Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Uriko kolonia barria Otxarkoagan, Caritasen eskutik

created by Uztailaren 10ean hasiko da |
|   Komunikazinoa

Bilboko Eleizbarrutiko Caritasek, Bilbon uztailean uriko kolonietan parte hartzeko aukera eskainiko dau, ohikoa danez. Aurton, gazteenek bizi daben egoera kontuan hartu gura dabe, konfinamenduak proba gogorra ezarri deutse-eta. Inguruabar guztiak kontuan hartuta, aisialdi segururako eremua eskainiko deutse familiei euren umeen gozamenerako. San Frantzisko auzoan urtez urte ospatzen danari –aurton uztailaren 13 tik 30era izango da-, Otxarkoaga auzoan uztailaren 6tik 10era egingo dana gehitu behar jako. Guztira, adin txikiko 40 neskato eta mutikok parte hartu ahal izango dabe jarduera honeetan.

Aurton, eta bizi doguzan ezohiko inguruabarren eraginez, Caritasek eta monja pasiotarrek batera antolatzen daben San Frantzisko auzoko lan-kanpamentua beste era batera garatuko da. Kanpamentuaren antolatzaileetako bat dan Marije Calvok azaltzen dauanez, “boluntario lana eta fedearen baterako bizipena” nabarmenduko dituan esperientzia eskainiko jake 12 boluntario eta koordinatzaileri.

“Norbere burua eta inguratzen gaituan errealidadea” ezagutzeko helburuarekin, egitasmo honen bidez mutiko eta neskatoei lagun egingo jake goizez eta arratsaldez, “begiak zabaldu eta San Frantzisko inguruko askotariko egoerak ezagutzeko”.

Datorren kurtsotik aurrera Migrazinoetarako Eleizbarrutiko Saileko arduraduna izango dan Marije Calvo monja pasiotarrak adierazo dauanez, “auzo honek, bere barruan hartzen dituan gizatalde eta egoera guztiekin, barri ona bizitzara eroateko aukera emoten deusku”.