Eukaristiaren barruan Sendotzaren liturgi ospakizuna prestatzeko oharrak

 

LITURGI OHAR honeen pastoral zentzuna

Gure Gotzainak eta euren Bikarioak Sendotzaren sakramentuaren ospakizunetan buru diranean, danon artean konpondu beharko geunkezan hutsune esanguratsu batzuk nabarmentzen dabez sarritan.

Esate baterako:

  • talde batzuk, euren katekumenotza ibilbidean, sakramentu-ospakizunaren une bakoitzaren adiera sakona ezagutzen eta barrutatzen lagunduko leuken katekesi zabalik ez dabela ikusten dabe,
  • beste honetaz ere jabetzen dira: taldeek sakramentuaren ospakizuna prestatzen dabenean, ez dabezala bereizten beti, aldaketa edo sormena onartzen daben une liturgikoak, eta finkoak eta aldaezinak diranak.

Honako gabeziak...

  • ezinezko bihurtzen dabe ospakizunaren benetako zentzunaz jabetzea, eta ...
  • errezagoa egiten jake sarritan, ospakizunetik kanpoko barritasunak sartzea, entretenigarriago egiteko asmoarekin.

Guzti horregaitik, gure Gotzain eta Bikarioek arrazoizkotzat joten dabe katekumenotza prozesuetan zeresanen bat dogun guztiok hurrengo erizpideok geure egitea:

  • Talde batek bere Sendotza ospatu aurretik, bere katekumenotza ibilbidean zehar sakramentu-ospakizunaren uneetako bakoitzaren zentzun eta esanguran behar beste sakondu dauala eta esanguratsuenei aparteko arretea eskeini deutsela ziurtatu beharko dau.
  • Sendotzaren ospakizuna prestatzeko, talde bakoitzak honako lagungarriok erabiliko ditu, bertan jasotzen diran erizpide eta oharrak kontuan hartuta.
  • Pastoral arduradunen (gazteria, lurraldeak, eskualdeetako taldeak...) esku egongo da zerbitzu hau guztion onerako izatea.
  • Sendotza ospatuko dan elizako parroko edo erretorearen ardurapean egongo da ospakizuna prestatzea eta buru izango dan gotzain edo bikarioari aurkeztea bidezko aurrerapenaz.

 


SENDOTZAREN OSPAKIZUNA

I. HASIERAKO ERRITOAK

SARRERAKO OHARRA

Ospatuko dana girotuz, ohar labur bat eginez hastea komeni da. Hona hemen jaso beharko litzatekezanak:

  • Eguneko liturgi ospakizunaren aipamena, dagokionean.
  • Ospatuko dan sakramentuaren aipamena.
  • Ospakizunean buru izango danaren aipamena eta, beti ere, gotzainaren aipamena, bere ordezkariren bat buru danean.

Ohar hau egiteko oharrak:

a) Gure parrokiako (gure .... parrokietako) neska-mutil batzuek Sendotzaren sakramentua hartuko dabe gaur I. gure gotzainaren eskutik (I. gure elizbarrutiko gotzain laguntzailearen eskutik), (gure gotzainaren ordezkari dan I. gotzain bikarioaren eskutik).

b) Gure alkarteko/alkarteetako neska-mutilek I. gure gotzainaren eskutik (I. gure elizbarrutiko gotzain laguntzailearen eskutik), (gure gotzainaren ordezkari dan I. gotzain bikarioaren eskutik) Sendotzaren sakramentua hartuko dabelako batu gara hemen.

c) Horregaitik, pozarren ospatzen dogu jai hau, I. gure gotzaina (I. gure elizbarrutiko gotzain laguntzailea), (gure gotzainaren ordezkari dan I. gotzain bikarioa) buru dala.

SARRERAKO ABESTIA ETA PROZESINOA

Sendotza hartuko dabenak prozesinoan sartu daitekez. Hasieran krisma santuaren ontzia ere eroan daiteke, eta gero aldareko leku egokiren batean itzi.

BATZAR BURUAREN AGURRA

AGURRA GOTZAINARI (BIKARIOARI)

Nahi izan ezkero, alkarte buruak gotzaina edo bere ordezkaria agurtu daike, labur-labur beti ere, berbearen mezua edo ospakizuneko beste ohar edo une batzuetan agertuko dana aurreratu barik.

DAMU OTOITZA

Mezetan lez egin. Egokiena, Meza-liburuko 3. esakunea erabiltea da. Gaztelaniazko meza-liburuan, 415. orrialdean dago, eta euskerazko meza-liburuan, 297. orrialdean.

