Elizbarrutiko azpimarra

Gizarte-karidade alderdia ebanjelizatzearen eta alkarteen bizitzaren bihotzean txertatu

Kurso honetan, gure Eleizbarrutiak aparteko arreta jarri gura dau Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko V. Egitasmoaren azpimarra batean: gizarte-karidade alderdia ebanjelizatzearen eta alkarteen bizitzaren bihotzean txertatu.

Azpimarra hau estu lotuta dago ebanjelizatzearen ezinbesteko osagaiagaz: karidade eta zuzentasunaren aldeko konpromisoa, gizon eta emakume ahulenen aldeko hautua. Alderdi hau Ebanjelioaren iragarpenaren osagaia dala errealidadean ikustean datza. Ospatu barri dogun Behartsuen Munduko Jardunaldia izan daiteke azpimarra honen abiapuntua.

Azpimarra hau joan dan kursoko azpimarrari lotuta dago: familia, ebanjelizazinoaren egile eta eragile, “familia, gizarte errealidade nagusi lez, personen hezitzaile eta prestatzaile dalako, gizarte alderdi itziezinaren eroale eta gizarte eraldaketaren eragile”. Azpimarra honek, beraz, osoko erantzuna eratzen lagundu gura deusku, osoko pastoralaren ikuspuntua geure egin eta gizarte-karidade konpromisoa dagokion lekuan jarriz.

Eleizbarrutiko Ordezkaritzetatik eta Caritasetik gure pastoralgintza osoa gehien sufritzen dabenei begira koloreztatzen lagunduko deuskun hainbat jarduera gogoratu eta proposatu gura dogu kurso honetarako. Horra hor aurkezten dogunaren giltza: begirada, ikuspuntua, osokoagoa, egiten diharduguna barriro lekutuz eta dagokionean, aldatuz. Jesusen ebanjelioa bene-benetan bizitzen lagunduko deuskun begirada.

Leku batzuetan, egiten ari dana osatuko dauan ekimenen bat martxan jartea edo eranstea izango da; beste batzuetan, dagokion balioa emon eta sendotzea; beste hainbat errealidadetan, pastoralgintza ikuspuntu honetatik aztertzeko balioko dau… Azken batean, azpimarra hau gizarte-karidade alderdia gure alkarteen bizitzaren bihotzean jarteko baliagarri izatea da garrantzitsuena.