Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Zerbitzu espirituala ohe ondoan, ospitaleetan

created by Servicio de Atención Religiosa y Espiritual en los Hospitales (SARE) |
|   Komunikazinoa

Bilboko Eleizbarrutiak, Osakidetzagaz batera, ospitaleetan eskaintzen dauan zerbitzu erlijioso eta espiritualaren ingurukoak sekula baino gehiago entzun dira azken egunotan, Santa Marina ospitaleko txertatzeak dirala-eta. Aitatutako zerbitzu hori aspalditik eskaintzen da Basurtun, Gurutzetan, Galdakaon, Gorliz-Urdulizen eta Santa Marinan, ondo prestatuta dagozan eta arduratsu, profesionaltasunez eta gizatasun handiz jokatzen daben taldeen eskutik. Osasun Pastoraltza Eleizbarrutiko Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzaren barruan dago eta Manu Moreno ordezkariak atzo Radio Popular-Herri Irratian, ‘Es posible’ irratsaioan egin eutsen alkarrizketan adierazo ebanez, gaixoei laguntzen deutsen talde honeen balioa itzela da, lehen eta orain, pandemia aldian, “lehenengo lerroan dagozalako”. Ordezkariaren esanetan, talde horreek “orain arte lez, gizon eta emakume ahulenei eta behartsuenei” arreta eskaintzen jarraituko dabe.

Ospitaleetan, monjek, abadeek eta laikoek emoten dabe arreta erlijioso eta espiritualerako zerbitzua. Asteko zazpi egunez eta hogeta lau orduz eskaintzen dan zerbitzua da, hainbat abade goardian izaten da-eta gauez, norbaitek gaixoen oliaduraren sakramentua eskatzen badau be. Urte luzez pastoral sail honetan lagundu izan daben abade lagunen lekua hartu daben 7-8 abade gazte dagoz orain taldean eta bakotxak astean gau batez egiten dau goardia eta, eskatu ezkero, ospitale batera ala bestera joaten da.

Astean zehar danon ahotan ibili dan Santa Marina ospitalean, esate baterako, Gabi Gonzalez da kapilau iraunkorra eta beste abade bik osatzen dabez goardiak. Mari Mar Gonzalez Zerbitzuko kidearen esanetan, ospitale honetara “gaixorik aulenak etorten dira. Pertsona nagusiak dira, hainbat patologia dabena, edo gaixotasun kronikoak eta asko eta asko arazo kognitibekin. Eta egundoko ahulezia horri koronabirusa gehitu jako orain eta birusa kutsatzen jakonaren bizia arrisku handian egoten da. Gainera, egundoko bildurra eragiten deutse, entzun daben bakarra, gaixotasun hori dala-eta jente nagusia hil egiten dala dalako. Etxeetatik urten behar izan dabe eta ez dabe uste bueltatuko diranik. Ez dabez teknologiak menderatzen, askok eta askok ez daki non dagoen, baina leku ha ez dala euren etxea eta ingurukoak ez dirala euren senideak sentitzen dabe, langileek eginahalak egiten badabez be etxean lez sentitu daitezan”.

Gaixoaren Munduko Eguna

Datorren otsailaren 11n Eleizak Gaixoaren Munduko Eguna ospatuko dau “Zaindu daigun alkar” goiburuaren haritik. Gehiago jakiteko eta lagungarriak eskuratzeko, hemen.