Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

San Balendin egun berezia Zeanurin

created by Domekan egingo dabe artearen neurketa |
|   Komunikazinoa

San Balendin egunaren osteko lehenengo domekan ohikoa danez, santu honen eguna ospatuko dabe Zeanuriko Elizondo auzoan. Goizeko 11:30etan emongo deutse hasiera egitarauari Pietatearen Amaren ermitatik 50 metro ingurura dagoan Andra Mari parrokian ospatuko dan mezagaz. Aitatutako ermitara eroango dabe San Balendinen irudia eta, ondoren, parean dagoan artea neurtuko dabe.

Pietatearen Amaren ermitan egoten da urtean zehar San Balendinen irudia, 2017an Eleiz Museoan zaharbarritu ebena. Ermita, Elizondoko monumentu-bildumaren barruan dago, honeek osatzen dabelarik: XVIII. gizaldiaren lehenengo erdian eraikitako Andra Mari parrokia; eleizpea errege-bide zaharrak zeharkatzen eban guruz-toki ermita eta Gorbeiako kurutzearen mendeurrenean Nestor Basterretxeak egin eban oroitzapenezko kurutzea.

Igaz, Eleiz Museoan San Balendinen irudia zaharbarritu eben. Irudia XVIII. bigarren erdikoa da itxura batean eta sasoi horretako ereduei jarraituz konpondu zan eskultura.

Artearen neurketa

1959raino atzera egin behar da ohitura honen hasieraren barri izateko. Harrezkero, urtez urte, San Balendin egunean bertan edo jaia ospatzen dan egunean errepikatzen da. Aurtengo maiordomoak –Ainara Ipiñazar- akten liburua eta ermitako giltzak aurtengo maiordomoaren –Julen Llanos- esku itziko ditu.

Pietatearen Amaren ermitaren parean dagoan arteak, aurretik leku berean egoana ordezkatu eban. 1958an landatu zan. Antolatzaileek adierazo dabenez, makina bat urtez, “jai giroan, artea neurtzen zan, zenbat hazi zan ikusteko”. Domekan, neurketa egingo dabe beste urte batez.

Irudia prozesinoan