Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Seminarioak Begoñan hasiko dau bihar pastoral ekiturtea

created by Goizeko 11:00etan |
|   Komunikazinoa

Ezohiko kurtso amaiera bizi izan genduan, programatutako jarduera asko eta asko bertan behera itzi edo desbardin bizi izan ziralarik, eta orain zalantzaz beteta ekin behar deutsagu kurtso barriari, unean-unean indarrean dagozan osasun arau guztiak kontuan hartuz eta betez ibili beharko dogularik. Seminarioak bihar emongo deutso hasiera kurtsoari eta Aitor Uribelarrea errektorearen esanetan, “ohikoa baino ekitaldi soilagoa egitea pentsatu dogu”. Errektoreak azaldu dauanez, “Eukaristia ospatuko dogu Begoñako Basilikan, COVID-19aren eraginez ezinbesteko diran segurtasun-neurriak bete eta ahalik eta jente gehienari parte hartzeko aukera emonez, aurreko urteetan egin izan doguzan batzar eta aurkezpenak bertan behera itziz”. Eukaristia zuzenean emongo da esteka honetan.

Hezitzaileen taldeak, abadegaiek eta seminarioagaz hartu-emon estuagoa dauan hainbat abadek eta On Mario Izeta eleizbarrutiko gotzainak abuztuaren 31tik irailaren 4ra “Kurutzearen arrastoaren atzetik” erromesaldia eginez ekin baeutsen be kurtsoari, bihar emongo deutse hasiera ofiziala Begoñako Basilikan, On Mario Izeta gotzaina buru dala, goizeko hamaiketan egingo dan ospakizunean. Leku hau aukeratu dabe, hain zuzen be, Seminarioko kaperan baino leku gehiago dagoalako jente-kopurua zabalagoa izan daiten.

Errektoreak adierazo dauanez, kurtso honetan lagun barriek biziko dabe bokazino egoitzako esperientzia eta hor “gertu-gertutik bereizketa egin eta seminariora sartzeko aukera hausnartuko dabe”. Orain arte lez, hainbat ekimen eskainiko dabe eleizbarrutian. Uribelarrearen esanetan, “unean-unean ikusi beharko dogu ze aukera dogun eta zelan jokatu, ez geunke-eta Seminarioaren eta eleizbarrutiko hainbat talde eta pertsonakaz egin doguzan lokarriak, eta horretarako badakigu segurtasun-neurriak kontu handiz bete beharko doguzana”.