GARIZUMAKO IV. EGUAZTENA I. IRAKURGAIA Is 49, 8-15 Herriaren alkargo izateko izendatu zaitut, lurraldea eregi dagizun. Isaias Profetearen liburutik Honan berba egiten dau Jaunak: «Ondogura-sasoian erantzun deutsut, salbamen-egunean lagundu. Babestu zaitut eta herriaren alkargo izateko izendatu, herrialdea eregi dagizun, lurralde hondatua ondaretzat banatu dagizun; preso dagozanei esateko: "Urten kanpora", eta ilunpean dagozanei: "Etorri argitara". Bideetan ere larratuko dira, muino gorri guztietan bazkatuko. Ez dira gose, ez egarri izango; sargori eta eguzkiak ez ditu joko, erruki dituanak ditu-eta gidatuko eta iturburuetara eroango. Bide bihurtuko ditut mendiak eta galtzadak zelaituko. Hara non datozan urrunetik: ipar eta mendebaletik datoz, Egipto aldetik ere bai. Egin poz-oihu, zeruok! Alaitu zaitez, lurra! Egin poz-irrintzi, mendiok! Jaunak bere herria dau-eta kontsolatu eta bere pobreentzat errukia izan dau. Sionek esaten eban: "Baztertua nauka Jaunak, ahaztua nire Jabeak". Ahaztu ete daike amak bere umetxoa edota bere sabeleko umeari errukia ukatu? Bada, amak umea ahaztuko baleu ere, Nik ez zaitut zu ahaztuko!» ERANTZUN SALMOA Sal 144, 8-9. 13cd-14. 17-18 R/. Samurra da Jauna eta errukiorra Samurra da Jauna eta errukiorra, hasarre-gatxa eta guztiz onbera. Ona da Jauna guztientzat, errukior, Berak egin dituenentzat. R/. Leiala da Jauna hitz guztietan, zintzoa, bere lan guztietan. Jaunak jausi-zorian dagozan guztiak ditu sendotzen, eta makurtuak zutitzen. R/. Zuzena da Jauna bere bide guztietan, zintzoa, bere lan guztietan. Bertan dago Jauna deitzen deutsonakandik, zintzoro deitzen deutsoen guztiakandik. R/. EBANJELIOA Jn 5, 17-30 Ebanjelio aurreko txatala Jn 11, 25a.26 V/. Neu naz biztuerea eta bizia -dino Jaunak-; Nigan sinisten dauana ez da inoiz hilgo. Aitak hilak biztu eta bizia emoten deutsen lez, Semeak bere bizia emoten deutse gura deutsenei. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutsen juduei: «Nire Aitak lanean dihardu beti, eta Nik ere lanean dihardut». Esandako honegaitik, juduak are gehiago ebilzan Jesus hil guran; zapatuko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita ebala inoan-eta, bere burua Jainkoaren pareko eginez. Jesusek esan eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Semeak ez daike ezer ere bere kabuz egin, Aita egiten ikusten dauana besterik: Aitak zer egin, haxe bera egiten dau Semeak ere. Izan ere, Aitak maite dau Semea eta Berak egiten dituan guztiak erakusten deutsoz, eta honeek baino egintza handiagoak ere erakutsiko deutsoz, harritu egingo zaitueenak. Aitak hilak biztu eta bizia emoten deutsen lez, Semeak bere bizia emoten deutse gura deutsenei. Aitak ez dau inor epaitzen epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku itzi dau-eta, guztiek, Aita ohoratzen daben lez, Semea ere ohoratu dagien; Semea ohoratzen ez dauanak, Ha bialdu dauan Aita ere ez dau ohoratzen. Egi-egiaz dinotsuet: nire berbea entzun eta bialdu nauanagan sinisten dauanak, betiko bizia dau; ez da kondenatua izango, heriotzatik bizira igaro da-eta dagoaneko. Bene-benetan dinotsuet: Badator ordua —hobeto esan, heldua da—, hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dabena, eta entzuten dabenak bizi egingo dira. Aitak bizia bere barruan dauan lez, Semeari ere bizia bere barruan izatea emon deutso. Gainera, epaitzeko ahalmena emon deutso, Gizonaren Semea dalako. Ez harritu esaten deutsuedanaz; badator-eta ordua, hildako guztiek haren ahotsa entzungo dabena, eta hilobietatik urtengo dabena: on egin ebenak betiko bizirako biztuko dira; gaitz egin ebenak, ostera, kondenatuak izateko. Nik ez daiket neurez ezer egin: Aitari entzun lez epaitzen dot, eta nire epaia zuzena da, ez dot-eta helburu neure guraria egitea, bialdu ninduanarena baino».