EGUAZTEN SANTUA I. IRAKURGAIA Is 50, 4-9a Ez neutsen aurpegia alboratu irainei. Isaias Profetaren liburutik Jainko Jaunak berba egiteko trebatu nau, bihotz-jausiei adore-berbea emoteko. Goizero deust belarria ernearazten, ikasle onak lez entzun dagidan. Jainko Jaunak belarria edegi deust, eta nik ez deutsot aurka egin, ez atzera jo. Bizkarra eskeini neutsen joten ninduenei matrailak, bizarretik tiraka ziharduenei. Ez neutsen aurpegia alboratu irainei eta txistuei. Jauna dot laguntzaile; horregaitik, ez naz kikildu; horregaitik gogortu dot aurpegia, harkaitza lez, badakit-eta ez nazala lotsagarri geldituko. Ondoan dot defendatzailea: nork eroan ni auzitara? Aurkeztu gaitezan alkarregaz! Nork dau nigaz auzirik? Datorrela! Hara, Jainko Jauna dot laguntzaile: nork kondenatuko nau? ERANTZUN SALMOA Sal 68, 8-10. 21-22. 31 eta 33-34 EBANJELIOA Mt 26, 14-25 Ebanjelio aurreko txatala V/. Agur, gure Errege; Zu bakarrik izan zara, gure hutsegiteen errukia izan dauana. Edo V/. Agur, gure Errege; Aitaren esaneko izan zara eta kurutzera eroana, hiltera daroen bildotsaren antzera. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek Haretaz dinoen lez; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko dauana! D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik Aldi haretan, Hamabietako batek, Judas Iskariote eritzonak, abadeburuakana joan eta esan eutsen: «Zenbat agintzen deustazue, Jesus zuen eskuetara emoteagaitik?» Hareek zidarrezko hogeita hamar txanpon agindu eutsoezan. Orduz gero, Jesus hareen eskuetara emoteko egokiera bila ebilen Judas. Legamina bako Ogien jaiko lehen egunean, ikasleek Jesusegana hurreratu eta itaundu eutsoen: «Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?» Jesusek erantzun eutsen: «Zoaze urira, halakoagana, eta esaiozue: "Maisuak dino hurrean dala beraren (haren) ordua, eta zuen etxean ospatu gura dauala Pazkoa ikasleekin"». Jesusek agindu lez egin eben ikasleek, eta pazko-afaria prestatu eben. Ilunabarrean, mahaian egoan Jesus hamabi ikasleekin eta, afaltzen ziharduala, esan eban: «Benetan dinotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau». Ikasleak, oso goibeldurik, itaunka hasi jakozan banaka: «Nik ete, Jauna?» Harek erantzun: «Nigaz plater beretik jaten diharduan batek salduko nau. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek Haretaz dinoen lez; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko dauana! Hobe leukean jaio izan ez balitz». Orduan, Judasek —salduko ebanak— itaundu eutson: «Ni al naz, Maisu?» Jesusek erantzun eutson: «Zeuk esan dozu». Afaltzen ziharduela, Jesusek ogia hartu eban eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta ikasleei emon eutsen, esanez: «Hartu egizue, jan: hau nire gorputza da».