GARIZUMAKO IV. DOMEKEA A I. IRAKURGAIA 1 Sm 16, 1b. 6-7. 10-13a David, Israelgo errege igurtzia. Samuelen lehenengo liburutik Egun hareetan, Jaunak esan eutson Samueli: «Bete adarra orioz eta zoaz. Belemeko Jeseregana bialtzen zaitut, haren semeen artean begiz jo dot-eta nire errege izango dana». Jese eta beronen semeak heldu ziranean, Samuelek Eliab ikusi eta esan eban berekautan: «Zalantza barik, aurrean dau Jaunak bere igurtzia». Baina Jaunak esan eutson Samueli: «Ez begiratu horren itxura eta luzereari, alde batera itzia dot-eta. Jainkoak ez deutso begiratzen gizakiek begiratzen deutsoenari, gizakiek itxureari begiratzen deutsoe-eta; Jainkoak, barriz, bihotzari». Jesek bere zazpi semeak eroan zituan Samuelen aurrera; baina Samuelek esan eutson: «Jaunak ez dau horreetatik inor aukeratu». Orduan, Samuelek itaundu eutson Jeseri: «Honeek al dozuz seme guztiak?» Harek erantzun: «Txikiena gelditzen da; artzain dabil». Samuelek esan eutson Jeseri: «Agindu ekarteko; ez gara jaten hasiko, bera etorri arte». Ekarriarazo eban, beraz, mutila: ule-gorria zan, begi-ederra, itxura bikainekoa. Jaunak esan eutson Samueli: «Jagi eta igurtzi egizu; horixe da». Hartu eban, bada, Samuelek orio-adarra eta igurtzi egin eban bere anaien aurrean. Egun haretan Jaunaren espiritua Davidegan sartu zan eta haren jabe izan zan aurrerantzean. ERANTZUN SALMOA Sal 22, 1-3. 4. 5. 6 R/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean; larra gurietan etzunarazoten nau. Atsedenezko iturrira naroa, eta bizkortu egiten deust barrua. Banaroa bidezidor zuzenetatik, bere izenagaitik. R/. Ibar ilunetan banabil ere, ez nago gatx-bildur, Zu neugaz zagoz-eta: Zure zigorra eta makilea, honeek dira nire poza. R/. Atontzen deustazu mahaia, arerioak daukadazala begira; orioz igurtzi deustazu burua, gainezka dago nire edontzia. R/. Zoriona eta grazia ditut aldean, nire biziko egunetan; eta Jaunaren etxean naz biziko luzaroen luzaro. R/. II. IRAKURGAIA Ef 5, 8-14 Jagi zaitez hilen artetik, eta Kristok argituko zaitu. San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik Senideok: Sasoi batean ilunpe zineen; orain, barriz, argi zaree Jaunari esker. Ibili zaiteze, beraz, argiaren partaide lez; zuzentasun eta egi guztia dira argiaren frutu on izatea. Aztertu zer jakon Jaunari atsegin eta ez parte hartu ilunpean bizi diranen egintza usteletan; salatu egizuez, ostera, lotsagarria da-eta horreek ezkutuan egiten dabena aitatzea ere. Baina argiak salatzen dauan guztia agirian gelditzen da, eta agirian gelditzen dana argi bihurtzen da. Horregaitik esaten da: «Itzartu zaitez, lo zagozan hori, jagi hilen artetik, eta Kristok argituko zaitu». EBANJELIOA Jn 9, 1-41 Ebanjelio aurreko txatala Jn 8, 12b. d V/. Neu naz munduaren argia –dino Jaunak–; nire ondoren datorrenak izango dau bizirako argia. Irakurgai laburragoa egin gura bada, kako [ ] artean emoten diran zatiak itzi daitekez. Joan zan itsua, garbitu, eta ikusten ebala bihurtu zan. D..Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek, bidez joiala, jaiotzatik itsu zan gizon bat ikusi eban. [Eta ikasleek itaundu eutsoen: «Maisu, nork egin eban pekatu, hau itsu jaioteko, honek ala honen gurasoek?» Jesusek erantzun eutsen: «Ez honek, ez honen gurasoek, ez eben pekatu egin, Jainkoaren egintzak honegan agertu daitezan jaio zan itsu eta. Egun-argi dan bitartean egin behar ditut bialdu nauanaren egintzak; badator gaua, eta orduan inork ez daike lanik egin. Munduan nagoan bitartean, munduaren argia naz». Hau esanik,] txistua bota eban lurrera, txistuaz lohia egin eta lohiaz begiak igurtzi eutsozan itsuari; gero, esan eutson: «Zoaz eta garbitu zaitez Siloeko uraskan». (Siloek "Bialdua" esan gura dau). Joan zan, bada, itsua, garbitu eta ikusten ebala bihurtu zan. Auzokoek eta lehen eskean ikusten ebenek esaten eben: «Ez al da hau jesarrita eskean egoten zana?» Batzuek inoen: «Bai, bera da». Beste batzuek: «Ez, ez da ha, haren antzeko bat baino». Berak, barriz, inoan: «Bai, haxe naz».