Gotzain izandakoak

On Casimiro Morcillo Gonzalez gotzaina: Bilboko lehenengo gotzaina. Soto del Realen (Madril) jaio zan 1904.eko urtarrilaren 29an. 1949.eko azaroaren 2an, Bilboko Eleizbarrutia eratu zan eta bertoko lehenengo gotzain izendatu eben 1950.eko maiatzaren 13an. 1950.eko irailaren 9an, Bilboko eleizbarrutiko gotzain karguaz jabetu zan. 1955.eko irailaren 29an, Zaragozako Artzapezpiku izendatu eben eta 1955.eko azaroaren 9an, Bilboko Eleizbarrutiko Administratzaile Apostoliko izendatu eben Bilboko Gotzain barriaren etorrerara arte. 1964an, Madrileko lehengo artzapezpiku izendatu eben. Vatikano II.a Kontzilioko guraso izan zan. Espainiako Gotzainen Batzarreko presidenteorde izan zan hiru urtez (1966-69) eta presidente 1969tik 1971.eko maiatzaren 30an hil zan arte.

On Pablo Gurpide Beope gotzaina: Bilboko bigarren gotzaina. Otsagabian (Nafarroa) jaio zan 1898.eko urtarrilaren 25ean. Iruñako eleizbarrutian ordenatu zan eta Filosofia, Teologia eta Zuzenbide Kanonikoan doktoratu zan Comillaseko Unibertsitatean (Madril). Bilbora heldu aurretik, Siguenzako gotzain izan zan. 1955.eko abenduaren 21ean Bilboko Gotzain izendatu eben eta 1956.eko otsailaren 3an karguaz jabetu zan. Vatikano II.a Kontzilioan parte hartu eban. Bilbon hil zan 1968.eko azaroaren 18an eta bere gorpuzkia Bilboko Santiago Katedraleko kriptan dago.

On Jose Maria Cirarda gotzaina: On Pablo Gurpide gotzainaren heriotzaren ostean, Bilboko Eleizbarrutiko Administratzaile Apostoliko izendatu eben. Bakion (Bizkaia) jaio zan 1917.eko maiatzaren 23an. 1942.eko uztailaren 5ean abade egin zan. 1960an, Drusilianako gotzain titular eta  Sevillan Bueno Monreal kardinalaren laguntzaile izendatu eben. 1960an gotzain izendatu ondoren, hainbat gotzain-aulkitan izan zan. 1968.eko uztailaren 22an, Santanderreko gotzain izendatu eben eta 1968.eko azaroaren 20tik aurrera, aldi berean Bilboko administratzaile apostoliko izan zan hiru urtez. Kordobako gotzain izan zan 1972tik 1978ra eta urte horretan Iruñako artzapezpiku izendatu eben. 1993.eko martxoaren 26ra arte iraun eban karguan eta orduan adinagaitik karguari uko egiteko nahia agertu eta eskaria onartu egin eutsen. Gotzainen Batzarreko hainbat batzordetako kide izan zan eta Batzarreko bertako presidenteorde (1978-1981). 2008.eko irailaren 17an hil zan, 91 urteko zala.

On Antonio Añoveros Ataun gotzaina: Bilboko hirugarren gotzaina. Iruñan jaio zan 1909.eko ekainaren 13an. 1933an, abade egin zan. Iruñako San Nikolas eta Tafallako Andra Mari parrokietako parroko izan zan. Malagako katedraleko kalonje, seminarioko errektore eta Eleizbarrutiko bikario nagusi izan zan. 1952an, Malagako Eleizbarrutiko gotzain laguntzaile izendatu eben eta 1954an, Cadizeko gotzain titular. 1971.eko abenduaren 19an, Bilboko gotzain izendatu eben. Añoverosek 1978ko irailean emon eban dimisinoa. Bilbon hil zan, 1987.eko urriaren 24an.

On Joan Maria Uriarte Goirizelaia gotzaina: Fruizen (Bizkaia) jaio zan, 1933.eko ekainaren 7an. Comillaseko Unibertsitatean eta Lovainan ikasi eban. 1957an, Bilboko Eleizbarrutiko abade ordenatu zan. Kontzientziako gidari eta errektore izan zan Bilboko Seminarioan. 1976.eko irailaren 17an, Bilboko Gotzain Laguntzaile izendatu eben eta urte bereko urriaren 11n Gotzain kontsakratu zan. Bilboko Eleizbarrutiko Administratzaile Apostoliko izan zan On Antonio Añoveros gotzainak 1978.eko irailaren 25ean karguari uko egin eutsanetik 1979.eko otsailaren 16an On Luis Maria Larrea gotzain izendatu eben arte. Beste hamabi urtez, Bilboko gotzain laguntzaile izan zan. 1991ean, Zamorako gotzain izendatu eben. Gotzainaren Sinodoaren Europarako Ezohiko II. Batzar Nagusian parte hartu eban Vatikanoan, 1999.eko irailaren 26tik urriaren 17ra, Gotzainen Batzarrak aukeratutako kide lez. 2000ean Donostiara joan zan eta On Jose Maria Setien gotzainaren lekua hartu eban. Hamar urtez izan zan Donostiako gotzain. 2009an, adinagaitik uko egin eutsan karguari eta eskaria onartu izan jakon.