Esakune honen helburua ez da, batez ere, gauza jakin batzuengaitik parkamena eskatzea (...gaitik: Erruki, Jauna), parkamena gauzatzen dauan Kristo goratzea baino (Zu,...: Erruki, Jauna).

Ospakizunean monitore lanak egiten dituanak irakurriko ditu. Aitatuko dogu non esku hartu behar daben sendotza jasoko dabenak. Honeek ez dabe gauza guztietan parte hartu behar.

Liturgian, ?partehartzea? ez da ?jokatzea? edo ?jardutea?. Esate baterako: irakurle bakarrak ?jarduten? dau Jaungoikoaren berbea irakurten, baina une horretan batzar osoak ?parte hartzen? dau entzunez.

Oharra:

Gazteek, katekesian emondako urteetan, Jesukristori buruz aurkitu dabenaren zerrendea egin daikee eta hemen agertzera emon. Aipamenak asko izan ezkero, hiru zatitan batu daitekez (ez da komeni aipamen luzeegirik egitea). Esate baterako:

  • Zu, txiroen lagun, pekatariengandik hurbil zengozana?: Erruki, Jauna.
  • Gure argia zara eta aldatu egin gaituzu...: Kristo, erruki.
  • Beti zagoz gugaz eta benetan maitatzen irakasten deuskuzu...: Erruki, Jauna.

Damu otoitzaren ordez, uraren ihinztadurearen erritoa egin daiteke; hori egin ezkero, hobe da aurrerago aitatuko dogun unean egitea.

AINTZA

Beti abestu (errezatu) daiteke, Abenduko eta Garizumako domeketan ezik. Ereserki beneragarria eta liturgiaren piezarik zaharrenetakoa izanda, Meza-liburuko Sarrerearen arauek argi eta garbi adierazoten dabe ezin dala beste kantu batez ordezkatu, nahiz eta gorespenezkoa izan. Esate baterako: ?No sé cómo alabarte?, ?Gloria, gloria, aleluya?, ?Alabaré, alabaré?, e.a. Abesten edo esaten dan testua Mezaren Betikoan jasotzen dana izango da.

Oharra:

Batzar osoak abestu daike edo koru bitara. Erantzun-esakuneak ere badagoz (batzarrak ?Aintza, zuri, jauna...? antifonea tartekatzen dau eta bakarlariak ereserkia abestu). Aditu batzuen arabera, azken hau ez da gustokoa izaten ereserki honetarako.

BILKETA OTOITZA

Gaztelaniazko meza-liburuan sendotzaren eukaristiarako berariazko otoitzak dagoz (851-857 or.). Euskerazko meza-liburuan, 652-655 or. Berariazko otoitz honeek urteko edozein egunetan erabili daitekez, honeetan ezik: Abendu, Garizuma eta Pazkoko domekak, festaburuak, Hausterre eguna eta Aste Santua. Egun honeetan, otoitzak eguneko mezearen berariazkoak dira.

Oharra:

Aurkeztutako otoitzen artean, egokientzat hartutakoak hautatu daitekez, nahiz eta formulario (A, B, C) desbardinetakoak izan.

 

II. BERBEAREN LITURGIA

IRAKURGAIAK

«Jaungoikoaren Berbea», eta berau bakarrik, nabarmentzeko ordua da. Ez dator bat ospakizunaren une honen zentzunagaz bibliakoak ez diran beste testu batzuk irakurtea.

Abendu, Garizuma eta Pazkoko domeketan, festaburuetan, Hausterre Egunean eta Aste Santuan, irakurgaiak eguneko mezatik hartuko doguz. Gainerako kasuetan, Sendotzarako irakurgai-liburutik hartzen dira (VIII. Irakurgai-liburua).

Oharra:

Arauen arabera, irakurgaiak hautatzeko aukerea izan ezkero, honeek sakramentuaren irakurgai-liburuan jasotzen ez diranak ere izan daitekez, baina taldearentzat aparteko oihartzuna izan behar dabe, Sendotzarekin lotuta egotearren.

Dana dala, testu honeek irakurgai-liburu ofizialetatik hartzea eta bertan agertzen dan lez irakurtea komeni da.

Irakurgai-liburuetan zehatz-mehatz jasotzen ez dan irakurgairen bat irakurri behar ezkero edo, euskeraz eta gaztelaniaz egin ezkero, liburuak aldatzen ez ibilteko, ez ahaztu Jaungoikoaren berbea ez dala sekula paperetatik, liburuxketatik, e.a. irakurri behar. Honakoetan, orria liburuan sartu beharko litzateke eta liburua erakutsiz irakurri. Orri hau ospakizuna hasi baino lehen jarriko da liburuan. Irakurleak ez dau inoiz eskuetan eroango.

