Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

San Antolin eguna Alonsotegin

|   Komunikazinoa

San Antolin eguna dala-eta, gaur –irailak 2, eguaztena- Meza Nagusia ospatuko da arratsaldeko zazpietan, Irauregin (Alonsotegi). Honen ostean, 19:45 inguruan, aurretik eleizkizunean parte hartuko dauan Bilboko Katedraleko musika-kaperak (abesbatza eta ganbara-orkestra) kontzertua eskainiko dau. Aurton, ezohiko eran eta osasun-segurtasunerako arauak betetze aldera, San Bartolome parrokian ospatuko da Meza, San Antolin eleizan jente gitxi (18 lagun) sartzen dalako eta eraikinak ez dituelako baldintzak beteten aireztatze eta lekuari dagokionez.

Antolatzaileen esanetan, San Bartolome parrokia handia da, 107 lagun sartu daitekez bertan (danak maskaragaz) eta indarrean dagozan osasun-baldintzak beteteko aukera emoten dau.

San Antolin ermita

XV. gizaldiaren amaieran eraiki zan. XIX. gizaldiaren amaieran, ermita erortzeko zorian egoan. Sabina Larreak jarri eban dirua ermita konpontzeko 1906an. Jatorrizko erretaula dauan Bizkaiko ermita bakarra da. Estilo erromanista edo errenazentistako XVI. gizaldiko erretaula da. San Antolinen eskultura, zur polikromatuan egindako XVII. gizaldiko artelana, Gordexolatik ekarri eben. Goikolegeatik eroandakoa da beste santu baten eskultura (Jobena dala emoten dau, baina San Rokena izan daiteke), XVI. gizaldikoa. Erretaularen bankuak (beheko aldea) panel bi ditu zizelkatuta eta bertan agertzen dira ermitaren zaindari edo sortzaileak: eskuman, Anton Perez de Coscojales eta ezkerrean, Elvira Jimenez de la Renteria. Biek ala biek sasoiko jantziak dabez. Zutabeak, joniar estilokoak dira. 1996an, erretaula hau erabat hondatuta egoan eta, ondorioz, zaharbarritu egin zan eta 1997ko abenduan amaitu ebezan lanak.

Meza Nagusia San Bartolome parrokian ospatuko da