Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Ziortzako monjeek jantzi liturgikoak egiten dabez

created by Pandemian hasi dira horretan |
|   Komunikazinoa

Ziortza aldean, asko maite dabez monasterioko monje zistertarrak eta “hartu-emon oso ona” dago herritarren eta fraileen artean, besteak beste, “monasterioak bizitasuna emoten deutsalako eskualdeari”. Orain arte, ostatua eskaintzen eutsen erromesei eta monasteriora otoitz edo gogoeta egitera hurreratzen ziranei eta orain beste jarduera bat be badabe, jantzi liturgikoak egiten hasi dira-eta. “Comunicación / Alkarren Barri” eleizbarrutiko aldizkariaren azken alean irakurri daiteke monjeei egindako erreportaje/alkarrizketa: hemen.

Anai nobizio batek beren-beregi jantzi horreek egiteko makinak ezagutzen ebazala eta erabilteko gauza zala-eta, erosi eta jantzi liturgikoak egitea erabagi eben. Euren esanetan, “motxilak eta beste elementu pertsonalizatu batzuk egiten ziran dendan saltzeko eta ostatua itxi ondoren eta konfinamenduaren haritik ezarritako neurrien eraginez, ideia hau buru-belarri garatzen hasi ginan”. Luis Martin Pizarro monje costarricar monjea da jantzi liturgikoak diseinatzeaz eta egiteaz arduratzen dana. Orain arte, erromesentzako aterpeaz batera, ostatu monastikoa izan da diru-iturri nagusia, dendan saltzen diran gozogintzako lantegiaz gainera.

Jantzi pertsonalizatuak

Lehenengo eta behin, Facebook bidez eta WhatsAppeko kontaktuei mezua bialduz emon zan ekimen honen barri. Askotariko jantzi liturgikoak egiten dabez, pertsonalizatuak, askotariko neurri, ehundura, kolore, diseinuakaz… Eta Ziortzatik esan dabenez, “eskariek gainezka egin eutsien… Pilatuta daukaguz eta asteak beharko doguz danei erantzuteko”. Hainbat lekutatik eskatu deutsiez, gainera jantziak: Amerikako hainbat herrialdetatik, Espainiako leku askotatik –batez be Andaluziatik-… Eskariak gero eta anitzagoak dira: meza-jantziak, atrilak estaltzeko oihalak, monjeentzako albak (eskari oso zabala), maindireak, estolak, e.a. Jantziak pertsonalizatzeko aukera emon dogu eta horrek erabateko arrakasta ekarri deusku, izan be, esan dabenez, “neurriak, jantzien ehundurak, letra edo marrazkien diseinuak,… horrexek egiten dau jantzi eta gainerako guztiak banan-banakoak izatea”. Azkenaldian oihal naturalak eskatu deutsiez eta horreen ekoizleak bilatzen dihardue.

Egiteko honi egundoko ilusinoaz heldu deutse eta, esan barri dogunez, eskariak gainezka egin deutse, baina, halanda be, zistertar monjeen eginkizun nagusia Santiago bideko erromesei edo monasteriora erretiroak egitera hurreratzen diranei harrera egitea dala dinoe. “Jantzi liturgikoak egiteko tailerra beti izango da egiteko osagarria”.