Irakurgaiak berbearen anboitik iragarten dira beti, hauxe da-ta horretarako jarritako leku bakarra tenpluan.

Sendotza hartuko dabenei ez dagokie irakurgaiak egitea. Eurek beste egiteko batzuk dabez. Jaungoikoaren berbea sendotza hartuko dabenei zuzentzen jake batez ere eta honeek arretaz entzun behar dabe.

Mezeak hiru irakurgai dituan egunetan ezik, irakurgai bakarra irakurri daiteke ebanjelioaren aurretik. Dana dala, kontuan hartu Jaungoikoaren Berbea hotsegiteak dauan garrantzia. Une honetan, Berba honi tarte gehiago eskeini beharko geunskion eta, horregaitik, giza berba gitxiago izan beharko geunken da aztertu beharrekoa.

Erantzun salmoa ere Jaungoikoaren berbea da eta horren ordez ezin da beste edozein kantu jarri. Ez da zaila izango abesteko moduko antifona egoki eta ezagunen bat edo alkarteak buruz dakian salmoren bat aurkitzea.

Oharrei dagokienez, ez dira alperrik biderkatu behar. Egokiagoa da irakurgai guztientzako sarrera orokorra egitea. Ohar laburrak egingo doguz eta ez dogu errepikatuko gero irakurgaiak esango dauana.

Oharra: irakurgai guztientzako oharra egiteko eredua:

Jaungoikoaren Berbea irakurriko dogu. Ebanjelioan jasotzen diran apostolu eta profeten berbak, Jesukristoren berbak, argi dira beti guretzat. Eta horregaitik gaur, jai honetan, aparteko arretea eskeini gura deutsegu, geure egiteko, eta, euren eraginez, Espirituaren bizitza barria sakontasunez bizitzeko. Fedez eta otoitz jarreran, entzun dagigun Jaungoikoaren Berbea.

 

III. SAKRAMENTUAREN LITURGIA

SENDOTZA HARTUKO DABENEN AURKEZPENA

Ebanjelioa irakurri ondoren, eta homiliaren aurretik, sendotza hartuko dabenen aurkezpena egingo da. Gotzainak, Sendotza emoteko, orain arte egoan lekutik beste lekuren batera joan behar badau, oraintxe joango da, aurkezpena egin aurretik.

Aurkezpena, parrokoak egingo dau; honek katekesiko arduradunetako baten esku itzi daike zati bat.

Ahal danean, nahiz eta asko izan, sendotza hartuko daben guztiak izendatzea komeni da (parrokia desbardinetakoak badira, multzoka izendatu daitekez: I. Parrokiatik, I..., I. parrokiatik, I...)

Eta ahal danean, baita ere, sendotza hartuko dabenak aldarera igoko dira eta aldare barrenean kokatuko dira, euren izena entzutean.

SENDOTZA HARTUKO DABENEN BERBAK

Aurkezpenaren ostean, esanguratsua izan daiteke sendotza hartuko danenen arteko batek, guztien izenean, sakramentu hori zergaitik eskatzen daben labur-labur azaltzea.

Oharra:

?Arrazoiak aurkezterakoan?, honako ideiak agertu daitekez: katekesiko taldeagaz egindako ibilbidea eta zelako interesaz parte hartu daben; haurtzaroan, bateoan jasotako kristau fedea berresteko gogoa; eurentzat kristau izatea zer dan, Jesukristogazko atxikimendu pertsonal lez eta egiteko lez, mundu duin eta gizatiarragoaren alde; Jaungoikoaren indar (Espiritu) barik ezin daikegula ezer egin uste izatea; fededunen alkarteko osoko kide izateko gogoa...

Hartuko daben Sendotzak eurentzat zer esan gura dauan jasotzen dauan azalpen hau ?agiri? erara egin daiteke, ospakizuneko agurraren aurretik.

HOMILIA

BATEOKO AGINTZAK BARRIZTATZEA

Batzar buruaren homiliaren ostean, isilunea egitea komeni da. Ondoren, zutunik, batzar-buruak dei egingo deutse sendotza hartuko dabenei euren bateoko agintzak barriztatu dagiezan.

Oharra, barriztapena hasi aurretik:

Sendotza kristau sarbideko sakramentua danez, pazko-zuzia biztuta eukiko dogu.

Sendotza hartuko dabenak gitxi izan ezkero, kandelea biztu daikee pazko-zuzitik (bateoa gogora ekarriz); bestela aita-amabitxiek biztu daikee eta eurei emon. Kandelea biztuta dabela, bateoko agintzak barrituko dabez.

