Lehenengo Penitentziarako eta Lehenengo Eukaristiarako eleizbarrutiko artzaintza-norabideak

(ATALA)

 

Ondoren jasotzen dana Gotzain Kontseiluak 1990. urtean ontzat emon ebazan eta indar betean dagozan Eleizbarrutiko Artzaintza-norabideen* "atal" bat da.

 

68. LAUGARREN ARTZAINTZA-JOKABIDEA: Parrokia, katekesi ikastaldiak eta sakramentuen lehen ospakizunak egiteko "lekua"

Parrokia, Eleizbarrutiko lekuan-lekuango atal danez, "kristau bizitzearen sorburu da",[1] gehienetan sortu eta hazi, otoitz egin eta sakramentuak ospatu egin ohi dan lekua; leku honetatik doaz kristauak apostolu lez mundura. Erizpideak zehaztuz, parrokia aparte-aparteko lekua da, kristau alkartea bertan egiten da, guzti-guztien ama bailitzan, edozein sexu, adinetako eta eratako gizon-emakumerena, hain zuzen.[2]

69. 1. Lehen Penitentzia eta Lehen Eukaristia ospatzeko gertetan dagozan umeei katekesi ikastaldiak emoteko lekurik aukerakoena eta gehien gehienetan hautatu beharrekoa parrokia alkartea da, baita sakramentuon ospakizuna egiteko benetako lekua ere. Alkartean jaioten dira umeak, eta, Bateoaren bidez, bertan kristau egiten; bidezkoa da, beraz, alkarteak ama izate hori osotzea, umeoi katekesi ikastaldiak emonez eta eurakaz Lehen Eukaristia ospatuz, nagusien alkarte iraunkor bati lotu dakiozan. Behartsuen "berezitasuna", hots, alkarteko artzaintza-erizpideak onartzeko gai ez izatea, horixe bakarrik izango da salbuespena egiteko arrazoia.

70. 2. Horregaitik, Eleizbarrutiko Batzar Nagusiaren seigarren Helburu Orokorreko 6.4 ekintza egi bihurtzea beharrezkoa da, hau da: "Parrokia, alkarteen alkartea dalako, guztientzako lekua izan beite, kristau guztiek erlijinozko jazoera guztiak bertan ospatu dagiezan".

Ondorenez:

a) Umeek euren parrokiako katekesi-aldietan parte hartuko dabe, umeen katekesi-aldi guztian, hau da: 6-12 urte bitartean, eta parrokian bertan egingo dira nagusien parrokiaren alkarteko, lehen sakramentuak ospatuz.

b) Gurasoak eurena ez dan parrokia batean badabe hartuemona eta umeak eleiz-bizitzea han izango badau, hobe da parroki honetan gertatu daiten eta berton sakramentuak ospatu dagizan.

c) Lehen Penitentziaren eta Lehen Eukaristiaren ospakuntzak parrokiako alkartean bakar-bakarrik egingo dira. Arau hau eleizbarruti guztian bete beharrekoa da.

71. 3. Gurasoek euren semearentzat edo alabearentzat Lehen Eukaristia ospatzeko beste parroki batera joatea eskatzen badabe, jatorrizko alkartearen parroko danak umearen barri idatziz emon beharko dau, katekesi gertakuntzari eta alkarteari buruz mutikoa edo neskatoa zein egoeratan aurkitzen dan adieraziz, eta, beharbada, baita familiaren erlijinozko egoeraren barri emonez ere. Hartzaile dan alkarteko parrokoari dagokio mutikoa edo neskatoa onartzeko nahiko arrazoi badan ala ez erabagitea.

Honek gogoan izan begi pastoralgintza aldetik hurrengo arrazoiok ez dirala baliozko:

  • bazkaria egingo daben jatetxea hur izatea;
  • Lehen Eukaristia erlijinozko beste ospakizun bati lotzea, esate baterako, ezkontzari.

