Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Tutoretzapeko etorkinen harrera Arratiako Caritasen euren gizarteratzea errazteko

|   Komunikazinoa

Aisialdiko taldeek, San Antonio parrokiak eta EDE fundazinoak osatzen daben Etxebarriko Harribide fundazinoak aspalditik egiten diharduan lez, Arratiako Caritasek be harrera egingo deutse tutoretzapeko etorkinei. Arratiaren kasuan, egitasmo hasierako aldian dago, orain dala pare bat hilebete jarri eben-eta martxan, fraile sakramentinoek Areatzan daben etxean, Lahcen Bendaoud eta Khalid Oulghazi gazte marokoarrakaz. Gazteoi laguntza emoten deutsie euren gizarteratzea eta burujabetza errazteko.

Arratiako Caritasek martxan jarritako ekimen hau sustraitzea da helburua, jarraipena emon eta gazte gehiago hartu ahal izateko. Arduradunen esanetan, “gazte bigaz hasi gara, gerora, dogun azpiegitura aprobetxatuz, gehiago ekarteko asmoagaz”. Eta hartu dabezan gazte bioi dagokienez, “Lahcen eta Khalid oso arduratsuak dira eta asko laguntzen dabe; poz-pozik gagoz eurakaz”. Areatzako etxean dagozan gazte biok fraile bat dabe bizilagun eta astero jasoten dabe euren kasuaz arduratzen dan gizarte hezitzailearen bisita. Aisialdian, kirola egitea dabe gustuko eta eurakaz pisu berean bizi izan diran lagunakaz be egoten dira. Gehiago jakiteko: hemen.

Lahcen Bendaoud eta Khalid Oulghazi gazte marokoarrak