MARTITZEN SANTUA I. IRAKURGAIA Is 49, 1-6 Nazinoen argitzat ezarriko zaitut, nire salbamena lurraren azken mugaraino heldu daiten. Isaias Profetaren liburutik Entzun, uharteok! Zuhur egon urruneko herriok! Jaio aurretik deitu eustan Jaunak, amaren sabelean nengoala gogoratu zan nitaz. Ezpata zorrotz bihurtu eustan ahoa, bere eskupean babestu ninduan; gezi zorrotz ninduan bihurtu eta gezi-ontzian gorde. Esan eustan: «Zu zara nire zerbitzaria, Israel, zure bidez agertuko dot neure ospea». Nik, barriz, hau esaten neban: «Alperrik nekatu naz; hutsean eta alperrik lur jota itzi ditut neure indarrak». Baina Jaunagan egoan nire eskubidea, Jainkoaren eskuetan nire lansaria. Orain honan berba egiten dau Jaunak, amaren sabelean eratu ninduanak bere zerbitzari izateko, Jakoben leinuak Beragana bihurtuarazoteko eta Israel herria batzeko. Ohorez jantzi nau Jaunak eta neure Jainkoa izan dot indar. Jaunak esan deust: «Ez da nahikoa zu nire zerbitzari izatea, Jakoben leinuak berreregiteko eta Israelen bizirik geldituak bihurtuarazoteko. Nazinoen argitzat ezarriko zaitut, nire salbamena lurraren azken mugaraino heldu daiten». ERANTZUN SALMOA Sal 70, 1-2. 3-4. 5-6ab. 15ab eta 17 EBANJELIOA Jn 13, 21-33. 36-38 Ebanjelio aurreko txatala V/. Agur, gure Errege; Aitaren esaneko izan zara eta kurutzera eroana, hiltera daroen bildotsaren antzera. Zuetako batek salduko nau. Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nozu. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik. Aldi haretan, larritu egin jakon Jesusi barrua, eta argi adierazo eutsen ikasleei: «Egi-egiaz dinotsuet: Zuetako batek salduko nau». Ikasleak alkarri begira hasi ziran, zeinetaz ziharduan asmau ezinik. Ikasleetariko bat, Jesusek hain maite ebana, beraren ondo-ondoan egoan mahaian. Simon Pedrok keinu egin eutson, zeinetaz ziharduan itauntzeko. Harek, burua Jesusen bular gainean jarriz, itaundu eutson: «Zein da, Jauna?» Jesusek erantzun eutson: «Ogi-zati busti hau emongo deutsodana, haxe da». Eta ogi-zatia bustiz, Judasi, Simon Iskarioteren semeari, emon eutson. Eta ogi-zatiagaz batera Satanas sartu zan haren barrura. Orduan, Jesusek esan eutson: «Egin behar dozuna, egizu laster». Mahaikideetako inork ez eban ulertu zergaitik esan eutson hori. Judasek diru-poltsaren ardurea ebanez, batzuek uste izan eben jairako behar zana erosteko edota behartsuei zerbait emoteko esan eutsola. Judasek ogi-zatia hartu eta bat-batean urten eban. Gaua zan. Urten ebanean, esan eutsen Jesusek: «Oraintxe azalduko da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko dau Ha, eta bat-batean gainera». «Semetxook, orain ez nago luzarorako zuekin. Nire bila ibiliko zaree, baina juduei esan neutsena bera esaten deutsuet zuei bere: “Ni noan tokira, zuek ezin zaree joan”». Simon Pedrok itaundu eutson: «Jauna, nora zoaz?» Jesusek erantzun: «Ni noan lekura zuk ezin jarraitu orain Niri; geroago bai, jarraituko deustazu». Pedrok esan eutson: «Zergaitik ezin deutsut jarraitu orain? Neure bizia emongo dot Zugaitik». Jesusek erantzun eutson: «Zeure bizia emongo dozula Nigaitik? Egi-egiaz dinotsut: Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nozu».