Ekintza Katolikoaren eta Laikoen Apostolutzaren eguna 2020

Mendekoste Berriturantz.

 

 2020.eko maiatzaren 31a

Mendekoste eguna

 Adiskideok.

Laikotzarako Idazkaritzatik, agur beroa bialtzen deutsuegu. Maiatzaren 31n, Mendekoste eguna ospatuko dogu. Urtero lez, egun horretan, Ekintza Katolikoaren eta Laikoen Apostolutzaren eguna be ospatuko dogu. Pandemiaren eraginez, zailtasunez eta ziurgabetasunez beteta ospatuko dogu eta, aldi berean, hainbeste eremutan, hainbeste lagunen alde erakusten dihardugun gertutasunetik, akonpainamendutik, alkartasunetik. Egoera honetan, oihartzun berezia dabe Jesusen berbek: “Eta ni zeurekin izango nozue egunero munduaren azkenera arte” (Mt 28, 20). Bere Espirituak adore emoten deusku eta Itxaropenean eusten gaitu.

 

 “Mendekoste barriturantz”, goiburuak “Jainkoaren herria abian” ospatu barri dan Laikoen Biltzarra dakarsku gogora eta joan dan kurtsoaren amaieran biltzarra prestatzeko ekin geuntsan prozesuari jarraipena emotera garoaz. Otsailaren 14tik 16ra, bi mila lagunetik gora alkartu ginan Madrilen. Alkartasunezko biltzar lez bizi izan genduan gertaera ha. Orain, hango irrikari jarraipena emon gura deutsagu, lau ibilbide garatuz: lehenengo iragarpena, akonpainamendua, heziketa eta gerpen publikoa. Biltzarraren web orrialdean: www.pueblodediosensalida.com, eskuratu daitekez berbaldiak, esperientziak eta bizipenak, ospakizunak… Tresna egokiak dira sakontzen jarraitzeko eta biltzarraren osteko ibilbidean aurrera egiteko.

 

Egun hau dala-eta, Laikotza, Familia eta Bizirako Gotzain Batzordetik hainbat bitarteko prestatu da: hausnartzek lagungarriak, helduen, gazteen eta umeen katekesia, Otoitz-gaubela, liturgia lagungarriak Mendekoste-egunerako eta kartela. Eleizbarrutiko orrialdearen bitartez jadetsi daikezuez: http://www.bizkeliza.org/pastoral/movimientos-y-asociaciones/dia-ac-y-apostolado-seglar-2020/

 

Frantzisko Aita Santuak Biltzarrari zuzendutako berbak gogoratuz amaituko dogu: “Jainkoaren Hitza gogo biziz eta poztasunez hots egin behar dogu kristau lekukotasunaren bidez, bakartzen eta baztertzen daben harresirik altuenak be behera botateko. Zeuon ordua da, kulturaren, politikaren, industriaren,… munduan konprometitutako gizon eta emakumeona, zeuon bizimoduarekin Barri Onaren barritasun eta poztasuna zagozen leku guztietara eroateko gauza zarien gizon eta emakumeona”.

 

Jainkoaren herri misiolari eta santu izan gura dogu gure munduan. Aitzindari eta gidari dogun Espirituaren eskuetan jarriko gara.

 

Besarkada bat!

Maite Valdivieso Peña

Laikotzarako Idazkaritza

Bilbao , 2020.eko maiatzaren 21a