Eleiza Katolikoa - Bilboko Eleizbarrutiaren araudi etikoa

Araudi honek Bilboko Eleizbarrutia osatzen daben pertsonek euren eginkizunen gauzatzean, batez be Erakundearen izenean edo onerako egindakoetan, edo Eleiza Katolikoa – Bilboko Eleizbarrutiaren misino eta helburuak lortzera bideratutakoetan, izan leikiezan jokabideak gidatu behar dabezan oinarri etiko eta jokaera-arauak jasotzen ditu.

Bilboko Eleizbarrutiaren eginkizun nagusia Barri Ona Bizkaiko probintziaren eremuan hedatzea da, Jainkoaren maitasuna eraginkortasun, praktikotasun, lekuko izate eta danak barne hartzearen bidez zabalduz, norbanako bakotxaren askatasuna, nortasuna eta doeak errespetatuz.

Betebehar hau hainbat jardueratan bideratzen da, besteak beste, Barri Onaren iragarpena, katekesia, kristau printzipioetan oinarritutako katekesia, ospakizun eta fedearen adierazpena, gizarte ekintzaren eta gizatasunezko laguntzaren bidezko karidadearen gauzatzea, konpromiso pertsonala eta alkarte bizitzaren sustapena.

Eginkizun ebanjelizatzaileak beragaz dakarz etenbako hazkundea (kideen kopuruan, gaitasunean, agerikotasunean, agerpenean eta gizarte arrastoan) eta etenbako hobekuntza. Horregaitik Bilboko Eleizbarrutiak ondorengo helburuak landu gura ditu epe ertain/luzera:

  • Lan dinamiko eta proaktiboa sustatu;
  • Gizabanakoaren arlo pertsonal, sozial eta espiritualaren beharrizanei erantzungo deutsen zerbitzuen aukera zabalagoa eskaini edo dagozanak indartu;
  • Inguruko ekonomia-gizarte egoerara egokitutako egitasmoak sustatu;
  • Ebanjelioaren hizkuntza gaur egungo sasoietara egokitu, gizon eta emakumeen eguneroko bizitzan erraztasun handiagoz erabilteko/ezartzeko;
  • Pertsonak kristau alkartean txertatu;
  • Euren siniste erlijiosoak alde batera itzita, oinarri espiritual sendoa eta Eleiza Katolikoak sustatzen dituan oinarriakaz bateragarri diranak dabezala erakusten daben pertsona eta erakundeakaz alkarlan eraginkorrean jardun;

Bilboko Eleizbarrutiak gitxienekoen doktrina lez prestatu dau Araudi Etiko hau, Erakundearen eginkizun eta helburuak bistatik galdu eta bere ondare erlijioso eta kristau aberatsari uko egin barik, Bilboko Eleizbarrutia osatzen daben pertsonen jarduerarako eremua era etiko arrazional eta bateratuan argi egiteko baliagarri izan daitezan eta Erakundearen barruan betetearen kultura sendoa ezartzen lagundu daien.