72. Pastoralgintzaren aldetik, ostera, hurrengo arrazoiok baliozko izan daitekez:

  • bigarren parrokiko kristau alkarte hau, mutikoaren edo neskatoaren gurasoentzat, fede-ospakizunak gehienetan egiteko lekua izatea, edo kristaubidezko taldea parroki haretan eukitea;
  • gurasoak etxebizitza parroki barriaren mugetara eroateko asmoa izatea;
  • (kasu batzuetan jazo daiteke, askotan ez izan arren), honango pertsona batzuk, hau da, guraso edo umearen hurrenak diran guraso-ordeko batzuk erlijinozko hartu-emon bakarra aitaturiko parrokia horretan izatea.

73. 4. Gurasoek, parrokoagaz eta parrokiko katekesi-arduradun taldeagaz berba eginda gero, euren seme-alabatariko bik alkarregaz Lehen Eukaristia ospatzea eskatzen badabe, nagusiak txikienari itxaron deiola, aginduta dagoan gertaldia azkenengo honek amaitu arte.

 

BETE BEHARREKO ARTZAINTZA-JOKABIDEEN LABURPENA

(Eleizbarruti osorako)

90. Bigarren zati honetan argi ikusi da Eleizbarruti guztian bete beharreko jokabideak edo betetzera behartuta gagozanak eta aholkuzkoak zeintzuk diran.

Ondorenez, jokabide guztiak betebeharrekoak ez badira ere, bada beharrezkoa jokabideok aholkuz, kontseiluz, eta abar ezartzen dituen bideetan aurrera egitea. Lurralde batzuetan, beraz, (Sektore eta Bikaritza batzuetan) berariazko jokerak bultzatu arren, ezin daiteke jokatu beste artzaintza-eskualdeetan erabilten diran jokabideen aurka.

Hona hemen, gomutara ekarriz, Eleizbarruti guztian betebeharreko diran jokabideak:

91. 1. Umeen gertakuntza eta adina

a) Urtebeteko epea hartuko da Jaungoikoagan sinistea eta Jesusegazko bizitzea umeengan sortu eta sendotu daitezan.

b) Umeek kristau alkartearen katekesi-aldia beti hasiko dabe Lehenengo Urteaz, "Jaungoiko agure Aita" izeneko idazkian emoten diran gaiak ikasiz, erlijinorako itxartzea beronek dakar eta.

c) Lehen sakramentuetarako gertatze-epea, gitxienez, hiru urtetakoa izango da. Sakramentuok ospatu ez dira egingo bederatzi urte aurretik.

92. 2. Guraso "urrunduentzat" ebanjelizatze misiolariko bide egoki bat aurkitzea lehenbailehen egin beharreko egitekoa da.

Hori dala-ta, kristau komunitateek, ebanjelizatze ekintzaren eginbide bi honeetatik bat eskeini behar dabe:

1. Hilean-hileango batzarrak familiekin, hiru urtetan zehar euren seme-alaben katekesi aldian laguntzaile izan daitezan.

2. Hilean-hileango batzarrak hiru urtetan edo, gitxienez, bitan, familiek misino ibilbide bat osotu dagien.

93. 3. Sinistedun izan eta eleiz bizitzan parte hartzen daben gurasoek beste eginbide bi izango dabez:

a) Hilean-hileango ebanjelizatze misiolariko batzarretan egitez esku hartu dagiela erregu egingo jake (ikusi 56-60 zenbakiak). Honan, euren testigantzaz eta ekintzaz taldean kristau giro bat sortu daiten lagunduko dabe (ikusi 14. zenb.).

b) Egin ahal dan lekuan, eurakaz etxeko eta familiako katekesi taldea egingo da, parrokiako katekesiagaz batera jokatzen dauana.

