PAZKOALDIKO II. EGUAZTENA I. IRAKURGAIA Eg 5, 17-26 Kartzelan sartu zenduezan gizonak tenpluan dagoz, eta herriari irakasten dihardue. Apostoluen Eginak liburutik Egun hareetan, abade nagusiak eta bere alderdikoek —saduzearrek, hain zuzen ere —, bekaitzez beterik, apostoluak atxilotu eta herriko kartzelan sartu arazo ebezan. Baina gauez Jainkoaren aingeru batek kartzelako ateak zabaldu eta kanpora atara ebezan, esanez: «Zoaze tenplura eta azaldu herriari bizibide honi jagokon guztia». Agindua betez, egunsentian tenplura joan eta irakasten hasi ziran. Bitartean, abade nagusiak eta bere alderdikoek israeldar agintarien Batzar Nagusia batu eben eta apostoluak kartzelatik ekarteko agindu. Joan ziran guardiak, baina ez ebezan kartzelan aurkitu, eta barri emotera bihurtu ziran: «Kartzelea arreta guztiz itxita aurkitu dogu eta zaintzaileak ateetan erne; baina edegitzean ez dogu barruan inor aurkitu». Barria entzunik, tenpluko guardiaburua eta abadeburuak zer jazo ete zan asmatu ezinik ebiltzan. Halako baten, norbait etorri zan barri honegaz: «Kartzelan sartu zenduezan gizonak tenpluan dagoz eta herriari irakasten dihardue». Joan zan orduan guardiaburua bere mutilekin eta ekarri egin zituan, baina indarrik erabili barik, herriak harrika egingo ete eutsen bildur ziran-eta. ERANTZUN SALMOA Sal 33, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 R/. Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun. edo Aleluia Bedeinka dagidan aldi guztietan Jauna, nire ahoan beti Haren gorespena. Gailendu bekit bihotza Jaunagaz, poztu beitez apalak hori entzuteagaz. R/. Handietsi nigaz Jauna, ospatu dagigun batean Haren izena. Jaunaren bila nenbilen eta entzun ninduan, bildur guztietatik atara ninduan. R/. Begira egiozue alaitu zaitezen, zuen aurpegiak lotsatu ez daitezan. Dohakabe honek oihu egin eban, eta Jaunak entzun, estualdi danetatik atara dau bere eskuz. R/. Jaunaren aingeruak txabolak ipinten ditu bildur deutsoenen inguruan, eta babesten ditu. Txastatu egizue eta ikusi zein samurra dan Jauna; bai dohatsu Haregana ihesi doana. R/. EBANJELIOA Jn 3, 16-21 Aleluia Jn 3, 16 R/. Aleluia. V/. Hain maite izan dau Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon deutso; Hari sinisten deutsonik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino. R/. Jainkoak bere Semea bialdu dau, haren bitartez mundua salbatu daiten. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: Hain maite izan eban Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon eutson, Haregan sinisten dauanik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino. Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino. Haregan sinisten dauana ez dago kondenatua; sinisten ez dauana, barriz, kondenatua dago jadanik, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinistu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, hareen egiteak gaiztoak ziralako. Izan ere, txarto jokatzen dauanak gorrotoa deutso argiari, eta ez dator argitara, bere egiteak agerian gelditu ez daitezan. Egiaren arabera diharduana, barriz, argitara dator, haren egiteak Jainkoak nahi lez eginak dirala agertu daiten».