PAZKOALDIKO II. MARTITZENA I. IRAKURGAIA Eg 4, 32-37 Sinistedun guztiak bat ziran bihotzez eta gogoz. Apostoluen Eginak liburutik Sinistedun guztiak bat ziran bihotzez eta gogoz, eta inork ere ez eban esaten eukana berea ebanik. Guztia guztiena eben. Apostoluek aginpide handiz egiten eben Jesus Jaunaren biztueraren autormena, eta jenteak oso estimatuak zituan guztiak. Ez zan behartsurik hareen artean. Izan ere, lurrik edo etxerik ebenek saldu egiten ebezan, eta salmentaren ordaina apostoluen esku jarten eben; eta bakoitzari behar ebana emoten jakon. Halan egin eban Josek, apostoluek Bernabe —hau da, Adore-emoile— deitu ebenak; lebitarra zan eta jaiotzaz zipretarra. Solo bat eukan eta, saldurik, dirua ekarri eta apostoluen esku itzi eban. ERANTZUN SALMOA Sal 92, 1ab. 1cd-2. 5 R/. Errege da Jauna, jantzi da handikiro. edo Aleluia. Errege da Jauna, jantzi da handikiro; jantzi da Jauna, indarra dau gerriko. R/. Lurbira Berak jarri dau sendo, eta ez da kolokatuko. Sendo dago betidanik zure aurkia, Zu betidanik zara. R/. Zure autormenak oso sinisgarri dira: zure etxeari santutasuna dagokio, Jauna, gizaldien gizaldietan. R/. EBANJELIOA Jn 3, 5.a. 7b-15 Aleluia Jn 3, 14b-15 R/. Aleluia. V/. Jaso beharra da Gizonaren Semea, sinisten deutson guztiak betiko bizia izan dagian. R/. Ez dau inork zerura igon zerutik jatsi zanak baino, Gizonaren Semeak. D Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: «Bene-benetan dinotsut: Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi, barriro jaioten ez bada». Nikodemok itaundu eutson: «Zelan jaio daiteke norbait, jadanik zaharra izanik? Sartu ete daiteke amaren sabelean eta barriro jaio?» Jesusek erantzun eutson: «Bene-benetan dinotsut: Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsuedalako. Haizeak edonondik joten dau, eta entzuten dozu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera jazoten da Espiritutik jaio danagaz». Nikodemok itaundu eutson: «Zelan jazo daiteke hori?» Jesusek erantzun: «Zu maisu zara Israelen eta ez dakizu hori? Bene-benetan dinotsut: Guk dakiguna esaten dogu eta ikusi doguna autortzen; baina zuek ez dozue gure autormena onartzen. Nik lurreko gauzak esatean sinisten ez badozue, zelan sinistuko deustazue zerukoak esatean? Ez dau inork zerura igon zerutik jatsi zanak baino, Gizonaren Semeak. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, Haregan sinisten daben guztiek betiko bizia izan dagien».