On Luis Maria Larrea eta Legarreta gotzaina: Bilboko laugarren gotzaina. Ugaon (Bizkai) jaio zan 1918.eko apirilaren 19an. Gasteizko seminarioan egin ebazan abade ikasketak eta 1943.eko ekainaren 27an, abade egin zan. Gasteizko Eleizbarrutian, Seminarioko irakasle, fiskal nagusi eta loturaren defendatzaile izan zan. Seminarioko errektore eta katedraleko kalonje be izan zan. 1971.eko irailaren 25ean, Leoneko gotzain izendatu eben eta bertan jardun eban 1979ko otsailean Bilboko Gotzain izendatu eben arte. On Luis Maria Larreak uko egin eutsan karguari 1993an adinagaitik. Urte biren buruan, 1995ko irailean, bere lekua hartu ebana izendatu eben. Eleizbarrutiko Administraile Apostoliko izan zan On Ricardo Blazquez gotzain izendatu ebenetik 1995.eko urriaren 29an karguaz jabetu zan arte. Bilbon hil zan, 2009.eko maiatzaren 27an.

On Ricardo Blazquez Perez gotzaina: Bilboko bosgarren gotzaina, 1995.eko irailaren 8tik. Villanueva del Campillon (Ávila) jaio zan 1942.eko apirilaren 13an. 1988.eko apirilaren 8an Santiago de Compostelako gotzain laguntzaile izendatu eben eta urte bereko maiatzaren 29an ordenatu zan gotzain. 1992.eko maiatzaren 26an, Palentziako gotzain izendatu eben eta 1995.eko irailaren 8an, Bilboko gotzain. 2010.eko martxoaren 13an, Valladolideko artzapezpiku izendatu eben eta urte bereko apirilaren 17an karguaz jabetu zan. Espainiako Gotzainen Batzarreko presidente izan zan 2014tik 2020ra, 2017.eko martxoaren 14an bigarren aldiz kargurako aukeratu ondoren (presidentetzan izan zan 2005etik 2008ra eta presidenteordetzan 2008tik 2014ra arte). Salamancako Unibertsitateko Kantziler Nagusi eta Kardinal 2015etik. Espainiako Gotzainen Batzarrean, Batzorde Iraunkorreko eta kardinalen Batzordeko kide da. Gainera, Fedearen Doktrinarako Gotzain Batzordeko kide da 2020ko martxotik.

On Carmelo Etxenagusia Uribe gotzaina: Iurretan (Bizkaia) jaio zan 1932.eko apirilaren 24an. Arteako Gaztelu-Elexabeitiko (Bizkaia) eta Vitoria-Gasteizko (Araba) seminarioetan eta Comillaseko Unibertsitatean ikasketak egin ondoren, Begoñako Basilikan abade egin zan 1955ean. 1964an, Euskaltzain izendatu eben eta 1998an, Euskaltzain Ohorezko. Irakasle izan zan Seminario Nagusian eta Txikian, Bilboko eleizbarrutiko Bikario Nagusi (1968-1989) eta Begoñako basilikako parroko (1990-1995), 1995.eko irailaren 8an Bilboko Gotzain laguntzaile izendatu eben arte. 1995.eko azaroaren 9an, gotzain ordenatu zan. Errepide eta Itsas Apostolutzaren sustatzaile izan zan Espainiako Gotzainen Batzarrean. Arauzko adina betetean, dimisinoa emon eban eta onartu egin eutsen 2008.eko otsailaren 5ean. Bilbon hil zan 2008.eko azaroaren 6an.

On Mario Izeta Gabikagoxeaskoa gotzaina: Bilboko seigarren gotzaina. Gernikan (Bizkaia) jaio zan 1965.eko martxoaren 21ean. Teologia-ikasketak egin ebazan, lehenengo Nafarroako Unibertsitatean eta beranduago Kordobako eleizbarrutiko Seminarioan, eta Eleizbarruti honetan egin zan abade 1994.eko uztailaren 16an. Doktore Medikuntza eta Kirurgian (1995) eta Doktore Teologian (2002) eta Master Ekonomian (2004). 2008.eko otsailaren 5ean, Bilboko Gotzain laguntzaile izendatu eben eta 2008.eko apirilaren 12an gotzain ordenatu zan Bilboko Katedralean. 2010.eko apirilaren 17an, Gotzain Administratzaile Apostoliko izendatu eben, 2010.eko abuztuaren 24an Bilboko Gotzain izendatu eben arte. Frantzisko aita santuak Burgoseko Artxidiozesiko artzapezpiku izendatu eban 2020.eko urriaren 6an. Administratzaile apostoliko izan zan 2020.eko abenduaren 5era arte, egun horretan Burgoseko artzapezpiku karguaz jabetu zalarik. 2020ko martxotik, Espainiako Gotzainen Batzarreko Batzorde Eragileko eta Batzorde Iraunkorreko kide da.  

On Joseba Segura Etxezarraga gotzaina: Bilbon jaio zan 1958.eko maiatzaren 10ean. 1985.eko urtarrilaren 4an, abade egin zan. Lizentziatua da Psikologian (1983) eta doktore Teologian (1989) Deustuko Unibertsitatetik. 1992 eta 1996 bitartean, Ekonomian Masterra egin eban Estatu Batuetako Boston College dalakoan. 1996tik gotzain ordezkari izan zan Caritasen, Gizarte Pastoraltzarako ordezkari eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide. 2006 eta 2017 bitartean Ekuadorren egon zan. 2018.eko irailean, Bilboko Eleizbarrutiko bikario nagusi izendatu eben. 2019.eko otsailaren 12an Gotzain laguntzaile izendatuta, 2019.eko apirilaren 6an gotzain ordenatu zan Bilboko Katedralean. Espainiako Gotzainen Batzarrean, Ekonomia-batzordeko kide da 2020tik. Misinoetarako eta Eleizen arteko Lankidetzarako Gotzain Batzordeko kide be bada 2019ko azarotik. 2020.eko abenduaren 5ean, Eleizbarrutiko Administratzaile izendatu eben. 2021.eko maiatzaren 11n Bilboko Gotzain hautatu izendatua.