Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Zelan aurkeztu eta lagundu Ebanjelioaren esperientzia gaur?

|   Komunikazinoa

Datorren otsailaren 1ean, kristau sarbideko biziaro desbardinetako, hau da, familia pastoraltzako (senar-emazteak, bateoa, esnatze erlijiosoa) taldeetako, katekesiko, helduen taldeetako eragileei zuzendutako heziketa-saioa ospatuko da Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu bata eta erdiak arte.

Saio hau sustatuko daben Fede-zabalkunde eta Katekesirako Eleizbarrutiko Ordezkaritzatik eta Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institututik (ETPI) azaltzen dabenez, “gaur egungo errealidadi begiratu ezkero, aro desbardinean gagozala ikusi daikegu, besteak beste, gizartea asko sekularizatu dalako. Jainkoa ia ez da aintzakotzat hartzen hartu-emonak eratzeko, balioak, etorkizuna,… sustatzeko”, eta zerumuga barri honen aurrean, galdera egiten dabe: “Zelan aurkeztu eta lagundu Ebanjelioaren esperientzia gaur?”. Euren esanetan, eginkizun honetan kristau alkarte osoak esku-hartu behar dau, eta “gutariko bakotxak, laguntzaile, katekista, begirale… lez, aldi desbardinetan eta askotariko hezkuntza egitasmoetan”.

Helburuak

Heziketa-saio honen bitartez, iragarpena eta katekesia terminoak zehaztu eta argitu gura dira eta, aldi berean, “lehenengo iragarpenerako” prozesuen ezaugarriak aurkeztu. Prozesuak zelan edo halan lotuta egon behar dabela be nabarmenduko da eta ezinbestekoa dala “sarean” aritzea. Fede sarbideko arduradun nagusia, katekista edo begiraleak ez ezik kristau alkartea bera dala gogoratuko da saioan. Guzti horregaitik, dei egiten deutse prozesuetan esku-hartzen daben persona guztiei, saioan parte hartu daien eta, guztien artean, bategite, hausnarketa eta jarduera egokirako eremua eratu ahal izateko.