Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

San Inazio eguna, Bizkaian

created by Gotzaina buru dala ospatuko da Eukaristia 12:00etan Santiago katedralean |
|   Komunikazinoa

Uztailaren amaierara iristeaz batera, martxo aldera gure bizitzak hankaz gora jarri ebazan Covid-19aren eraginez guztiz desbardina eta berezia izan dan kurtsoaren amaiera helduko da askorentzat. Uztaiaren azken egunez, Loiolako San Inazio Bizkaiko zaindariaren eguna ospatuko dogu. Makina bat herri eta auzotan ospatzen dabe San Inazio zaindariaren eguna, baina aurton jarduera gehienak bertan behera geratu dira leku guztietan eta ekitaldi gitxi izango da bazterretan. Gotzaina buru izango da gaur eguerdiz santuaren omenez Santiago katedralean ospatuko dan Meza Nagusian, musika-kaperak girotuko daualarik eleizkizuna. Beste alde batetik, Bilboko San Inazio parrokian -izen bereko auzoan dagoana- Eukaristia bi ospatuko dira gaur, goizeko bederatziak eta erdietan eta eguerdiko hamabiak eta erdietan.

Loiolako San Inazio eta Berriotxoako San Balendin dira Bizkaiko zaindariak eta San Inazio, aldi berean, Gipuzkoako zaindari be bada. San Inazio Loiolan jaio zan 1491ean eta Pio XII.ak 1949.eko azaroaren 2ko “Quo commodius” Eleizbarrutiaren sorrerarako Buldan izendatu eban Bilboko Eleizbarrutiko Zaindari. Ordurako Bizkaiko jaurerriko zaindari zan Gernikako Batzar Nagusiek 1680an aukeratuta eta Inozentzio XI.ak 1682an berretsita. Beste alde batetik, Berriotxoako San Balendin Eleizbarrutiko bigarren zaindaria Elorrion jaio zan 1827an. Fraile domingotarra izan zan, misiolari eta gotzain Indotxinan. Martiri hil zan Tonkinen 1851ean. 1988.eko ekainaren 10an altarara igo zan, 1989.eko abuztuaren 18an Bizkaiko bigarren zaindari izendatu eben eta uztailaren 4an ospatzen da bere eguna.