Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Unterkürkheim haize eta metalezko instrumentuen talde alemanaren emonaldia San Nikolasen

|   Komunikazinoa

Bihar, barikua, ekainak 2, arratsaldeko zortzietan asmo eta kutsu ekumenikoko kontzertu berezia izango da San Nikolas parrokian (Hareatza). Untertürkheimeko (Stuttgart) CVJMren (Kristau gazteen alkartea) haize eta metalezko instrumentuen talde alemanaren eskutik izango da, Martin Ströbelen zuzendaritzapean. Ekitaldian musika erlijiosoa entzungo da: barrokoa, swinga edo gospela.

CVJMa berrogei urteko historia dauan erakunde protestantea da eta, gaztetatik, Alemania osoko kristau elizak eta udal eta kultura erakundeak babestuz, Ebanjelioaren zabalkundean konprometituta dagozan musikariez osotuta dago. Altruismoz egiten dabe eta munduko haize-instrumentuen musika-talderik haundieneko kide dira: guztira, 19.000 instrumentu dira eta bi urtez behin Ulm katedralaren aurreko plazan batzen dira.
Europan zehar dabizala (Errusian eskeini dabe azken emonaldia) eta Bilbora datozala aprobetxatuz eta Mendekoste ospatuko dogula-ta, kontzertua eskeiniko dabe eta ekitaldi hori topaketa ekumeniko bihurtuko da eta kristinauentzat ere hizkera unibertsala dan musikaren inguruan hainbat eliza batuko da, aniztasunean anaitasuna nabarmentzeko.
Horregaitik, Bilboko Elizen arteko hartuemonerako Elizbarrutiko Ordezkaritzak –Eliza Katolikoa-, Eliza ebanjeliko Espainiarrak –IEE-, Gotzain Eliza Erreformatu Espainiarrak –IERE, batasun anglikanoa-, Algortako Eliza Ebanjeliko Alemana –Evangelische Gemeinschaft in Nordspanien-, Santutxuko Kristau Alkarte Ebanjelikoak eta Bizkaiko Eliza Bautistak antolatzen eta sustatzen dabe kontzertu hau.
Hauxe da aurreikusitako egitaraua, azken orduan aldaketaren bat egon daitekeen arren: Jai-korua, J.S. Bachena; Marsch eta Bourre, Andelena; Allegro, Mendelsohn eta Bartoldirena; Gloria Halleluya, Robleerena; Evenu Schalom. Tradizionala; Oh Gott Du Fromme Gott, J.S. Bachena; Danke All und bringe Ehre, Grässlerena; Oh Grosser Gott wir loben Dich, Lammeinena; Geh aus mei Herz, Braunena eta Ich sitzet oder stehet, Lammeinena.