Barriztapen honen zati bi ditu: pekatuari uko egitea eta fedea autortzea.

Uko egitearen zatiari dagokionez, Erritualean aurkezten diran formularioak moldatu egin daitekez. Gazteek testu bat irakurri daikee, edo, hobeto, itaunak egin eta erantzun. Lehenengoa egiten bada, norbaitek mikrofonotik irakurriko du testua, danak irakurten diharduena batzarrak ondo ulertu dagian.

Erritualaren eranskinean, eredutzat hartu daitekezan formulak dagoz.

Dana dala, ez da lehenengo zati hau puztu behar. Erritualean, 1go formula laburragoa da eta uko egiteari galdera bakarra dagokio. Ez dagiguzan zati batzuk larregi nabarmendu, ospakizunaren une nagusia ilundu daikegulako.

Oharra, barriztapenaren lehenengo zatiari:

Sendotza hartuko dabenen arteko batek, danen izenean, edo batera irakurten badabe, batek mikrofonotik, hauxe esan daike uko egiteko:

Uko egiten deutsagu gure indibidualismo pertsonal eta kolektiboari; eta bihozbarritzea gura dogu, talde lez begiratzeko gure munduari eta Elizeari.

Uko egiten deutsagu sasi-jainko txiki zein haundiei lotuta bizitzeari; uko egiten deutsagu diruaren, agintearen edo gozamenaren menpe bizitzeari; eta Barri Onera bihozbarritzea gura dogu, neurritasunez eta zuzentasunez biziz, erdibanatzen eta solidario izaten ikasiz.

Uko egiten deutsegu suntsipena dakarren egintza eta berba guztiei, eta bihozbarritzea gura dogu, Elizagazko komuninoan eta etorkizunari leialtasun sortzaileaz begiratuz.

Bigarren zatiari dagokionez, esakune bera jasotzen dabe formulario guztiek. Hau da, fede autormena, onartutako esakuneekin egin daiteke bakar-bakarrik.

Katekesi prozesuan, Kredoaren artikuluak azaldu behar jakez gazteei, euren fedea jakinaren gainean barritu dagien. Eurek egin daikee esakune bat, Sendotzaren aurretik berbearen ospakizunen batean edo otoitzaldiren batean erabilteko. Baina ezin da liturgi ospakizunean erabili.

Oharra, barriztapenaren bigarren zatiari:

Fede autormena beste era honetara ere egin daiteke: sendotza hartuko daben gazte guztiek Kredoa errezatu daikee, esakune laburra erabiliz, aurretik katekesietan landu izan badabe.

Formulario batzuek sakramentua hartzeak dakarren konpromisoari zuzendutako galderak jasotzen dabez.

Moldatutako formularioa:

Prest zagoze norberekerian, inbidian, mendekuan, guzurrean, bakarrik geure buruarengan pentsatzean, besteenganako, batez ere sufritzen dabenenganako axolabakokerian adierazoten dan pekatuaren aurka borrokatzeko?

* Bai, prest nago.

Prest zagoze: iraintzen zaituenean parkatzeko; maite ez zaituenak ere maitatzeko; zuen beharrean dagozanei, guzti-guztiei, laguntzeko; dan-danontzako mundu duinagoaren alde jarduteko?

* Bai, prest nago.

Eta Jesukristoren Ebanjelioaren arabera, Jainkoagan uste izan nahi dozue bizitzako baldintza guztietan?

* Bai, nahi dot.

Gizon eta emakume guztiak zuon anai-arrebatzat hartuko dozuez, kultura, pentsaera, arraza edo ekonomia mailagaitik bereizketarik egin barik?

* Bai, hartuko dodaz.

Jesukristo bizi izan zan lez bizi gura dozue?

* Bai, nahi dot.

Lan egingo dozue, Jaungoikoaren bizi eta salbamena gizaki guztiengana heldu daiten?

* Bai, lan egingo dot.

Sinisten dozue Jaungoiko Ahalguztidunagan, zeru eta lurraren sortzaileagan?

* Bai, sinisten dot.

Sinisten dozue Jesukristogan, bere Seme bakarragan, Mariagandik jaio, hil eta hilobiratua izan zan, hilen artetik biztu zan eta Aitaren eskuinaldean jarrita dagoan gure Jaunagan?

* Bai, sinisten dot.

Sinisten dozue Espiritu Santuagan, Mendekoste egunean apostoluei emon jaken lez, gaur, Sendotzaren sakramentuaren bidez, hartuko dozuen Jaun eta biziemoileagan?

* Bai, sinisten dot.