94. 4. Katekesi-emoileak

a) Katekesi-emoile guztiak kristau erreferentziazko talde bat izango dabe, nahiz lehendik datorrena, nahiz eurek osotua.

b) Era berean, koordinatze-ardura dauken katekesi-emoileek eleizbarrutian onartua dan kristau eta katekesi heziketa ibilbideren bat egin beharko dabe.

95. 5. Kristau alkartea

a) Ume guztiek parrokiako katekesira joan beharko dabe euren umearo guztian (6-12 urte bitartean). Kristau komunitateak dituan ahalbide guztiak ipiniko ditu, Lehen Eukaristia ospatuta gero katekesian irauten daben umeen kopurua gehitu daiten.

b) Eurentzako proposatu diran bi aukerabideetatik (ikusi: 50-55, 56-60, 92 zenbakiak) bat ere onartzen ez daben gurasoen umeek ere parroki alkarteko katekistak izango dabez asteroko ekitaldiekin (ikusi: 52. zenb., hirugarren puntua). Bete bedi, halan ere, 59. zenbakiak, bere bigarren lerroaren azkenean dinona.

c) Lehen Penitentziako eta Lehen Eukaristiako ospakizunak parrokiako alkartean egingo dira.

96. 6. Eleiz ospakizunak egiteko baldintzak

a) Umeek Penitentziaren Alkarteko ospakizuna B erara egingo dabe: ume bakoitzaren harrera, hari entzutea eta aparkamena emotea bakarrean eginik.

b) Kristau komunitatea legezko subjektu da eleizbarrutian ezarri diran erizpideen arabera bereizteko:

  • umeen eta gurasoen ebanjelizatze bideen kalitatea, eta baita
  • ospakizunen erlijino eta eliz kalitatea ere.

c) Katekesirako Ordezkaritzak eta Liturgiarako Idazkaritzak gogoeta egingo dabe Lehen Eukaristian agertzen diran jai-giroko osagarrien kristau zentzuna zehazteko, eta

d) Bikaritzako eta Sektoreko Pastoralgintzako Kontseilu Taldeak, gogoeta honeek kontuan izanik, araubide zehatza egingo dabe Eleizbarrutiko Zuzenbideetan aitatzen diran oinarri eta jokabideak egintzara eroateko (jantziei, bideo eta argazkiei buruz eta zein lekutan eleizkizunok ospatuko diran izendatuz) (ikusi 37 eta 78-84 zenbakiak).

97. 7. Etxekoakaz eta umeakaz jarraitu

a) Kristau alkarteak -bere arduradunen bitartez- talde bat eratuko dau talderen baterako, katekumenadurako edo parrokiako ekintza baterako izena emon daben gurasoei harrera ona egin eta irauten laguntzeko.

b) Umeekaz izan behar dan jarraipenari buruz, ikusi 5.a, a.

___________

* KATEKESIRAKO GOTZAIN ORDEZKARITZA ETA LITURGIARAKO ELEIZBARRUTIKO IDAZKARITZA. Bilboko Eleizbarrutia. Bilbao 1990.

[1] "Parrokia ebanjelizatzaileari" buruzko KONGRESUA. Madril, 1988. Ondorioak, 2. txostena, 6. zenb.

[2] Ikusi: CC 268. zenb. CT 67. zenb. MPD-1977 13. zenb. JOAN PAULO II.a: Berbaldia Lonbardiako (Italia) Gotzainei. Egia da, parrokiari buruzko azalpen guztiotan gaurko parrokiaren egoera baino gehiago agertzen da aldatu gura larria: Ik. EUSKAL HERRIKO GOTZAINAK: Eliza, alkarte ebanjelizatzailea. Garizumako Gotzain-idatzia, 1983. 18-22 zenbakiak. Halan ere, parrokiak bizi dauan eta parrokia eraldatu behar dauan aldakuntzaren norabidea iragarten dabe: Ik. "Parrokia ebanjelizatzailea" KONGRESUA, 3. Txostenaren ondorioak.