MISINOAK ALDATU EGITEN ZAITU

2019ko. Eleizbarrutietako Misinoen kanpaina

Misinoetarako Ordezkaritzatik datorren martxoan martxan jarriko dogun Eleizbarrutietako Misinoen aurtengo kanpaina aurkeztu gura deutsuegu.

Frantzisko aita santuak egindako deialdiaren haritik jo gura dogu, hau da, misiolari alderdia Eleizaren bizitzaren erdian jartea da helburua. Horretarako, gainera, Aita Santuak Ezohiko Misiolari Hilebetea izendatu dau 2019ko urria, “missio ad gentes” dalakoaren misiolari-sena gehiago suspertzeko eta bizitzaren eta pastoraltzaren misiolari eraldaketari bultzada barria emoteko.

Talde sustatzaileagaz batera, hainbat jarduera prestatzen dihardugu hitzordu horretarako Aita Santuaren deiari erantzun eta datorren urri hori Eleiza osoaren misiolari konpromisoa barritzeko aukeratzat hartuz. Honen haritik, nire ustez garrantzitsua da gure gotzainen hitzak gogoratzea, misiolari hilebete honeetarako dei eta gurari dira-eta:

“Bereziki misiolari den urte honen eraginez susper dadila gure Elizetan misioarekiko grina. Senti dezala bakoitzak misioa bizi izateko era ezagutzeko dei hori. Misioak Elizaren aurpegia berritu egiten du eta geu ere barrutik berritzen gaitu. Espiritu Santuak bere maitasunaz busti gaitzala Jesus Jaunak gure esku utzi duen egiteko zoragarri honi lot gakizkion.”

Beste urte batez, Eleizbarrutietako Misinoen kanpaina martxan da, “misinoak aldatu egiten zaitu” goiburuaren haritik. Jesusen deiak dinamizatu egiten gaitu; erantzuten badogu, axolagabe izten ez bagaitu, mobimentuan jarten gaitu. Gizon eta emakume misiolariak egin gura doguz egunotako protagonista eta, eurrakaz batera, Ebanjelioaganako konpromisoa egunez egun barrituz arazo, erronka, aberastasun eta pobretasunei aurre egiten saiatzen diran persona guztiak.

Eta kartela, aurton be, kolorez eta esanguraz beteta dago; gure ustez, alaia da eta, azken batean, dei bat, mundua biziz eta kolorez beteteko. Senidetasuna egiten jarraitu gura dogu eta Eliza misiolari lez, bidelagun doguzan alkarteetako gizarte, eleiz eta politika egoera ezagutzera emon. Horretarako, gure artean izango dira Kenyan, Kaikor basamortuan jarduten daben Matilde Rivera eta Consuelo Pillajo monja marianitar ekuadortarrak.

Kanpainaren inguruan gehiago jakiteko: www.misioak.org.

Eskerrik asko, aldez aurretik zuon laguntza eta eskuzabaltasunagaitik.

Felicitas Martin Fernandez
Misinoetarako Eleizbarrutiko Ordezkaria

Lagungarriak