PAZKOALDIKO III. MARTITZENA I. IRAKURGAIA Eg 7, 51—8, 1a Jesus Jauna, hartu egizu nire bizia. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, honan berba egin eutsen Estebanek herriari, zaharrei eta lege-maisuei: «Burugogorrok, jentilak baizen bihotz- eta entzun-gogor zareenok! Kontra egiten deutsozue beti Espiritu Santuari; zeuen asaben antzeko zuek ere! Zein profeta ez eben zuen arbasoek pertsegitu? Hareek Zintzoaren etorrerea aurrez iragarten ebenak hil ebezan; zuek, barriz, Zintzoa bera saldu dozue eta hil, zuek, aingeruen eskutik Legea hartu bai, baina bete ez dozuenok». Estebanen berbak entzutean, barrua lehertzen jarri jaken amorruz eta hortzak karraska haren kontra. Baina harek, Espiritu Santuaz beterik, zerura begiratu eta Jainkoaren aintza ikusi eban, eta Jesus zutunik Jainkoaren eskumaldean. Eta esan eban: «Hara, zerua zabalik ikusten dot eta Gizonaren Semea zutunik Jainkoaren eskumaldean». Orduan, hareek, garrasika, belarriak itxi ebezan eta danak batera gainera etorri jakozan; uritik urten eben eta harrika hasi jakozan. Testiguek Saulo eritzon gazte baten oinetan itzi ebezan euren jantziak. Berari harrika egiten eutsen bitartean, Estebanek honan egiten eban otoitz: «Jesus Jauna, hartu egizu nire bizia». Gero, belaunikotuta, ahots handiz esan eban: «Jauna, ez leporatu horreei pekatu hau». Eta, hau esanik, hil egin zan. Saulok ere ontzat emoten eban Estebanen hilketea. ERANTZUN SALMOA Sal 30, 3cd-4. 6 eta 7b-8a. 17 eta 21ab R/. Zure eskuetan izten dot, Jauna, neure arnasea. edo Aleluia. Izan zakidaz harkaitz, ni gordeteko gaztelu sendo, ni salbatzeko. Zu zaitut-eta harkaitz eta gaztelu, zeure izenagaitik eroan nagizu, eta gidatu. R/. Zure eskuetan izten dot nire arnasea, askatuko nozu, Jauna, Jainko leiala. Ni, barriz, sendo nago Jaunagan, poztu eta alaituko naz zure maitasunaz. R/. Aurpegi argia erakutsi morroi honi, salba nagizu zeure errukiaz. Zure aurpegiaren kerizpean babesten dozuz gizakien asmo maltzurretik. R/. EBANJELIOA Jn 6, 30-35 Aleluia Jn 6, 35b R/. Aleluia. V/. Neu naz biziaren ogia -dino Jaunak-; Nigana datorrena ez da gosetuko. R/. Moisesek barik, nire Aitak emoten deutsue zeruko egiazko ogia D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, jenteak esan eutson Jesusi: «Zer ezaugarri egiten dozu, guk ikusi eta Zugan sinisteko? Zer egiten dozu? Gure asabek mana jan eben basamortuan, Liburu Santuak dinoan lez: "Zeruko ogia emon eutsen jaten"». Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Ez eutsuen Moisesek emon zeruko ogia; nire Aitak emoten deutsue zeruko egiazko ogia; izan ere, Jainkoaren ogia zerutik jatsi eta munduari bizia emoten deutsona da-eta». Orduan, hareek Jesusi: «Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik». Jesusek erantzun eutsen: «Neu naz bizia emoten dauan ogia; Nigana datorrena ez da gose izango, eta Nigan sinisten dauana ez da behin ere egarri izango».