Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Izeta gotzaina: “Eskatu deiogun San Antoniori gure bihotza zabaldu eta harreragile izateko”

|   Komunikazinoa

“Gitxienez ez dau euririk egiten” inoen gaur Urkiolara San Antonio eguna ospatzera hurreratu diranek. Santutegia jentez lepo izan da goizez ospatu diran lau Eukaristietan. Eguerdiko hamabietakoan buru izan dan gotzainak, homilian, “ate joka doguzan” persona guzti horreei harrera egin deiegula eskatu dau, “duintasunez bizitzen lagundu deiegun”.

On Bittor Garaigordobil eta Joseba Legarza gogoan izan dabez gaur Urkiolan, bai Peñagarikano eta Mendiluze bertsolariek meza naguzian, bai Roberto Unzueta abadeak goizeko 10:00etan ospatu dauan mezan eta bai misiolarien etxean arduradun dan Felix Moreno laikoak be. Azken honen esanetan, “gaur salmahai bakotxean, txoko guztietan” dagoz, euren fedea gizon eta emakume guztiakaz konpartituz eta ospatuz hain atsegina eta gozagarria eben egun honetan.

Gotzainak bere homilian, hainbeste lagunek herrialde txiroetan eta gerran dagozan herrialdeetan “bizi daben egoera gatxaren ingurukoak heldu jakuz”. Gotzainaren esanetan, “ate joka doguz, duintasunez bizitzen lagundu deiegun”. Hori dala-eta, Eleiza beti dala “maitasun-etxea, etxe harreragilea”, ateak beti dituala zabalik eta “prest dagola behar daben guztiei laguntzeko”.

Jaiak arratsaldean jarraituko dau

Jente asko eta asko goizez hurreratu bada be parke naturalera, baserriko produktuen azoka eta abereen erakusketa zabalik izango da arratsaldez be eta 18:00etan Eukaristia ospatuko da.

Zapatuz, Arratiako auzotarrek ohiko errogatiba egingo dabe santutegiraino eta, domekaz, ekainak 17, jaiaren errepikapena izango da eta, aurreko urteetako ohiturari eutsiz, makina bat lagun hurreratuko da santua gurtzera.