PAZKOALDIKO VII. MARTITZENA I. IRAKURGAIA Eg 20, 17-27 Neure ibilaldia burutu eta Jesus Jaunak emon eustan egitekoa bete behar dot. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, Miletotik mandatua bialdu eban Paulok Efesora, eliz alkarteko arduradunei dei eginez. Etorri ziranean, esan eutsen: «Badakizue zelan jokatu dodan zuekin Asia probintziara heldu nintzan lehenengo egunetik. Apaltasun osoz zerbidu dot Jauna eta negar artean, juduen azpikeriek sortu deustezan probaldiak dirala-eta. Ez deutsuet zuen onerako izan eitekean ezer ukatu; jendaurrean eta etxez etxe predikatu eta irakatsi deutsuet, juduei nahiz greziarrei Jainkoagana bihurtzeko eta Jesus gure Jaunagan sinisteko arrenka eskatuz. Eta orain Jerusalemera noa, Espirituak behartuta, han zer jazoko jatan jakin barik. Dakidana hauxe da: Espiritu Santuak uri guztietan esaten deustala kateak eta nekeak ditudala zain. Baina biziak ez deust ardura, neure ibilaldia burutu eta Jesus Jaunak emon eustan egitekoa bete ezkero, hau da, Barri Onaren autormena, Jainkoak deuskun ondonahiaren autormena, egitea bete ezkero. Eta orain badakit, zuen artean Jainkoaren erreinua iragarten ibili dan hau ez dozuela zuetako inork barriro ikusiko. Horregaitik, argi eta garbi esaten deutsuet gaur, nik ez dodala nire gain hartzen inori jazo daikeonaren erantzukizunik; izan ere ez deutsot-eta inoiz uko egin Jainkoaren asmoa oso-osorik zuei adierazoteari». ERANTZUN SALMOA Sal 67, 10-11. 20-21 R/. Lurreko erreinuak, egin eresi Jainkoari. edo Aleluia. Bialdu zenduan, ene Jainko, euri ugaria, Zuk indartu zenduan zeure ondare jausia. Han kokatu zan zure artaldea, Zuk, ene Jainko, zeure ontasunean gizajoentzat eratutako lurrean. R/. Bedeinkatua egun guztietan Jauna! Gure zama, salbatzaile dogun Jainkoak daroa. Gure Jainkoa, Jainko salbatzaile, Jainko jaunak emoten dau heriotzatik ihesbide. R/. EBANJELIOA Jn 17, 1-11a Aleluia Jn 14, 16 R/. Aleluia. V/. Eskatuko deutsot Nik Aitari, eta emongo deutsue beste laguntzaile bat, beti zuekin egon daiten. R/. Aita, emoidazu aintza zeure ondoan. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek begiak zerura jaso eta esan eban: «Aita, heldu da ordua. Azaldu egizu zeure Semearen aintza, Semeak zure aintza agertu dagian. Gizon-emakume guztien gain aginpidea emon deutsozun ezkero, betiko bizia emon deiela Harek Zuk Berari emondakoei. Hau da betiko bizia: Zu, benetako Jainko bakar Hori, eta Zuk bialdutako Jesus Mesias ezagutzea. Nik zure aintza azaldu dot munduan, Zuk emon zeunstan egitekoa betez. Orain, Aita, emoidazu aintza zeure ondoan, emon mundua mundu izan baino lehen zure ondoan neban aintza. Agertu deutset zure izena mundutik bereiztu eta emon zeunstazan gizon-emakumeei. Zeureak zenduzan, Zuk neuri emon zeunstazan, eta hareek onartu dabe zure hitza. Badakie orain Zuk emon deustazun guztia Zugandik datorrela. Zuk Niri emon zeunstazan berbak emon deutsedaz Nik, eta honeek onartu egin dabez. Eta benetan jakin dabe Zugandik urten nebala, eta sinistu Zeuk bialdu ninduzula. Honeen alde erregutzen deutsut; ez dot munduaren alde erregutzen, Zeuk emon deustazuzanon alde baino, zureak diralako. Bai, dodan guztia zurea da eta Zuk dozuna nirea, eta honeekan azaldu da nire aintza. Ez naz aurrerantzean munduan egongo; honeek, bai, munduan jarraituko dabe. Ni, barriz, Zugana noa».