Sinisten dozue Eliza santu katolikoan, santuen alkartasunean, pekatuen parkamenean, hilen biztueran eta betiko bizitzan?

* Bai, sinisten dot.

Hauxe da gure fedea. Hauxe da Kristo Jesus gure Jaunagan harro autortzen dogun fedea.

URAZ IHINZTATZEA

Barriztapenaren ondoren, batzar osoa zutunik jarriko da eta kantu baten bidez berretsiko dau fede hau: ?Amen? solemnea izan daiteke, ?Sinisten dot?, ?Creo Señor?. Bitartean, batzar buruak ur bedeinkatuaz zipriztinduko ditu sendotza hartzen dabenak eta batzar osoa.

Oharra:

Bataiarri esanguratsua edo bateo-kapera dagoan lekuetan, gazteak, gitxi badira, agintzak barritu ondoren, bataiarrira hurreratu daitekez eta ur bedeinkatuaz aitaren egin eta, ondoren, bataiarriari muin egin. Hau egin ezkero, ez da lehen aitatutako ihinztadurea egingo.

Zeinu guztiz esanguratsua da hau, batez ere bateoa bataiarri honetan hartu ebenentzat.

Ospakizunean sartzerik ez badago, zeinua aurretik egin beharko litzateke, katekumenotza ibilbideko uneren batean.

Kandelen zeinua egin bada, sendotza hartuko dabenek orain itzaliko dabez.

ESKUAK EZARTZEA

Zeinu hau era esanguratsuan egiteko, ondo pentsatu behar da zelan egin, sendotza hartuko dabenak zenbat diran eta lekuak emoten deuskuzan aukerak kontuan hartuta.

Aurretik, ohar labur bat egin behar da.

Oharra:

Fede autormenaren ostean, gotzainak (bikarioak), apostoluek erabilten eben zeinu bera eginez, eskuak ezarriko deutsez neska eta mutil honeei, Espiritu Santuari eskari bat eginez: Jesusen Elizako harri bizi egin daizala. Egin dagigun bat bere eskariagaz eta egin deiogun otoitz Jaunari isiltasunean.

Zeinu hau isilik egiten da. Espirituari zuzendutako kanturen baten doinua jo daiteke tresnaren bategaz.

Gazte bakoitzari banan-banan ezarri deikeoz eskuak. Sendotza hartzen dabenak asko badira, hobe da ezarpena danei batera egitea, Erritualean jasota dagoan lez.

Lehenengo, batzar buruak otoitzerako deia egiten dau: «Egin deiogun otoitz, anai-arrebok, Jaungoiko Aitari?», (gero eskuak ezartzen jakoz gazte bakoitzari) eta, eskuak talde osoaren gainean zabalduta, otoitza esaten dau: «Jaungoiko ahalguztiduna, Jesukristo gure Jaunaren Aita?».

KRISMA EZARTZEA

Ohar labur batez egin behar dogu sarrerea.

Oharra:

Ospakizuneko une nagusira heldu gara. Gotzainak (gotzainaren ordezkariak) eskua ezarriko dau sendotza hartuko dabenen bekokian, olio santuaz eta kurutzearen zeinuaz markatuz.

[Lurrinak, bere indarrez eta usain onaz gorputza bustitzen dauan lez, olio lurrinduaz gantzutzearen bidez, Jaungoikoak gazte honeengan jarduten dau eta bere Espiritua isurtzen deutse: bere graziak sakon bustiko gaitu, eta Kristoren, Gantzutuaren, Mesiasen antzeko egingo gaitu].

Krisma ezartzen dan bitartean abesten bada, ondo legoke, abesten hasi aurretik, ospakizunean batutako guztiek sakramentuaren esakunea bizpahiru bider entzutea.

Aitabitxia edo amabitxia sendotza hartuko dauanaren ondoan egongo da eta bere eskuineko eskua honen sorbaldan jarriko dau. Izena, sendotza hartuko dauanak edo bere aita-amabitxiak esan daike.

Aita-amabitxiaren egitekoa sendotza hartzen dauanari lagun egitea da, hau aurkeztea (izena esanez) gotzainari edo bere ordezkariari, eta aurrerantzean bateoko agintzak betetzen, eta jaso dauan Espiritu Santuaren indarraz, Kristoren testigu izaten laguntzea.

Ahal danean, bateoko aita-amabitxia izatea komeni da. Gazteak berak ere aukeratu daike.

Dana dala, aita-amabitxiak sendotza hartuta egon behar dau.

