“MISINOA BIZIA DA”

2020.eko Eleizbarrutietako Misinoen kanpaina

Misinoetarako Ordezkaritzatik, datorren martxoan martxan jarriko dogun Eleizbarrutiko Misinoen aurtengo kanpainaren barri emon gura deutsuegu. “Misinoa bizia da” goiburua aukeratu da ekitaldi honetarako.

Misinoa bizi egiten da Jainkoak bizitzarako proposatzen deuskun egitasmoari baiezkoa emoten deutsen gizon eta emakumeengan. Misinoak goitik behera aldatzen ditu gure bizitzak eta zentzunez beteten.

Misinoa bizia da, Barri Ona dakarrelako: zapalketetatik askatu, kendutako duintasuna berreskuratu, zapaldutako autoestimua barriz lortu. Jesusek erizpide etikoa jarten deutse
Israelgo jakintsuek egiten ebenari: Jainkoagazko hartu-emona, gizon-emakumeakazko hartuemonetik pasatzen da eta ezin da benetan Jainkoa maitatu, bestea maitatzen ez bada. Jainkoaren Erreinua maitasunaren burutzea da eta misinoa bizitza horren zerbitzura jartea. Honek zer pentsatu emon beharko leuskigu.

Gure eleizbarrutietan, beste lau lagun, abade eta laiko, gehitu behar jakoz Euskal Eleizbarrutietako Misinoen familia handiari. Eskerrak emoten deutsaguz Jainkoari Ramon Diaz-Guardamino, Iraide Donaire, Itziar Bagues eta Joseba Olaziregirengaitik Etiopia eta Ekuadorren bizi egindako misinoagaz bat egin dabelako. Misiolari barri honeek, Espirituaren eta otoitzetik, heziketatik, gure munduaren egoera ezagutzetik gazte eta helduak hezi eta behartsuenengan Jesus aurkitzera atara daitezan, egiten dogun ahaleginaren emaitza dira.

Jesusen deiak bizitu egiten gaitu; axolagabe itzi ordez, erantzun egiten badeutsagu, mobimentuan jarten gaitu. Datozan egunetan, gure misiolariak benetako protagonista izatea nahi dogu eta, eurakaz batera, egunero Ebanjelioaren aldeko konpromisoa barritu eta arazo, erronka, aberastasun eta pobretasunei aurre egiten saiatzen diran guztiak.

Senidetasuna josten jarraitu gura dogu eta Eleiza misiolari lez bidelagun doguzan alkarteen gizarte, eleiz eta politika errealidadea hurreratu. Horretarako, Begoña Iñarra Afrikako Andra Mari ordenako misiolaria izango da gure artean, lekukotasun eta hausnarketa aberasgarriak eskainiz.

Begoñak Ibilbide luzea du Kenya eta Etiopian. Besteak beste, Afrika-Europa Fede eta Zuzentasuna sareko idazkari exekutibo izan da Bruselan eta pertsonen salerosketaren biktimekin jardun izan du Paris eta Madrilen. Berarengana jo dugu, Afrikaren inguruan duen esperientziagatik, kontinente hori ondo ezagutzen duelako (lehengaien indarrezko ebastea, lurraren hondatzea, emakumeen egoera) eta misioen aldeko hautuan eragin eta misioen eremu hori gaur egunera ekar dezakeelako.

Honako honegaz batera, kanpainarako hainbat lagungarri jasoko dozue: Eleizbarrutietako Gotzainen gutuna; Eleizbarrutiko Misinoen egunerako liturgia; powerpointa ospakizun eta taldeetan erabiltzeko; kartelak (Ordezkaritzan gehiago eskatzeko aukera). Kanpainaren inguruan gehiago jakiteko: www.misioak.org.

Aldez aurretik, eskerrik asko zuon laguntza eta eskuzabaltasunagaitik.

Felicitas Martin Fernandez
Misinoetarako Eleizbarrutiko Ordezkaria

Lagungarriak

Bideoak