANJELIOA Jn 21, 15-19 Aleluia Jn 14, 26 R/. Aleluia. V/. Espiritu Santuak irakatsiko deutsue dana, eta gogoratuarazoko Nik esan deutsuedan guztia. R/. Larratu egizuz nire bildotsak, zaindu egizuz nire ardiak. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Jesusek, ikasleei agertu eta gosaldu ondoren, esan eutson Pedrori: «Simon, Joanen semea, honeek baino maiteago al nozu?» Harek erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana». Jesusek, orduan: «Larratu egizuz nire bildotsak». Bigarrenez itaundu eutson Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nozu?» Harek erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana». Jesusek, orduan: «Zaindu egizuz nire ardiak». Hirugarrenez itaundu eutson Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nozu?» Pedro tristetu egin zan maite al eban hirugarrenez itaundu eutsolako, eta erantzun eutson: «Jauna, Zuk dana dakizu; Zuk badakizu maite zaitudana». Orduan, Jesusek esan eutson: «Larratu egizuz nire ardiak. Bene-benetan dinotsut: Gazteago zinanean, zeuk lotzen zenduan gerrikoa eta gura zenduan tokira joaten zinan; zahartzean, ostera, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko deutsu gerrikoa eta gura izango ez dozun tokira eroango zaitu». Holan, zelako heriotzaz Jainkoari aintza emongo eutson adierazo eban Jesusek. Ondoren, esan eutson: «Jarraitu Niri».