Ekintza Katolikoaren eta Laikoen Apostolutzaren eguna

“Alkar hartuta ametsaren bila”

2021.eko Maiatzaren 23an

Mendekoste egunez

Adiskideok:

Maiatzaren 23an, Mendekoste egunez, Ekintza Katolikoaren eta Laikoen Apostolutzaren eguna ospatuko dogu, “alkar hartuta ametsaren bila” goiburuaren haritik.

Aurtengo egunaren oinarrian, orain dala urtebete ospatu zan Laikoen Biltzarra dago eta, honegaz batera, Frantzisko aita santuak senidetasun eta gizarte adiskidetasunari buruz idatzi dauan Fratelli tutti entziklika.

Gotzainek aurtengo mezuan adierazo dabenez, “pandemiaren eraginpean dagoan gaur egungo testuinguruan, Eleiza lez lan egiten jarraitu behar dogu Laikoen Biltzarrean adierazo ziran amets horreek egia bihurtzeko, hau da, bereizketa eginez eta sinodo-senez, abian dan Jainkoaren herri lez, Eleiza barrura zein gaurko munduari begira dituan ametsak betetzeko xedeagaz”.

Gutunagaz batera, kartela bialtzen deutsuegu, Ekintza Katolikoaren eta Laikoen Apostolutzaren Eguna girotzeko. 

Aurreko urteetan lez, hainbat lagungarri aurkituko dozue gure web orrialdean (http://www.bizkeliza.org/), eta, nahi izan ezkero, erabili eta zabaldu egin leikezuez, hain zuzen be: Gotzainen mezua egun horretarako, hausnarketarako lagungarriak, liturgia lagungarriak eta Otoitz-bijilia. 

Mendekoste eguneko ospakizunak suspertu daiala bateatu lez dogun egitekoa, “zerbitzatzen dauan Eleiza, etxetik, bere eleizetatik, bere sakristietatik ataraten dan Eleiza izan gura dogulako, bizitzan lagun egiteko, itxaropenari eusteko, (…) zubiak eraikitzeko, harresiak botateko eta adiskidetzea ereiteko” (FT, 276. zenb.).

 

Bilbao, 2021.eko maiatzaren 10a 

 

Agur bat,

Marisa Arias Rodriguez

Laikotzarako Idazkaritza