Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Seiehun lagun inguruk emon dau izena Amatxuren eguneko mezetarako

|   Komunikazinoa

Aurton, urriaren 11ko ospakizuna –eta beste hainbeste ospakizun-, desbardina izango da. Goizeko zortzietatik aurrera ospatuko diran eguneko mezaren batean parte hartu gura daben fededunek lekua hartu behar dabe parrokiara deituz. Bihar arratsaldez amaituko da izena emoteko epea. Leku gitxi batzuk dagoz Burgoseko artzapezpiku izendatu barri daben On Mario Izeta gotzaina buru dala eguerdiko hamabietan ospatuko dan Meza Nagusirako. Basilikara bertara joaterik ez dabenek, Eukaristia guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dabez web orrialde honetatik, Gotzaitegiaren eta Euskaltelen arteko lankidetzari esker. Telebilbaok be eguerdiko Meza Nagusia zuzenean emongo dau bere kanalean eta eleizbarrutiko irratiek Eukaristia bi emongo dabez: Bizkaia Irratiak goizeko 10:00etan, euskeraz, eta Herri Irratiak, eguerdiko 12:00etakoa, OMtik.

Bilboko Gotzaitegiak, Euskaltelen aholkularitza teknologikoari esker, zuzenean emongo ditu datorren domekaz, urriak 11, Begoñako Andra Mari Bizkaiko Zaindariaren egunez, Begoñako basilikan ospatuko diran eleizkizun nagusiak. Horri esker, Bilbon eta Bizkaian ospe handia dauan eguneko ospakizunak zuzenean jarraitu ahal izango dira etxetik.

Aurton, COVID-19ak baldintzatuko ditu ospakizunak eta, horregaitik, basilikara jente-kopuru mugatuak sartu ahal izango dau eta aurretik gorde behar izango da lekua edozein ospakizunetan parte hartzeko. Ordu honeetan ospatuko dira mezak: 8:00etan, 10:00etan, 12:00etan (On Mario Izeta gotzaina buru dala), 13:00ean, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan (On Joseba Segura gotzain laguntzailea buru dala). Bezperan –zapatua, urriak 10-, Eukaristia arratsaldeko zazpietan ospatuko da, On Mario Izeta gotzaina buru dala.

Hamar urte Bilboko gotzain izendatu ebela

COVID-19 pandemiak eragindako osasun-krisiak gure artean guztiz sustraituta dagozan ohitura eta usadioak hankaz gora jarten dihardu. Eta hau are eta gehiago nabarmentzen da, esate baterako, Begoñako Andra Mariaren egunean. Horregaitik, basilikara bertara joaterik ez dabenei, Bilboko Eleizbarrutiak eleizkizuneak etxetik zuzenean jarraitzeko aukera emoten deutse. Hain zuzen be, datorren domekaz, urriak 11, hamar urte beteko dira On Mario Izeta Bilboko gotzain izendatu ebenetik eta bera izango da buru eguerdiko 12:00etan basilikan ospatuko dan Meza Nagusian. Amatxuren egunez Bilboko gotzain lez ospatuko dauan azken Eukaristia izango da, datorren abenduaren 5etik aurrera Burgoseko artzapezpiku izango dalako. Fededun askok zuzenean jarraituko dau ospakizuna teknologiari, eta hain zuzen be, adimen artifizialari esker, egundoko laguntza bihurtu da-eta ospakizunak etxeetara eroateko, eleizetan jente-kopuru mugatua -%75- sartu daiteken honetan.