Historia

Ez dago daturik Bizkaiko ebanjelizatze aroa zehaztasunez ezartzeko. Batzuen esanetan, Bizkaiko lurraldean kristautasuna berandu samar ezarri zan. Hala ere, etniko eta hizkuntza alderdiari dagokienez antzekoak ziran auzoko herrietan kristau zabalkunde guneak goiz samar egoteak eta paganismoaren arrasto edo testigantzarik ez egoteak, kristautasunaren sarrerea mende batzuetan atzeratzea galarazoten deuskue.

Aztarna arkeologiko batzuen arabera, Inperio Erromatar Berantiarrean hasi zan. Ikerlari batzuk (Vives, D?Ors) Morgan aurkitutako 362. urteko Sempronia hilarria kristautzat hartzen daben arren, ezin dogu ziurtasun beteaz esan.

Argiñetako hilobiaLehenengo aztarna arkeologiko ezaguna, data zehazduna eta kristaua, Argiñetako (Elorrio) hilobia da, 883. urtekoa. Euren ezaugarri epigrafikoen arabera, ugariak dira hilarri garaikideak. Agirietan jasotako datuak ez dira XI. mendera arte agertzen, eta Bizkaia osoan zehar sakabanatutako elizak aurkezten deuskuez. Hasiera batean, Bizkaia osoa, alde autrigoia ezik (Enkarterriak, Gordexolako bailara kanpo), Iruñako sedearen menpe egoala dirudi eta hemendik banatu egin zala Arabako Elizbarrutian sartzeko, hau IX. mendean zehaztu bako datan sortu zanean.

Arabako Elizbarrutia Kalagorrikoak 1088. urte inguruan bere ardurapean hartuta, honen menpe egon zan 1861. urtera arte; orduan Gasteizko elizbarrutia eratu zan, eta 1851ko Konkordatuaren arabera, orduan ?Provincias Vascongadas? deitutakoak batu ebazan. Lurralde autrigoia Okaren menpe egon zan lehenengo eta Valpuestaren menpe gero, hau Burgosek hartu eban arte, 1087. urte inguruan. 1754. urtean, Burgosen menpe egozan Bizkaiko parrokietako batzuk Santanderreko Elizbarruti sortu barrira igaro ziran. 1861. urtean, egoitza gasteiztar barriaren barrutira pasatu ziran. 1088. urtean Kalagorrik Araba hartu ebanean, XVI. mendera arte iraun eben aurkakotasun batzuk egon ziran Bizkaian. Euren elizen monasterio-erregimenak eta hamarrenak jasotzen ebezan ugazaben harrokeriak eragiten eben erresistentzia egoera hau. XVI. mendetik aurrera berrezarpen bikaina egiten da, Luco gotzainaren eskutik, lehenengo eta behin, eta mende honetan eta hurrengoetan Ordena erlijiosoek, batez ere jesuitek eta frantziskotarrek, egindako lanagaitik.

Erdi Aroan, lurralde bizkaitarra Santiagora doazen erromesen pasabidea da. ?Kostaldeko? bide lez ezagutzen dan bidea da. Guztiz garrantzitsua da ?Santiago bide? honen eragina Elizbarrutian, erlejino arloan zein merkataritza eta komertzio arloan. Bilbao izango da Santiago zaindaritzat hartzen dauan lehenengo uriburuetakoa eta bere eliza nagusiena eskeiniko deutso. Asko dira Santiagoren zedarriak probintzia osoan, ekialdetik mendebaldera. 1862. urtean Gasteizko Elizbarrutia eraikitzen da eta bertan sartzen da Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabagaz batera. 1949.eko azaroaren 2ko Quo Commodius buldak Bilboko Elizbarrutiaren eraketea agindu eban. Espainian Aita Santuaren nuntzio apostoliko zan monsinore Gaetano Cicognanik gauzatu eban. Sortu zanetik, Elizbarrutia 1936-39 gerra zibiletik heredatutako egoera sozio-politiko eta kultural tirabiratsuetan murgilduta egon da. Gerra haretatik sortutako erregimen politiko espainiarraren eraketa bereziak bizikidetza zibil eta erlijioso guztiz zaila ekarri eban, era guztietako ondorio larriekin.