Oharra:

Alkarte batzuetan, une honetan, aita-amabitxiagaz batera, bere katekistea, gurasoak, parrokia kontseiluko ordezkariren bat... jarri daitekez sendotza hartuko dauanaren inguruan, zirkuluaren antzekoa eginez bere inguruan. Holan, zera adierazo gura dogu: gazte hori ez dagoala bakarrik eta helduen artean eta fededunen alkartean onartzen dabela, beragaz fedea konpartitzeko prest.

Krisma ontzi duinean aurkeztuko da. Azken Krisma-Mezan konsagratutako olioa izango da (olioak urtero barritu behar dira). Beste abaderen batek krisma ezarriko badau, batzar buruaren eskutik jasoko dau ontzia.

Krisma ezartzea, era esanguratsuan egingo da, Egokiagoa da atzamarra olioan bustiz egitea, eta ez olio apur bat daben kotoiekin. Gantzudurea ez da sikatu behar.

JAINKO HERRIAREN OTOITZA

Eskariak sendotza hartuko dabenek idaztea nahi bada, aurretik jarraibide batzuk kontuan hartu beharko doguz, ospakizuneko une honen berariazko izaera unibertsala (Elizea, txiroak, alkartea bera) aintzat hartzeko, eta sendotza hartuko dabenen hobakuntza pertsonala eta kristaua ez nabarmentzeko bakarrik. Ez doguz ahaztu behar gaur egungo jazoerak.

Eskaerak laburrak izatea komeni da, eta idazterakoan, eskema bera izatea:

  • ...-ren alde,... dagian/dagien?
  • ...-ren alde
  • ? dagian/dagien; daiten/daitezan...

Batzar buruari dagokio otoitzerako deia egitea. Hau batzarrari zuzentzen jako, eta ez Jaungoikoari (Egin dagigun otoitz, anai-arrebok, Jaungoiko Aitari...).

Batzar buruaren amaiera otoitza, dei egitean aitatutako Pertsonaren arabera, Aitari edo Semeari zuzentzen jako zuzenean.

Oharra:

Danak ez badira ere, sendotza hartzen dabenetako batek irakurriko ditu eskaera batzuk eta pluraleko lehenengo pertsonan idatzita egongo dira (gaur sendotza hartu dogunon alde...). Ez egin modelo desfilerik, hau da, gazte bakoitzak ez dagiala eskari bat irakurri. Beste lagun batek esku hartu daike eskaerak elebidunak diranean.

 

IV. EUKARISTIAREN LITURGIA

OPARIEN AURKEZPENA

Sendotza hartu dabenen arteko batzuk eroan leikeez opariak, Eukaristiaren mahaia prestatzeko. Egiterakoan, hala ere, ospakizunaren zati honek askotan hipertrofia saihestu behar dogu; ?eskeintza sinboliko? larregi aurkeztean, funtsezkoa itoten dogu: mahaia prestatu behar dogula, Jaunaren banketea ospatzeko.

Guztiz nabarmenduko dira Eukaristia ospatzeko behar doguzan ogia eta ardaoa (ogi eta ardao guztia, ez zati bat eta gero gainerako gainerakoak); ogi eta ardoagaz bat eginez, geure eskeintzaren bat gehitu daikegu gero, baina benetako eskeintza izango da.

Eskeintza, berez, Jesukristoren irudi bizi diran txiroen aldeko gauzak dira, eta ez hainbeste eskeini eta gero barriro ere etxera eroango dabezan ikas edo jolas tresnak (eta eskeintzarik desegokiena biblia eskeintzea da: ze zentzun dauka Berbea ?eskeintzeak?, irakurri, iragarri, entzun eta ospatu barri badogu?).

Era berean, nahi izan ezkero, eukaristia liturgiaren hasiera nabarmendu daiteke, aldarea aparteko eran apainduz (hasieratik egozanei gehitutako kandela eta lore batzuk).

Eta, kontuak kontu, ?eskeintza sinbolikoren? bat aurkezten bada, ez da gogoetez puztu behar: zuhurtasun haundiz aurkeztu, ohar orokorra eginez. Ohar horren helburu nagusia Eukaristiaren liturgiari sarrerea egitea izango da.

Oharra egiteko iradokizunak:

Jarri, mesedez (etenaldia). Sendotza ospatu ondoren, ospakizunaren azken zatira heldu gara eta orain, Eukaristiaren bitartez, Jesukristo, gure janaria, emongo jaku. Berak dei egiten deusku eta bere mahaian parte hartzeko esaten. Gugana dator Bera, gure bidelagun, bizitzeko indar izateko.

