Familia, ebanjelizazinoaren eragile

Elizbarrutiko proposamena Osoko Pastoraltzarako

Eleizbarrutian, Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko V. Egitasmoaren lehen aldian egin izan dan bereizketa-prozesuagaz batera, familiari eskainitako Sinodo biak ospatu izan dira eta dalako prozesu haretan familia lehenetsi da argi eta garbi ebanjelizazinoaren eragile lez eta ez jasotzaile lez bakarrik. Horren eraginez, ezinbestekoa da osoko pastoraltzaren –eta ez bakarrik familia pastoraltzaren- hausnarketa barria, barritzea eta sendotzea. Oraintsu atera da Frantzisko Aita Santuaren Amoris laetitia Aholku-hitza ere, familiak ebanjelizatzean dauan zeregina indartzeko.

Lehen begiratuan, bat eginda landu behar doguzan kontuak antzematen dira. Praktikan ikusi daitekena zera da: ebanjelizazinoa, batez be, iragarpenari lotuta ulertzen dala, benetan era askotako osagaiak baditu be, nahiz eta lehen iragarpena giltzarria izan. Karidade eta zuzentasunaren aldeko konpromisoa, bakarkako eta alkarteko otoitza, sakramentu-bizitza eta alkartean txertatzea be ebanjelizazinoaren osagarriak dira. Horregaitik, ezinbestekoa da baterako erantzuna buztartzea, osoko pastoraltzaren ikuspuntutik. Horretan datza orain aurkezten danaren giltza. Kasu batzuetan, ekimen barriak martxan jarriko dira, baina barritasunik esanguratsuena, ikuspuntu barria hartzea da, integralagoa, egiten diharduguna berrezarri eta aldatuko dauana.

Karidade eta Zuzentasunerako, Liturgiarako eta Ebanjelizazino eta Katekesirako Ordezkaritzek batera hausnartu eta prestatu dabe orain aurkezten dan agiri hau, pastoralgintza eleizbarruti osoan bultzatzeko. Alde batetik, sailen bitartez egiten dan banaketa zorrotza gaindituz, osoko pastoraltza suspertzeko eta, bestetik, bikaritza eta pastoral barrutiei laguntasun eraginkorragoa eskaintzeko egiten ari dan Kuria Pastoralaren erabarritze prozesuaren barruan dago ekimen hau. Misinoa bada Eleizaren bizitza zehazten dauana, egindako bereizketak bitarteko pastoralen birmoldaketa eta barriztatzea eskatzen dau.

Honako agiri hau hiru ataletan banatzen da. Lehenengoan, abiapuntuaren esangura eta oinarria argitu gura da: familia ebanjelizazinoaren eragile. Bigarrenean, baterako azterketaren ondoren, ondorio batzuk jasoten dira. Azkenik, hirugarrenean, jardunbide batzuk proposatzen dira osoko pastoraltzarako.

AGIRIA DESKARGATU