PAZKOALDIKO VII. EGUAZTENA I. IRAKURGAIA Eg 20, 28-38 Jainkoaren eskuetan izten zaituet; Harek badau indarra eregiteko eta oinordekotza emoteko. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Paulok esan eutsen Efesoko eliz arduradunei: «Zaindu egizuez zeuen buruak eta artalde osoa, honen zaindari jarri zaitue-eta Espiritu Santuak; larratu egizue Jainkoaren Elizea, Harek bere Semearen odolaz eskuratu ebana. Badakit, ni joatean, artaldeari parkatuko ez deutsoen otso amorratuak sartuko dirala zuen artera. Zuen artetik ere urtengo dabe batzuk, irakatsi okerrak emonez, ikasleak euren atzetik eroan nahirik Zagoze erne, bada, eta izan gogoan, hiru urtez gau eta egun aspertu barik jardun dodala, negar-malkoz zuetako bakoitzari aholkuak emoten. Orain, Jainkoaren eskuetan eta haren borondate onezko berbearen babesean izten zaituet; Harek badau ahalmena eliz alkartea eregiteko eta sagaratu guztiei oinordekotza emoteko. Ez dot inoren zidar-urrerik edota jantzirik gura izan. Ondo dakizue esku honeek irabazi dabela niretzat eta nigaz diranentzat beharrezko guztia. Danetan irakatsi izan deutsuet holan lan eginez lagundu behar jakela behartsuei, Jesus Jaunaren berba hareek gogoratuz: "Zorion gehiago dau emoteak, hartzeak baino"». Berbaldia amaiturik, belauniko jarri eta otoitz egin eban beste guztiekin batera. Danek negarrari emon eutsoen eta Paulori, lepotik helduta, musu emoten eutsoen. Nahigaberik handiena gehiago ez ebela ikusiko esateak emon eutsen. Gero, ontziraino lagundu eutsoen. ERANTZUN SALMOA Sal 67, 29-30. 33-35a. 35bc eta 36c R/. Lurreko erreinuak, egin eresi Jainkoari. edo Aleluia. Agertu egizu, ene Jainko, zeure indarra; sendotu egizu, ene Jainko, gure alde egina. Jerusalemen dozun jauretxeagaitik, erregeek emaitzak ekarriko deutsuez. R/. Lurreko erreinuak, egin eresi Jainkoari, egin goratzarre Jaunari, ortzian, ortzi zaharrean goian dagoanari! Hara, deiadar egin dau, bizkorra deadarra: «ezagutu egizue Jainkoaren indarra». R/. Haren disdira Israelen gainean, Haren indarra hodeietan. Jainkoa bedeinkatua izan bedi! R/. EBANJELIOA Jn 17, 11b-19 Aleluia Ikus Jn 17, 17b.a R/. Aleluia. V/. Zure hitza, Jauna, egia da; santu egizuz egian. R/. Bat izan daitezan gu geu bat garean lez. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek begiak zerura jaso eta esan eban: «Aita santu horrek, zaindu egizuz zeure ahalmenaz Zeuk emon deustazuzanok, bat izan daitezan gu geu bat garean lez. Honeekin izan nazan bitartean, Neuk zaindu ditut zeure izenean emon deustazuzanok. Honeen ardurea izan dot eta ez da bat ere galdu, galdu behar zana baino; holan, Liburu Santuek dinoena bete da. Orain, ostera, Zugana noa. Hau guztiau oraindino munduan nagoala esaten dot, nire poza eurekan izan dagien, eta bete-betea izan ere. Zure berbea emon deutset Nik; baina munduak gorroto ditu, mundukoak ez diralako, Ni ere mundukoa ez nazan lez. Ez deutsut eskatzen mundutik atarateko, Gaiztoagandik gordeteko baino. Ez dira mundukoak, Neu ere mundukoa ez nazan lez. Sagaratu egizuz egiaren bidez: zure hitza da egia. Ni mundura bialdu ninduzun lez, Nik ere mundura bialdu ditut. Eta honeekaitik sagaratzen deutsut neure burua, honeek ere sagaratu dagizuzan egiaren bidez».