Jesukristoren mahaia prestatuko dogu orain. Ogi eta ardoaz batera, garan guztia ere aurkezten dogu, eta Beragaz bat eginda, bere bidea eginez bizitzeko dogun borondatea. (Horregaitik, ogi eta ardoaz batera, ...* laguntzeko diru-eskaintza egiten dogu). Eskerronez, hasi dagigun Eukaristia.

* Kasu batzuetan, gazteek erabagitzen dabe eukaristiako diru-batzea eta eurek batutakoa auzi solidarioren batera zuzentzea. Hori bai aitatu behar dala oharrean.

EUKARISTIA OTOITZA

Prefazioaren aurreko alkarrizketearen aurretik, ohar labur bat irakurri daiteke. Une honetan, azkenean baino hobe, aitatu behar dira eskerroneko arrazoiak, eukaristia otoitza dalako eskerroneko otoitz nagusia. Gero, alkarrizketearen bidez, batzar buruak otoitza hasiko dau eta berak bakarrik esango, batzar osoaren izenean.

Ezinbestekoa da eukaristia otoitza nabarmentzea, batez ere abestien bidez: prefazioaren alkarrizketea, santua, konsagrazinoko gorespena, azken Amen-a. Nabarmendu ezik,  Sendotzaren eta oparien osteko gehigarri arin lez geratuko litzateke.

Prefazioa

Berariazko prefazioa dago, sendotzako mezako berariazko otoitzak erabilten diranean.

Santua

Batutako batzar osoaren abestia da. Pieza honek Ordinarioaren gainerako guztiak gainditzen ditu duintasun eta garrantzian. Bere testu biblikoa dala-ta, ereserki bereziki sakratua da eta, erantzun salmoaz batera, zaharrena da mezako kantuen artean.

Liturgia musikan aditu diranen arabera, Santuaren testu biblikoa kentzea, murriztea, aldatzea edo beste edozein kantuz ordezkatzea, nahiz eta gorespenezkoa izan, liturgiako «hutsegiterik penagarrienetakoa» da (hitzez hitz).

Eukaristia otoitzaren formularioa

Ze otoitz erabili? Zalantza barik, Meza-liburuan agertzen diranetako bat. Elizeak garrantzi haundia emoten deutso otoitz honi eta zera eskatzen: eurena ez ezik Eliza osoarena dan ospakizunean buru izango diranek kontu eta arreta haundiz egin behar dabez otoitz honeek. Asmatutako edozein otoitzean sartutako konsagrazinoaren berbek ez dabe ekuaristia otoitz bihurtzen.

«Ospakizunean parte hartzen dabenen eskubidea da, zelan edo halan, azken «Amen»-aren bidez berresten daben eukaristia otoitza konposatu dauanaren edo errezatzen dauanaren gusto pertsonalak ez aldatzea edo eratzea. Horregaitik, eukaristia otoitza egiterakoan, onartutako testuak erabiliko dira bakarrik, horreek adierazoten dabelako argien eta osotasunez eliz zentzuna». (Eucharistiae participationem, gutuna, 10. zk.a)

II., III. eta IV. otoitzek sendotza hartu barri dabenek egiteko berariazko otoitza dabe. Meza ospatzen diharduen abadeek ze testu dan eta non dagoan jakin behar dabe.

Oharra:

Konsagrazino osteko gorespenaz eta azken ?Amen? az gain, gorespen labur bi abestu deikeoguz Espirituari: bat, Espirituari ogi eta ardaoaren gainera jaisteko eskatu ondoren (Santu egizuz, bada, ogi ta ardao honeek...), bestea, alkartearen gainean egiten danaren ostean (Eta apalik eskatzen deutsugu, Kristoren gorputz-odolak hartzen ditugunok Espiritu Santuak bat egin gaizala).

GURE AITA

Gure Aita Elizearen otoitz altxorrik ederrenea da, Jaunaren otoitza dalako. Horregaitik, zaindu eta babestu egin behar dogu begirune bako edozeinen manipulazinotik.

Batzar osoari dagokio otoitz hau egitea eta koruak ezin dio eskubide hori kendu, nahiz eta oso ederra izan prestatuta duten melodia.

Erritualaren sarrerea otoitz honi buruz: «Garrantzi haundia emon behar jako sendotza hartu dabenek herriagaz batera egiten daben Gure Aitaren errezoari, Espiritua dalako gugan otoitz egiten dauana, eta kristinauak Espirituagan dinoalako: ?Abba, Aita?».

