IDENTIDAD Y MISIÓN

Nortzuk gara? Zein da gure enkomienda elizbarrutian?

?Zoazte eta egin herri guztiak nire ikasle? (Mt 28, 19), agindua utzi zigun Jaunak Zeruetara igo baino lehen, bere mezua eta salbamen-egintza munduko inguru guztietara zabaltzeko. Mezu ederra, eginkizun liluragarria, Jainkoarenganako konfiantzaz eta Harekiko eta anai-arrebekiko maitasunez beteriko bidea, hauek ere salbamenaren dohain handi honetan partaide egitean. Lekuko Elizak berezkoa du misiolari alderdia. Gure bataio santuaren egunean, sagaratuak izan ginen Kristoren Pazko Misterioan eta lekuko eta misiolari bezala bidaliak. Elizaren misiolari alderdia bataio-sagarapenean sustraitzen da. Horregatik, misiolari eginkizuna Elizaren ezinbesteko osagaitzat eta ahalegin utziezintzat jotzen da. Gure Elizbarrutiak, historia laburra badu ere, bere bizitza bizi eta itxaropenaren iragarle, Jainkoaren Erreinuaren haziaren ereile nekaezin izateko eskaini izan duen Bizkaiko hainbeste seme eta alabaren misiolari lekukotasun bikaina du. Misioetarako Elizbarrutiko Ordezkaritzak aurkezten duen oroitza-txosten honek Elizbarrutiaren 2011-12 pastoral ekiturteko misiolari jardueraren alderdi nagusiak jasotzen ditu. Gure anai arreba ugarik Jainkoaren Eliza eraikitzeko eta salbamen mezua eramateko eskuz esku elkarlanean arituz beren bizitzaren onena utzirik, guretzat hain maite eta esanguratsuak diren Hego Amerika eta Afrika bezalako lekuetan Eliza ahizpekin izandako lankidetza biziaz dihardu. Edo bigarren alderdiaz: gure Elizbarrutiaren misiolari sustapenaz. Topaketen, biltzarren, hitzaldien, trukeen, jardunaldien, kanpainen, e.a., egitarau zabalaren bidez, Ordezkaritzako kide eta laguntzaileek gure bihotzean pizturik dagoen eta gure Elizaren ariman sutan dagoen misiolari-garra bizitasun eta zabaltasun handiagoz hedatzea ahalbideratu du. Egundoko egintza honi eusten dion ekonomiaren aurkezpenak eta konprometituta gauden egitasmoen zerrenda zehatzak errealitate bizi eta itxaropentsuaren zeinuak islatzen dizkigute. Jainkoa lagun, oroitza-txosten honek lagunduko ahal digu gure misiolari konpromisoa gogo biziz sendotzen eta XXI. gizaldi honen hasieran hainbeste herri eta nazioren itxaropena diren Eliza ahizpa eta maiteekiko senide lankidetza bultzatzen. Aukera ona da, aldi berean, hainbeste eta hainbeste misiolariri bere fede eta karitatezko lekukotasunagatik eskerrak emateko eta eskerron hori era batera edo bestera misiolari ekintzan esku hartzen duten guztiei helarazteko. Jainkoaren bedeinkapena eta Ama Mariaren babesa zuontzat eskatuz, senide besarkada bidaltzen dizuet.