Aurkezpena

Anai-arreba maiteok.

Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko V. Egitasmoa amaitu eta ebaluatu ondoren, pastoral ekiturte barriari ekin deutsagu Eleizbarruti osorako ibilbidea aurkeztuz, danon artean Egitasmo barria prestatu daigun. Bat egin eta Jaunak gure Eleizbarrutiari zer esan gura deutsan entzuteko bidea da (ik. Ap 1, 11).

Ospatu barri dogun ‘Goazen!’ pastoral ekiturtearen hasierako jardueran aurkeztu neban pastoral idazkian jaso dot gure Eleizbarrutiko bizitzarako oinarrizkotzat joten dodan hainbat bitarteko, izenburu honeen pean: Eukaristia, biziaren iturri eta ebanjelizatzearen sustrai; alkartasuna, ebanjelizatzerako ezinbesteko ekologia; ebanjelizatze-misinorako ikasle eta mandatari izateko era; fedearen berezko gizarte alderdia; ebanjelizatzerako ezinbesteko pedagogia eta jarrerak.

Gotzain Kontseiluak, egitasmo barrirako batzorde teknikoaren laguntzagaz, datozan urteetan bultzatzen saiatuko garan pastoral ekimenak Espirituaren argitan bereizten lagunduko deuskun ibilbidea proposatu gura dau. Frantzisko Aita Santuaren agiriez baliatuko gara bereizketa hau egiteko.

Hastera goazan fasean, Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmo barria eratu aurreko azterraldia egingo dogu, ahalik eta partaidetza zabalena bilatuz. 2019.eko urriaren 1ean ekin eta 2020.eko otsailaren 11n amaituko dogu etapa bitan egingo dogun fase hau:

  1. Diagnosi-aldia (urriaren 1etik abenduaren 15era).
  2. Proposizio-aldia (urtarrilaren 1etik otsailaren 11ra): aurretiko faseko emaitzak sistematizatu eta itzuli egingo dira lurralde eta erakundeetan egitasmo barriaren lehentasunak zeintzuk diran zehazten laguntzeko testuingurua eskainiz.

Abian jarriko dan “diagnosi-aldian” parte hartzeko lagungarriak urriko lehenengo astean argitaratuko dira eleizbarrutiko webean, lehenengo eta behin, zeuon inguruabarretara egokitu eta, gero, lekuko Eleizan batera jarri daizuezan zuon hausnarketa eta ondorioak.

Honako honen bitartez, adore emon gura deutsuet bideari ekin deiozuen, Jaunaren deia entzunez eta ebanjelizatzea erantzukizun eta poztasunez nork bere eginez. Eskerrik asko egitasmo barriaren prestaketan parte hartu eta gure Eleizbarrutiko kide eraginkor eta arduratsu izateagaitik. Bereizketa-aldi honetan bedeinkatu eta lagundu gaizala eskatzen deutsat Jaunari. Bihotz-bihotzez.

+ Mario Izeta Gabikagoxeaskoa
Bilboko Gotzaina