Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Txomin Perales: “Laikoen konpromisoa ezinbestekoa izango da zerbitzu erlijioso guztiak beteteko”

|   Komunikazinoa

La Peña auzo bilbotarrean jaio zan orain dala 56 urte. Hiru hamakadatan Galdakao, Sestao eta Meatze inguruan gauzatu dau bere pastoral egitekoa eta Ekuadorreko Misinoetan ere eman izan ditu sei urte. Irailetik aurera, Santurtziko bost parrokietako moderatzaile da.

Zer zenkian Santurtzi eta parrokiari buruz?



Ezker Aldean ibili izan naz eta ezagutzen neban zerbait. Santurtzi herri bizia da, alkarte ugari dago bertan eta kalean bizitasuna, mugimendua somatzen da. Danak jaisten dira plazara, hau eta bestea egiteko, eta honek eragina dau Gorka Deuna parrokian; hemen zerbitzu erlijioso asko eskeintzen da eta partehartzea nabarmenda da eta alde haundia dago gainerako herriekin, egiten ziran gauza guztiei aurre egin ezinik, murrizketa batzuk egin beharra izan dogun arren. Eguerdiko 12etan berrehun pertsona batzen dira, 7,30etan ehunetik gora zenbatu nebazan aldaretik eta Santurtziko hainbat lekutakoak dira. Gorka Deunaren erakargarritasuna haundia da.



Zer dala-ta murrizketea?



Urte beteren buruan, 5 parrokiatarako 7 abade izatetik 4 abade izatera pasatu garalako. Ezinezkoa da erritmo eta ordutegi bardinei eustea. Ez dago baliabide nahiko lehengo egoereari aurre egiteko. Beste bide batzuetatik jo beharko dogu, laikoak konprometituz, abaderik bako berbearen ospakizunak eginez.



Moderatzen dozuzan bost parrokiak auzo desbardinetan kokatuta dagoz. Ze alde dago euren artean?



Jentearen partehartzea. Denpora gitxi dodala kontuan hartuta. Gorka Deuna parrokiak laguntzaile asko eta onak ditu. Ezuste haundia izan dot. Gorka Deuna eta Mamariga muturretan dagoz. Lehenengoa zahar eta kontserbadoreagoa da. Bigarrena laizistagoa eta ezker abertzalea hedatuago dago. Eta gainerakoak bestelako errealitateak dira.



Errealitate ekonomikoa ere desbardina da. Ikusten da hori?



Parrokia onbideratuta dago eta bere beharrizanei aurre egiteko moduan. Jenteak dezente laguntzen dau. Beharbada hobeto antolatu daiteke, diru-laguntza eta sobreekin, baina itsulapiko bik dabe indarra: Caritas eta San Antonio, galdutako auzien santua eta herritarren artean erakargarritasun haundia dauana. Honen inguruko ikerketaren bat egin beharko dogu.


Eta herrian, egoera desbardina dogu Ezkerraldeagaz eta aurreko urteekin alderatuz. Lana behin-behinekoa da gazteen artean... baina egoerea egonkorragoa da. Nire ustez dirua dago, dirua mugitzen da. Baina datu zehatzez berretsi beharko geunke hori.



Orain dala urte batzuk arazoak egon ziran katekesiko umeekin. Konpondu dira?



“Overbooking” egon zan. Ez egoan ez katekisa ez lokal nahiko eta azkenean katekistek eurek telefonoz deitu behar izan eben, etxerik etxe joan; iskanbila gogorrak izan ziran eta gaur ere egongo litzatekez, jakinaren gainean egon ezik. Bakoitzak bere gauzak bere parrokian egiteko esan deutsagu jenteari eta orain darte ez dogu arazorik izan. Gorka Deunaren erakargarritasuna soziologiaren eragina da, ez planteamendu erlijiosoena. Erdialdean dago, zainduta dago, organoa dau eta orain 3 urte 18 miloe inbertitu ziran erabarritze lanetan.



Zelakoa izan da harrerea eta zer egiten dozu parrokian ez zagozanean?



Harrera ona izan dot, batez ere parrokiako ekintzaileenen eta eliztarren artean. Oraingoz ez dot arazorik izan meza-murrizketearen kontuaz.


Aurten Karmengo Amabirjinaren prozesinora konbidatu izan nabe eta, anbiguotasunak anbiguotasun, herri erlijiotasunaren adierazpen lez, ikarragarria izan zan batu zan jentetza eta erakusten eben debozinoa. Hemengo jenteak aparteko debozinoa deutso Karmengo Amabirjineari, gehiago Mamarigan, marinel-ingurua izan dalako –sardina-saltzaileak hangoak dira-. Gurasoen tradizinoa da eta kultura loturea dago.


Orain arte, denpora asko emon dot lekualdatzen eta parrokiak antolatzen. Baina eguerdian lehengo parrokoaren koadrila zanagaz buelta bat emoten dot eta hiru zurito hartzen dodaz eta arratsaldez ere Mendizabal Kapitaina kalean zehar ibilten gara. Jentea ezagutu gura dot.



Zergaitik joan zinan Ekuadorrera?



Misiolari bi bueltatu ziran eta Juango Elezcano eta biok beste barik eskeini genduan geure burua hara joateko. Zera pentsatzen genduan: bardin zala han zein hemen egotea. Vinces kantoiko misiolari taldean sartu ginan. Txirotasunak markatutako esperientzia izan zan, sekula abaderik sartu bako baserritarren ingurua zalako. Kristinauak ziran, baina ez eben ezelango arretarik jasotzen, erdialdetik urrun egozan lekuak ziralako. 1986an bueltatu nintzan gurasoak –seme bakarra naz- gaixorik egozalako. Handik gitxira hil ziran eta hemen geratu nintzan.



Bueltan, izan zenduan arazorik moldatzeko?



Hasieran ez da erraza moldatzea, Elizearen hemengo antolaketea guztiz desbardina dalako. Han hurkoagoa da, ez hain programatua. Errealitate desbardina da, baina egoera desbardinetara moldatzea dagokigu abadeoi. Laster moldatzen zara, errezagoa dalako gauza onetara moldatzea.


Txomin Perales