Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Unibersidadea, alkartea da, gizon eta emakumeen alkartasuna”

created by Gotzainaren homilia jesuiten ospakizunean, katedralean |
|   Komunikazinoa

Aste honetan Bilbon eta Loiolan ospatzen diharduen jesuiten biltzarrean, atzo arratsaldez Eukaristia ospatu zan Santiago katedralean, on Mario Izeta Eleizbarrutiko Gotzaina buru zala. Hiru hizkuntza erabili ziran ospakizunean: ingelesa, gaztelania eta euskera. Berbaldiaren hasieran, gotzainak ondo etorria adierazo eutsen katedralean batu ziran guztiei, alkargunearen esangura azpimarratuz: “XIV. gizaldikoa da. Kostaldea zeharkatzen dauan Santiago-bidean gagoz. Gizaldiz gizaldi, makina bat erromesek zeharkatu izan dau eleiza hau apostoluaren hilobirako bidean. Ondo etorriak guztiok!”.

Gotzainagaz batera, hainbat jesuita izan da altaran, besteak beste: Arturo Sosa ordenako aita nagusia; Jose Maria Guibert Deustuko unibersidadeko errektorea, Jaime Oraa errektore ohia eta Javier Pardo probintziala. On Mario Izetak homilian adierazo ebanez, “bidea gogora ekartea baliagarri izan daiteke ospatzen dihardugun Jesusen Lagundiko unibersidadeen topaketan sakontzeko. Hainbat herrialdetatik gatoz, unibersidade bakotxa mundu bat da, bere bizitza dau, idiosinkrasia berezia, askotariko sentsibilitateak. Baina xede berak alkartzen gaitu, beren-beregi unibersidadeari dagokion xedeak: egian murgiltzen gaituan bidea alkarregaz egin, era bateko eta besteko alderdietan, formulazinoetan, unibersidadea dan eremu poliedriko eta sinfonikoan egiaren adierazpenetan sakondu”.

On Mario Izetak alkartea, gizon eta emakumeen alkartasuna dan unibersidadea aldarrikatu eban, esanez: “bere aniztasuna ez da oztopoa, alderantziz baino; aberastu egiten gaitu eta geure baitatik atararazo. Gizakiaren, unibersoaren, Jainkoaren egian arakatzen eta sakontzen saiatzen diran personen alkartea da. Izan be, egia hori, alkartasunean, alkartean gauzatzen danean baino ezin da ezagutu”.

Gotzainak “egia” hitzaren inguruan be jardun eban. “Gaur egungo kultura testuinguruan bitxia gertatu daiteke egiaz hitz egitea. Indarrez hedatu da ‘egia ostekoa’ kontzeptua. Uniberidearen izatasunaren benetako eta sortzezko arrazoia krisian jarten dauan kontzeptua. Hainbat eragin –eta guztiak garrantzizkoak- izan daiken kontzeptua: benetako egiarik ez dagoela adierazo leike, edo ezineskoa dala egiaren ezagutzan sakontzea edo gizakiaren ezgaitauna egia ezagutzeko. Baieztapen guzti honeek ondorio katastrofikoak dakarrez. Ez dagokit auzi hau konpontzea. Beste barik, beharbada galdera ez dagoala ondo eginda esango neuke. Pilatoren galdera: Zer da egia?, nire ustez ez da egokia. Beharbada beste era batera egin beharko litzateke: Zein da egia? Izan be Norbait, gure historian, Bera bidea, egia eta bizia dala esateko gauza izan zan”.

Ingelesez egin eban homilian, gotzainak gizartearen eta munduaren indar eraldatzaile lez aldarrikatu eban unibersidade-alkartea. “Pentsamentuaren sorkuntzak eta bere eratorpen praktikoek mundu hobearen, gizatiarragoaren, anaikorragoaren eta zuzenagoaren sustapenera eroan behar gaitue. Eta guzti hori alkarrizketaren, alkarregaz bilatzearen, errespetuaren, bakearen eta bat egitearen kulturaren bitartez burutzen da. Unibersidadea hezkuntza eremuan txertatuta dago. Eremu hori bitarteko bikain eta ezinbestekoa da gizarte eta herrien aurrerapenerako”.

Homiliaren amaieran, on Mario Izeta gotzainak Loiolako San Inazio gure eleizbarrutiko zaindari eta Jesusen Lagundiaren sortzailea gogoratu eban: “bere bizitzako bidean, eten barik bilatu eban Jainkoaren borondatea eta kartsuki zerbitzatu eban eta gizadi osoarentzako salbamenaren alde egin. Lekukotasun bizi eta zerbitzari hau izan daitela Jainkoaren aldeko maitasun eta zerbitzu horren eta Jainkoarenganako eta anai-arrebenganako maitasunetik sortu izan diran unibersidade-erakundeen zerumuga nagusia. Eskerrik asko zuon lan bikainagaitik, zuon jarduera ebanjelizatzaileagaitik, eta mundua Jainkoaren bihotzaren arabera aldatzeko legamia izateagaitik”.

Eukaristia amaitu aurretik, Jose Maria Guibert Deustuko unibersidadeko errektoreak hitz egin eban, gotzainari bere harrera eta presentzia eskertzeko eta eskerrak emoteko, aldi berean, deanari eta katedralean batutako guztiei. Oscar Gonzalez Gasquetek beren-beregi ospakizunerako konposatutako ofertorioko kantua barriro eentzutea eskatu eban. Katedraleko Musika-kaperak interptretatu eban kantu hori eta ospakizuneko gainerako guztiak.

San Inazioren ereserkia abestuz emon eutsen amaiera Eukaristiari eta, ostean, klaustroan alkartu ziran guztiak.

On Mario Izeta gotzaina eta Arturo Sosa jesuiten aita nagusia