Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Pilareko Amaren eguna Villaverde bailarako parrokia konpondu barrian

created by On Mario Izeta izango da buru 12:00etako Eukaristian |
|   Komunikazinoa

Enkarterrietan, lurraldearen bihotzean, Villaverde bailara dago. Kantabriako autonomia erkidegoko lurraldea da, udalerri bizkaitarrez inguratuta badago be: Artzentales, Karrantza eta Trucios-Turtziotz. Hori dala-eta, pastoral ikuspegitik egokiagoa dalako, bailara hau Bilboko eleizbarrutiaren barruan dago. Bailararen bihotzean dago Matanza auzoa eta hemen Pilareko Andra Mariari eskainitako eleiza eraiki zan 1930ean. Eleizan egin dabezan konponketen ostean, datorren astelehenez, Pilareko Ama Birjinaren jai liturgikoan, eleiztarrek Eukaristia ospatuko dabe, On Mario Izeta gotzaina buru dala, ordu batetan.

Gerra zibilean, eleiza txikituta itzi eta dana lapurtu eben. Gerraren amaieran ekin eutsen berreraikuntzari lekuko auzotar guztien laguntzari esker. 1945.eko irailaren 16an barriro zabaldu eben urte luzetako auzolanaren emaitza lez.

Parrokiatik kontatzen dabenez, “gerraren ostean eleiza barriro zabaldu eta 75 urte igarota, lan barriak egin behar izan dabez zaharbarritzeko eta atontzeko”. Kasu honetan be, “beste behin be”, Villaverdeko auzotarren ahaleginari esker izan da, “gotzaitegiaren lankidetzagaz” eleiza konpondu eta barriro zabaldu dabelako.

Parrokiako kideen esanetan, “ezinbestekoa zan teilatua konpontzea, ganga eta hormetan hutsune batzuk estaltzea eta eraikina barriro margotzea”. Parrokiak laguntza eskatu eutsan gotizategiari eta “etxez etxe dirua batzeko kanpainari ekin geuntsan”. Miguel Vera parrokoak autortzen dauanez, “erantzuna, eskuzabala izan da beste behin be”. Holan, auzotarren emondako diruari eta denporeari esker, teilatua konpondu, ganga eta hormak margotu eta eleiza atondu da.

Pilareko Ama Birjinaren eguna

Une honetan, azken prestaketak egiten dihardue datorren asteleheneko –urriak 12- jairako. Parrokoaren esanetan, “poz-pozik gagoz, egun horretan gure artean izango da-eta On Mario, aspaldi emon euskulako egun hori gugaz igaroteko berbea. Astelehenean, geure esker ona eta maitasuna erakutsiko deutsguz eta ahal dogun guztiok (osasun-arauak betez) gure herriarentzat hain garrantzitsua dan eguna ospatuko dogu”.

Jairako azken prestaketak egiten