EGUEN SANTUA Krisma sagaratzearen Meza A B C I. IRAKURGAIA Is 61, 1-3a. 6a. 8b-9 Jaunak igurtzi nau, Berak bialdu nau behartsuei Barri Ona emotera, hareei poz-orioa emotera Isaias Profetaren liburutik Jaunaren Espiritua nire gainean dago, Jaunak igurtzi nau-eta. Berak bialdu nau behartsuei Barriona emotera, bihotz-urratuak osatzera, katiguei amnistia jakinarazotera eta giltzapetuei askatasuna; Jaunaren grazi urtea iragartera. Pozaren pozez nago Jaunagaz, nire arima Jainkoagaz alai dot, salbamenaz jantzi nau-eta, garaipen-soinekoz estaldu, eta gure Jainkoaren mendeku-eguna jakinarazotera, Siongo atsekabetuak kontsolatzera bialdu nau Jaunak: koroa emongo deutset errautsaren ordez, jaietako usain gozoa dolu-jantziaren ordez, gorespen-kantuak etsipenaren ordez. Zuei «Jaunaren abade» deituko deutsuee, «Gure Jainkoaren zerbitzari» esango. Euren lansaria emongo deutset leial eta betiko ituna egingo hareekaz. Ospetsu izango dira hareen ondorengoak nazino eta herrien artean; ikusiko dabezan guztiek autortuko dabe Jaunak bedeinkaturiko herria dirala. ERANTZUN SALMOA Sal 88, 21-22. 25 eta 27 II. IRAKURGAIA Ap 1, 5-8 Bere Aita Jainkoarentzat, errege-herri eta abade egin gaitu. Apokalipsia liburutik Grazia zuei eta bakea Jesu Kristoren partetik, testigu leial, hilen arteko lehenengo biztu eta munduko erregeen buruzagi danaren partetik. Maite gaituanari eta bere odolaz geure pekatuetatik askatu gaituanari, bere Aita Jainkoarentzat, errege-herri eta abade egin gaituanari, aintza eta agintea gizaldi eta gizaldietan. Amen. Hara, hodei artean dator! Guztiek ikusiko dabe, baita zulatu ebenek bere, eta lurreko leinu guztiek hileta-negarra egingo dabe Haregaitik. Bai. Amen. Hau dino Jainko Jaunak: Neu naz alfa eta omega, badana, bazana eta etortekoa dana, Ahalguztiduna. EBANJELIOA Lk 4, 16-21 Ebanjelio aurreko txatala Ikusi Lk 4, 18 V/. Jaunaren Espiritua nigan dago, behartsuei barri ona emotera bialdu nau. Jaunaren Espiritua nire gainean dago, Berak igurtzi nau-eta. D Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik Aldi haretan, Jesus Nazaretera, Bera hazi zan herrira, joan eta zapatuan sinagogan sartu zan, ohi ebanez, eta zutik jarri irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua emon eutsoen eta, edegitean, pasarte hau aurkitu eban: «Jaunaren Espiritua nire gainean dago, Berak igurtzi nau-eta, behartsuei Barri Ona emoteko. Katiguei askatasuna eta itsuei ikusmena iragartera bialdu nau, zapalduei askatasuna emotera, Jaunaren grazia-urtearen barri emotera». Liburua batu ondoren, laguntzaileari emon eta jesarri egin zan. Danak sinagogan begira-begira eukazan. Bera (Ha) honan hasi jaken: «Gaur bete da orain entzun dozuen Liburu Santuko berba hau». JAUNAREN HERIOTZA ETA BIZTUERAKO PAZKO HIRURREN SANTUA (A B C) JAUNAREN AFARIKO EGUEN SANTUA Arratsaldeko Meza I. IRAKURGAIA Ur 12, 1-8. 11-14 Pazko-afariari buruzko aginduak Urteera liburutik Egun hareetan, honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi eta Aaroni Egipton: «Hil hau izango dozue hil nagusia, urte guztiko lehenengoa. Esaiozue israeldarren alkarte osoari: «Hil honen hamarrean, bakoitzak abere xehe bat hartuko dau, familia eta etxe bakoitzeko bana. Abere osoa jateko familia nahiko ez bada, aldameneko bizilagunekaz alkartuko da, bakoitzak jan daikeanaren arabera zenbat lagun behar dan kontuan harturik. Aberea akats bakoa izango da, arra, urtekoa, artxoa nahiz aumea. Hilaren hamalaura arte gordeko dozue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldar alkarteko guztiek hilgo dabe. Gero, odola hartu eta jango dozuen etxeko atearen zutoin biak eta ateburua odolez igurtziko dozuez. Gau horretan, sutan erreta jango dozue haragia, legamin bako ogiz eta bedar mingotsez lagundurik. Honan jango dozue: gerria loturik, oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango dozue, Jaunaren Pazkoa da-eta, hau da, Jaunaren igarotea. Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen ume guztiak, bai gizakienak eta bai abereenak, eta neure epaia emongo deutset Egiptoko jainkoei. Ala Ni Jauna! Odola izango dozue ezaugarri zagozen etxeetan. Odola ikustean, aurrera igaroko naz; holan, Nik egiptoarrak jotean, izurriak ez zaitue zuek hondatuko. Egun hau gogoangarri izango dozue eta jai nagusiz ospatuko dozue Jaunaren ohorez. Jai honen ospakizuna betiko lege izango dozue belaunez belaun». ERANTZUN SALMOA Sal 115, 12-13. 15-16. 17-18 II. IRAKURGAIA 1 Ko 11, 23-26 Ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragarten dozue. San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau nire gorputza da, zuentzat emongo dana. Egizue hau nire oroigarri». Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten dozuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotzea iragarten dozue, Bera etorri arte. EBANJELIOA Jn 13, 1-15 Ebanjelio aurreko txatala Ikusi Jn 13, 34 V/. Agindu barria emoten deutsuet —dino Jaunak—: Maitatu egizue alkar. Nik maite izan zaituedan lez. Azkenean bete-betean maitatu zituan. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Pazko-jaia gainean zan. Jesusek, jakinik mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona, munduan ziran beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituan. Afaltzen ziharduen. Ordurako deabruak sartua eutson buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, jakinik Aitak dana bere esku jarri eutsola, Jainkoagandik etorria zala eta Jainkoagana joiala, jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen. Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutson: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun eutson: «Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen; geroago ulertuko dozu». Pedrok barriro: «Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu Nigaz zerikusirik izango». Simon Pedrok esan eutson: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua bere». Jesusek erantzun eutson: «Garbitua hartu dauanak ez dau oinak baino garbitu beharrik, guztiz garbi dago-eta; eta zuek garbi zagoze, baina ez guztiok». Izan bere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze guztiok garbi». Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta ondo deitu bere, halantxe naz-eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek bere alkarri oinak garbitu behar deutsozuez. Jarraibidea emon deutsuet, zuek bere Nik zuekaz lez jokatu dagizuen».