GARIZUMAKO IV. ZAPATUA I. IRAKURGAIA Jr 11, 18-20 Hiltera daroen bildots otzana lakoa nintzan ni. Jeremias Profetearen liburutik Egun hareetan, honan berba egin eban Jeremiasek: «Jaunak jakinarazo eustan, eta holan konturatu nintzan; berak azaldu eustan arerioen azpilana nire kontra. Hiltera daroen bildots otzana lakoa nintzan ni, eta ez neban nire kalterako erabilezan asmoen barri: "Bota dagigun zuhaitza bere mardulean; kendu dagigun bizidunen lurretik, ez daitela haren oroitzapenik ere gelditu". Baina Zuk, Jaun ahalguztidun horrek, zuzen epaitzen dozu eta gizakiaren buru-bihotzak aztertzen dozuz. Zeure esku itzi dot neure auzia: ikusiko al dot zure mendekua arerioen lepotik! ERANTZUN SALMOA Sal 7, 2-3. 9bc-10. 11-12 R/. Jauna, ene Jainko, Zeugana najatortzu. Jauna, ene Jainko, Zeugana najatortzu, onik atara nagizu arerio guztiakandik, eta salbatu nagizu. Ez begi inork nire bizia leoiak bezala harrapatu, askatu nagikeanik baga ez nagiala urratu. R/. Epaitu nagizu, Jauna, zuzen nazan adinean, errubako nazan bestean. Atertu bedi gaiztoen gaiztakeria, eta bizkortu egizu zintzoa, bihotz-guntzurrunak aztertzen dozuzan Jainko zuzen Horrek. R/. Aterpe dot Jainkoa, bihotz zuzenekoak salbatzen dituana. Jainkoa, epaile zuzena, egunero amenazuka dabilana. R/. EBANJELIOA Jn 7, 40-53 Ebanjelio aurreko txatala Jn 3, 16 V/. Hain maite izan dau-eta Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon deutso; Hari sinisten deutsonik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino. Galileatik etorri ete daiteke Mesias? D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, jente arteko batzuek, Jesusen berbak entzutean, honan inoen: «Hauxe da egiaz etortekoa dan Profetea». Beste batzuek esaten eben: «Hauxe da Mesias». Beste batzuek, barriz: «Galileatik etorri ete daiteke Mesias? Ez al dino Liburu Santuak Mesias Daviden jatorrikoa izango dala eta haren herritik, Belemetik, etorriko dala?» Iritzi kontrajarriak egozan, bada, jentearen artean Jesusi buruz. Batzuek atxilotu egin gura eben; baina ez eutson inork eskurik gainean jarri. Guardiak abadeburu eta fariseuakana bihurtu ziran, eta honeek itaundu eutseen: «Zergaitik ez dozue ekarri?» Guardiek erantzun eutseen: «Ez dau sekula inork gizon horrek lez berba egin». Fariseuek erantzun eutseen: «Zer? Zuek ere liluratu al zaitue? Sinistu ete dau Haregan agintari edo fariseuetako batek ere? Baina Legea ezagutzen ez dauan jendaila hori madarikatua dago». Orduan, Nikodemok, fariseu hareetako batek, behinola Jesusegana joan zanak, esan eutsen: «Zilegi al da gure Legearen arabera inor gaitzestea, berari entzun eta zer egin dauan jakin barik?» Besteek erantzun eutsoen: «Galilearra al zara zu ere? Aztertu Liburu Santuak eta ikusiko dozu Galileatik ez dala inoiz profetarik sortu». Ondoren, nor bere etxera joan zan.