Meza-liburuan jasotzen diran oharren arabera, ezin da ezelan ere aldatu Jaunaren Otoitza, edo testua ikutu edo parafraseatu, parafrasien artean sartuz, Jaunaren testua errespetatzen badau ere (esate baterako, ?galiziarra? deitutako Gure Aita). Hauxe da arrazoi nagusia: aldaketok, Eukaristiaren barruan, jaunartzerako prestatzeko egitekoa dauan otoitz honen mezu nagusia iluntzen dabela.

Jaunaren Otoitza errezatzeko era honeek onargarriak izan daitekez otoitzaldiren batean, batzarraren hasieran.

BAKEAREN ERRITOA ETA OGIA ZATITZEA

Une biok dabe garrantzia, baina liturgiak ogia zatitzeari emoten deutso lehentasuna. Beraz, bakearen zeinuak ez deutso lekua kendu behar ogia zatitzearen zeinuari. Zeinu hau batzar osoak ikusi behar dau, Jaungoikoaren Bildotsa abesten edo esaten dan bitartean.

Sekula ez dirala zeinu bi batera egin behar dinoan funtsezko liturgi araua betez, batzar buruak ez dau ogia zatituko, danek alkarri bakea emon arte. Bakearen kantua ere, egon ezkero, ez da luzeegia izango eta batzar burua ez da ogia zatitzeko zain egongo.

Bakoitzak ondoan dituenei bakea emotea da egokiena. Batzar buruak ere aldarean inguruan dituanei emongo deutse, aldaretik jaitsi barik.

 

V. AMAIERAKO ERRITOA

Jaunartzearen ostean, isilunea eta otoitz egiteko aukerea izango da, eta orduan ez da beste ezer egingo (hau da, ez dira prestatuko gero banatuko diran lagungarriak, edo arduradunak ez dira joango meza ostean eskeiniko dan kopaua prestatzera...)

Isilune honetan otoitz egin ondoren hasiko dira mugitzen zerbait egin behar daben lagunak.

Ospakizuna amaitzeko aparteko gauzak prestatuta egon ezkero eta luzatzeko arriskua badago, jaunartze ostean egin beharko litzatekez, jentea eserita dagoan bitartean; hala ere, dagokien unean egitea nahi izan ezkero, hau da, jaunartze osteko otoitzaren ondoren eta bedeinkapenaren aurretik, jenteari jartzeko esango deutsagu, nekagarria izan ez daiten.

  • Hemen sartu daitekeen gauza bat, egin ez bada, lehen aitatu dogunez, sendotza hartzera joiazanen aurkezpenaren ostean eta homiliaren aurretik, sakramentua jaso dabenetako baten esku hartzea da. Danen izenean, Sendotzak eurentzat zer esan gura dauan aldarrikatuko dau ?agiri? erara.
  • Beste hau ere interesgarria litzateke: aurreko urteetan sendotza hartu dauan lagunen batek edo gazteen taldeen arduradunen batek elizkizun honetan sendotza hartu dabenak agurtzea eta adoretzea.
  • Hauxe esango leuskie: emon daben urratsa garrantzitsua eta baliotsua dala; kontuan hartu behar dabela beti, gazte eta kristau izatean aurrera egiteko; Jesusen Espirituaren indarrak euren bizitzak markatu behar dituala, eta ezinbestekoa dabela alkartuta, taldea eginez, irautea, aurreranzko bide hori sendoago egiteko.
  • Sendotza hartzen daben gazteek, leku jakin haretan, talde edo mugimendu jakin batean sartzeko ohiturea badabe, aitatzea komeniko litzateke eta bertan parte hartzeko deia egitea.
  • Azkenik, orain banatu daiteke ospakizunaren oroigarria, banaketa hori nabarmendu gura bada (bestela, hobe da urteeran banatzea). Orain banatu ezkero, ez da jaunartze ostean egin behar, ezta aitatu barri doguzan esku hartzeotan ere, banaketa horri eskeinitako aparteko uneren batean baino.
  • Leku batzuetan kurutzea ezartzen jako sendotza hartu dauanari. Esanguratsua litzateke bere katekisteak krisma ezartzeaz batera, bere lekura joan aurretik, jartzea.

Oharra:

Espirituaren doeak, otoitza eta dalako doeagaz bat datorren azalpena jasotzen daben kartulinak egin daitekez oroigarri erara.

Ospakizuna beti lez amaitzen da: gotzainaren edo bere ordezkariaren bedeinkapena eta agurra. Azken kantua, «Zoaze Jaunaren bakean» esan aurretik abestu daiteke edo ostean, sakabanatzea egon daitekeala somatzen bada.

Gure alkarteak hezi beharko geunkez, batzarrak, Jaunaren izenean buru izan danak bialketearen bidez agurtu aurretik, ezin dauala sakabanatu jakin dagien.