[Orduan itaundu eutsoen: «Zelan edegi jatsuz, bada, begiak?» Eta harek erantzun: «Jesus dalakoak lohia egin dau, begiak igurtzi deustaz eta agindu: "Zoaz Siloera eta garbitu"; joan, garbitu eta ikusten hasi naz». Itaundu eutsoen: «Non da gizon hori?» Harek erantzun: «Ez dakit».] Zapatua zan Jesusek lohia egin eta begiak edegi eutsozan eguna. Horregaitik, fariseuakana eroan eben itsua izandakoa, eta fariseuek barriro itaundu eutsoen zelan hasi zan ikusten. Harek erantzun eutsen: «Lohia jarri eustan begietan, garbitu nintzan eta ikusi egiten dot». Fariseuetako batzuek inoen: «Gizon hori ez dator Jainkoagandik, ez dau zapatuko atseden-eguna errespetatzen-eta». Beste batzuek, barriz, inoen: «Zelan egin daike pekatari batek holako ezaugarririk?» Eta ez etozan bat euren iritzietan. Barriro itaundu eutsoen itsuari: «Eta zuk zer dinozu begiak edegi deutsuzanaz?» Harek erantzun: «Profetea dala». [Halan ere, juduek ez eben sinistu gura gizon ha itsua izan eta ikusten hasi zanik. Beraz, haren gurasoei deitu eta itaundu eutseen: «Hau al da zuen semea, itsua jaio zala dinozuena? Zelan ikusten dau, bada, orain?» Gurasoek erantzun eutseen: «Guk badakigu gure semea dala eta itsua jaio zala; baina orain zelan ikusten dauan edo begiak nork edegi deutsozan, hori ez dakigu. Itaundu berari, badau adina-eta bere buruaren barri emoteko». Juduen bildurrez berba egiten eben gurasoek honan, ordurako agintariek erabagi izan eben-eta Jesus Mesias zala autortzen ebana euren alkartetik botatea. Horregaitik esan eben gurasoek: «Badau adina, itaundu berari». Juduek bigarren aldiz deitu eutsoen itsua izanari eta esan eutsoen: «Autortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori pekataria dala». Harek erantzun eutsen: «Pekataria dan ala ez, nik ez dakit. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsua nintzala eta orain ikusi egiten dodala». Hareek barriro: «Zer egin deutsu? Zelan edegi deutsuz begiak?» Harek erantzun eutsen: «Esan deutsuet lehen ere, eta ez deustazue jaramonik egin. Zergaitik entzun gura dozue barriro? Zuek ere haren ikasle izan gura dozue ala?» Hareek irainez bete eta esan eutsoen: «Zeu izango zara horren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. Guk ziur dakigu Jainkoak Moisesi berba egin eutsola, baina Hori nongoa dan ere ez dakigu». Harek orduan: «Hori bai harrigarria! Zuek nongoa dan ere jakin ez, eta Harek niri begiak edegi. Jakina da Jainkoak ez deutsela pekatariei entzuten, jainkozale danari eta beraren guraria egiten dauanari baino. Egundo ez da entzun itsua jaiotako bati inork begiak edegi deutsozanik. Gizon honek, Jainkoagandik ez baletor, ezin izango leuke ezer egin».] Hareek erantzun eutsoen: «Goitik beheraino pekatari jaio zinan, eta zu guri irakatsi guran?» Eta kanpora bota eben. Jakin eban Jesusek bota egin ebela eta, aurkitu ebanean, itaundu eutson: «Sinisten al dozu Gizonaren Semeagan?» Harek erantzun: «Esaidazu nor dan, Jauna, sinistu dagidan». Jesusek esan eutson: «Ikusi dozu; zugaz berbetan diharduana bera da». Harek orduan: «Sinisten dot, Jauna». Eta aurrean ahuspeztu jakon. [Ondoren, Jesusek esan eban: «Epai baterako etorri naz Ni mundu honetara; ondorioz, ikusten ez dabenek ikusi dagien, eta ikusten dabenak itsu bihurtu daitezan». Jesusegaz egozan fariseu batzuek, hori entzunik, esan eutsoen: «Gu ere itsuak ete gara, bada?» Jesusek erantzun eutsen: «Itsuak bazinee, ez zeunkee pekaturik. Baina ikusten dozuela dinozuenez, zeuen pekatuan irauten dozue».]